Adimen Artifiziala ikasketarako erabiltzearen ondorioak

  • DBH, Batxiler eta goi mailako ikasleek erabiltzen al dute Adimen Artifiziala? Zertarako? Zein ondorio du ariketak AArengan delegatzeak edota makina tutore eta solaskide gisa erabiltzeak? Jokoz kanpo al daude irakasleak? Nola eta nondik egin aurre hezkuntzan fenomeno berri honi? Galdera batetik bestera egin dute salto mahaiaren bueltan elkartu ditugun hiru irakasleek: Miren Berasategi Zeberio, Itziar Kerexeta Brazal eta Iñigo Martinez Peña. Ikasteak behar dituen prozesuez eta dinamika horretan AA sartzeak eragiten dituen kalteez mintzatu zaizkigu, baita erabakimena eta pentsatzea bera delegatzeko joerak ekar dezakeenaz ere. Panorama berrian irakasleek izan behar duten rolaz gogoetatu dute, hezkuntza sistemaren etorkizunaz. Eta aurreikuspen katastrofisten gainetik, etorkizuna egunez egun eraikitzeko gakoak eman dizkigute. Hona spoiler txiki bat: ez dugu formula magikorik behar. “Irakurri, azpimarratu, eskuz idatzi, gorputza jartzeko moduari erreparatu. Ez goaz ezer asmatzera”.

Ezker-eskuin: Iñigo Martinez, Itziar Kerexeta eta Miren Berasategi. Argazkia: Eider Iturriaga
Ezker-eskuin: Iñigo Martinez, Itziar Kerexeta eta Miren Berasategi. Argazkia: Eider Iturriaga
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Has gaitezen diagnostikoarekin: DBH, Batxiler eta unibertsitate bueltako ikasleek erabiltzen al dute AA ikasketetarako? Zehazki zertan? Nolako tresnatzat dute?

Miren Berasategi: Deustuko Unibertsitatean ikasleei AAren inguruan hastapeneko ikastaroa eskaintzen zaie, eta bertan pasatzen zaien galdetegiaren arabera, 2025ean parte hartu zuten 433 ikasleetatik %90ak AA tresnaren bat erabiltzen du ikasketa prozesurako. %80ak erabiltzen du sarritan (astero edo egunero), nabarmenki gehienbat chatbotak, eta erabilera nagusiak dira informazioa bilatu eta ikertzeko, testuak laburtzeko, ideiak sortzeko eta testuak sortzeko. Erabilera horien artean, batzuk besteak baino problematikoagoak direla esango nuke.

Nolako tresnatzat duten? %86ak uste du errendimendu akademikoa hobetzen laguntzen diola eta %50ak uste du asko laguntzen diola horretan. Denbora aurrezteko balio diela ere aipatzen dute. Tresna hauekiko eta beren emaitzekiko konfiantza nahiko irmoa daukate, eta hala adierazten dute. Baina interesgarria da ikustea konfiantza hori jaitsi egiten dela ematen dugun ikastaroaren ondoren; badirudi formakuntzan edo AA ulertzeko sakontzen den neurrian hasieratik dakarten konfiantza maila baretzen edo orekatzen dela. Berdin gertatzen da galdetzen diegunean ea irakaskuntzan AA txertatu beharko al litzatekeen tresna osagarri bezala: formakuntzaren aurretik %66ak dio baietz eta ondoren %55ak. Arriskuen artean adierazten duten kezka nabarmenena da menpekotasun teknologikoa, eta aitortzen dute oro har plataforma eta tresna digitalekiko menpekotasuna badakartela eta AAk hori areagotzeko arriskua duela.

Itziar Kerexeta: Guk EHUn egindako ikerketaren arabera datuak antzekoak dira: ikasleen gehiengoak erabiltzen du eta konfiantza handia dute AArengan, oso eraginkorra dela eta errendimendu akademikoan laguntzen diela sinetsita. Baita ere galdetu genien etikoki zelan ikusten zuten eta zintzotasun akademikoaren inguruan hitz egiten zuten (zer da gezurra eta zer ez, zer da kopiatzea, zer plagioa…), eta gero eta gehiago ikusten ari gara ikasle batzuk AAn konfiantza galtzen ari direla eta AAk duen eraginaz konturatzen ari direla. Niretzat interesgarriena hori da: diagnostikotik harago, ikasleek eurek gogoetatzea “zer da, zertarako, zer dago atzean” horretaz guztiaz. Ikasleetako batzuk jabetzen dira menpekotasunaz, AAren atzean dauden enpresez eta kalte ekologikoaz. Azken finean, “adimena” diogu baina ez da adimena, eta sistema hauek hizkuntzetan daude oinarrituta, ez ezagutzan; badira horretaz ohartzen ari diren ikasleak.

Iñigo Martinez: DBH eta Batxilerren ere erabiltzen dutela argi dago eta esango nuke inertziaz, Internetekin gertatu zen moduan: hau ere sartu da eta mundu guztiak erabiltzen du, dagoeneko gure gailuetan txertatuta agertzen den heinean. Erabiltzen da informazioa bilatzeko, entretenitzeko… baita psikologo moduan ere (norbere bizitzaz eta kontu emozionalez galdetzeko), eta hori bada kontuan izatekoa; zein punturaino galdu dugu helduok solaskide izateko gaitasuna? Bestalde, aipatu duzue errendimendua hobetzea eta denbora aurreztea direla AA erabiltzeko arrazoietako bi, eta kuriosoa da, errendimendu handiagoak eta denbora aurrezteak ez dutelako zertan ikasketa bermatzen.

I. Martinez: "AA erabiltzen da norbere bizitzaz galdetzeko. Kontua da aztertzea nola izan gaitezkeen hurrengo belaunaldien solaskide, haien jakin-min eta kezkekin lagundu ahal izateko"

Zein ondorio dakartzate AAren erabilera horiek?

I. Martinez: Konpetentzia digitala lantzeko, ertz guztiak aintzat hartu behar dira: ekonomikoa (zein enpresa dauden atzean), ekologikoa, soziologikoa (harremanak egiteko moduei nola eragiten dien), psikologikoa (menpekotasuna, berehalakotasunerako joera) eta pedagogikoa. Azken horri tiraka, gure buruari galdetu beharko genioke: hobetzen ditu gaitasun pedagogikoak? Bada, Altxa Buruak argitaraturiko Reset txostenak batez ere lau gaitasunen galera nabarmentzen zuen: arreta, memoria, frustrazioarekiko tolerantzia eta lexiko maila.

M. Berasategi: Ondorio ageriko bat da ikasteko trebetasuna garatzeko gaitasunaren galera. PISAko sortzaileari irakurri nion badakigula giharrak ez direla indartzen telebistan kirola ikusita, baina AArekin irakasleok gabiltza esaten “nik AA erabiltzen dut ikasgelan ariketak egiteko, baina gero kritikoki baloratzen ditugu erantzunak eta emaitzak, eta horrela lantzen dugu ikuspegi kritikoa”. Ados, kritikotasun hori, izatekotan, izango da gaitasun digital horren ataletako bat, baina bitarte horretan, AAk ematen dizkizun erantzun horiei begira ez da garatzen gaitasun kognitiboa, eta hortaz, gaitasun kognitiboa garatzeko aukerak galtzen dira AA erabiltzen den unean.

Aurtengo abuztuko ikerketa batean, esperimentu baten bitartez lortutako ebidentzia kausalak aipatzen dira, eta dio AAk sortzen duela ikasten irauteko, ahalegin kognitibo horretan irauteko gaitasunaren galera. Badio ere AA erabilita epe labur eta ertainean errendimendua –itxurazko errendimendua– areagotzen den arren, etxerako lanak AArekin eginda kalifikazio hobeak lortuko dituztelako, AAren laguntza desagertzen denean emaitza askoz okerragoak dituztela, lan horiek AArik gabe errendimendu baxuagoarekin eta denbora gehiago eskainiz egiten joan direnek baino. Azken finean, iraunkortasun hori ezinbestekoa da ikasketa prozesurako, zeren ikasketa prozesuak ez dira beti errazak, erosoak, entretenigarriak eta motibagarriak –hezkuntzan dugun beste debate bat da hori–, eta kirolean bezalatsu, esfortzu gutxiago eginez giharrak atrofiatzen doaz. Are, eragina metatu egiten da, epe luzerako ikasketetan behar den motibazio eta iraunkortasun hori galtzen doan neurrian, eta momentu batean horri buelta ematea ezinezko bihurtzen da. Gainera, gurpil zoroa dakar AAk: etxerako lanak azkar batean egiteko erabiltzen dudanean, lan horrek eman beharko lidakeen denboraren pertzepzioa aldatu egiten da, eskakizun gero eta txikiagoarentzat esfortzu sentsazio handiagoa eragiten du, eta hortaz, lehenago ematen dugu amore. PISAko datuek diote: 2018tik bikoiztu egin da emaitzak azkarrago baina gero eta okerrago ematen duten ikasleen kopurua. Hori ez du AAk ekarri –ikasketa prozesuen gamifikazioaz ere hitz egin dezakegu–, baina areagotu bai.

Iñigo, zuk aipatu duzu AAri hezkuntzako eta orokorrean bizitzako elkarrekintza eta erabakiak delegatzearen arriskua, solaskidea bailitzan. Ez dut uste denik soilik helduok solaskide gaitasun hori galdu dugulako; helduok eta lagunok kontra egiten dugu, eta askok nahiago du beti arrazoia emango dion chatbotarekin aritu. Galtzen ari gara eztabaidatzeko, iritziak kontrajartzeko, adostasunak bilatzeko gaitasuna, eta oso larria da, horrek gizartean eragiten duen polarizazioa, demokraziaren kalitatean duen eragina eta teknofaxismorako bidea ikusten ari garelako.

I. Kerexeta: Hain justu, AAk psikofantzia du ardatz, alegia norbaiti txalo egitea eta beti arrazoia ematea, atsegin izateko eta haren onespena lortzeko. Eta badago ikerketa bat azaltzen duena psikofantzia planteatu den arren AAren akats moduan, benetan ez dela akatsa eta bilatua izan dela.

AA jaioberria da eta ikasketa prozesuetan eta arretan zein eragin izango duen imajinatu dezakegu, baina benetan ez dakigu, epe luzeko ikerketak falta direlako. Orain arteko ikerketek zer dioten? Batzuek aipatzen dute gakoa dela AA nola erabiltzen duzun, eta horren arabera baliagarria izango dela edo ez ikasketarako. Adibidez, erantzunak lortzeko beharrean AA tutore moduan erabiliz gero, lagungarria izan daitekeela ikasketarako. Ikerketa batek ere badio gero eta ezagutza maila txikiagoa izan, orduan eta gehiago erabiltzen dugula AA sortzailea eta konfiantza handiago dugula harengan. Ez dugu pentsatu nahi eta momentuko probak gainditu nahi ditugu. Goi mailako ikasleengan gertatzen da: unibertsitatera doaz eta ahalik eta gutxien eginda etekin ahalik eta handiena ateratzea dute helburu. Joera hori ez da berria, gure belaunaldikook ere hori nahi genuen, garaiko baliabideekin.

M. Berasategi: "Disertazio filosofiko baten balorazioa egiten bada errubrika objektibo baten bitartez, errubrika horri erantzungo dion disertazio filosofikoa egingo dut, ez niri pentsatzea aterako litzaidakeena. Eta hortik ere badator norbere burua gutxiestea, zeregin horretarako ni baino hobea izango delako algoritmoa"

Joera horiengatik ulertu daiteke hein handi batean AAren kontsumoa, ziurrenik gizartean ahaleginari, kalifikazioari, lehiari… ematen diegun lekuak hauspotuta. Baina AA ez al da joera horiek elikatzeko tresna bereziki ahaltsua, aurretik genituen baliabideekin alderatuta?

M. Berasategi: Bai, AAk duen indarrak erantzuten dio gaur egun gizartean txertatu den berehalakotasun eta erosotasun joerari, baina hezkuntzatik horri kontra egin beharko genioke. Gauzak erraztu beharrean, aurkezpenak laburtu beharrean eta testuak 400 hitzetik behera utzi beharrean, ahalegin kognitibo horretan trebatu beharko genituzke ikasleak, ahalegin gero eta gutxiago eska dakien ahalegin gero eta handiagoa behar duten atazak ebaztea. Zeren aurrean dugun errealitatea oso konplexua da, gero eta konplexuagoa, eta gaitasun hori lantzen ez badugu, ez dut uste gizarte gisa etorkizun argiegirik dugunik.

I. Kerexeta: Gainera, gailuek eurek AA instalatuta duten heinean, bilatzaileetan txertatuta duten heinean eta gailuak orokortuta dauden heinean, gizarteak jakina bultzatzen duela berau erabiltzera, kasik ezinezkoa da hortik ihes egitea, eta horregatik pentsatu behar dugu zer dagoen horren guztiaren atzean.

I. Martinez: Gizartean estimulazioa nola ulertzen dugun ere lotuta dago honi guztiari: askotan nahasten dugu dibertitzea estimulatuta egotearekin, abiadurarekin, bat-batekotasunarekin… baina estimulu emozional horiek ez dute zertan ulermenarekin loturarik izan. Estimulatuta mantentzeak hobeto gauden irudipena eman diezaguke, egungo espektakulu gizartearen ideologiari jarraiki, baina gertatu zaiguna, irakurri duguna… ulertzea beste zerbait da. Bestetik, kontsumoa aipatu duzu galderan eta hain justu hiritar gisa beharrean kontsumitzaile moduan gaude harrapatuta, AA batez ere negozio bat delako. Bai ikasleak bai gainerako guztiak bezero gisa gaude hor, gure datuak hartu eta horien arabera gure bizitza gidatzeko: nola jokatu behar dugun, zer erosi behar dugun… Erabakimena delegatzen ari gara eta hala dio Marina Garcések, adimen artifiziala dela adimen delegatua. Horrek asko kezkatzen nau, dirudielako AA gure zerbitzura dagoela, baina ez, gu gaude haren zerbitzura.

Ilustrazioa: Maialen Arana

Erabakimena delegatzeak kezkatzen zaitu. Zuzenean AArekin haziko diren gazteenen kasuan, frustratzeko eta erabakitzeko gai izango ez diren belaunaldiak heziko ditugu?

I. Martinez: Ez nuke ikuspegi oso katastrofista eman nahi, AArekiko ikuspegi liluragarria eman nahi ez dudan moduan. Kontua da aztertzea zer dagoen eta nola izan gaitezkeen hurrengo belaunaldien solaskide, haien kezka eta jakin-minari lagundu ahal izateko.

M. Berasategi: Horrek eskatuko digu gazteak konbentzitzea solasaren balioaz, erronka bihurtzen ari delako momentu hauetan. Nik ere ez dut katastrofista jarri nahi, ez dudalako uste etorkizuna apokaliptikoki datorkigunik, baizik eta egunero goazela etorkizuna eraikitzen, baina bai ikusten ari gara joera bat, gazte nahiz helduon artean, erabakimena gero eta gehiago delegatzeko, horrek ahalbidetzen digulako ahalegin kognitiboa murriztu eta gure burua etengabe estimulazio iraunkor horretan mantentzea. Erabakimena AArengan delegatzeak garamatza erabakimen algoritmikoak hobestera erabakimen deliberatiboen gainetik (pertsonalak nahiz kolektiboak), eta oso problematikoa da, algoritmoek arazo sakonak dituztela ikusten goazelako (alborapenak dituztelako eta abar). Aldi berean, ordea, ahalegin askoz txikiagoa eskatzen dute eta badute halako aura bat, algoritmiko-automatiko-teknologikoak diren heinean norberak egin dezakeen deliberazioa baino askoz objektiboagoa dela emaitza; eta objektiboa bada, hobea izango da. Horri buelta eman behar diogu, nahitaez.

I. Kerexeta: Erabakimena delegatzearen gaia interesgarria da. Ikerketa batean oinarrituta dagoen El algoritmo paternalista liburuan, ondorioa da bizitzan orokorrean hartzen ditugun erabaki nagusiak (zer ikasi, non bizi…) ez ditugula datu objektiboetan oinarrituta hartzen, baina gero gu geu egunero goaz AA erabiltzera, pentsatuz hark informazio gehiago duenez, guk baino hobeto erabakiko duela.

Beste puntu bat gehitu nahi dut hemen. Osasun mentalaren arloan, ikasleak oro har poztasun eta ilusio aldetik oso itzalita daudela nabaritzen da, triste daudela. Gazteak inplikazio aldetik desilusionatuta daude. Digitalizazioak eta sare sozialetan ematen duten denbora horrek guztiak, gailu aurrean geldi, lotura izan dezake horrekin.

I. Martinez: José Ramón Ubietok tristura digitalaz hitz egiten du, zergatik uzten duen mundu digitalak halako tristura efektua pertsona askorengan. Azken finean, erantzun automatiko itxiak jasotzearen aldean, galdera batek mugiarazten bazaitu, zure kabuz ikertu eta deskubritzen baduzu, zerbait ondorioztatu, horrek jakituria alaia sortzen du (hala deitzen zion Nietzschek), ikertzearen poza. Egin ariketa: gure kabuz zerbait ikasi dugunean, atzera begiratu eta ibilbide horren jabe egiten garenean, konturatzen gara efektu animikoa bestelakoa dela.

I. Kerexeta: "Bizitzan orokorrean hartzen ditugun erabaki nagusiak (zer ikasi, non bizi...) ez ditugu datu objektiboetan oinarrituta hartzen, baina gero egunero goaz AA erabiltzera, guk baino hobeto erabakiko duelakoan"

Erabakimena delegatzen ari garela zenioten… eta pentsatzea bera ere bai? Iñigo, zu Filosofia irakaslea zara eta arreta eman zidan kontatu zenidanean hainbat ikaslek AA erabiltzen dutela disertazio filosofikoak egiteko, hain justu pentsatzea eta gogoetatzea bultzatu nahi duen ariketa egiteko.

I. Martinez: USAP probak disertazio filosofikoa egitea eskatzen du eta disertazio horren ebaluazioa objektiboa izango delakoan, irizpide zehatzeko errubrikak ezartzen dituzte, baina horrek ekartzen du ikasleek AAri eskatzea idatzi ditzan aldeko bi argudio, kontrako beste bi eta ondorioak. Duela bi urte, zuzentzaileek aipatu zuten disertazio guztiak berdinak edo oso-oso antzekoak zirela, automatikoak, eta klasean ni neu ere konturatzen naiz, argudiaketa ahoz egiteko ikasleari eskatu eta dakarren gidoitik apur bat ateratzen badut, ez duela heldulekurik, akabo. Halako bertigo bat sortzen da, beldurra: ahots propioarekin erantzun behar dut?

M. Berasategi: AAk oso ongi arrazoitu dezake, irizpideak aplikatu eta ebatzi ditzake super optimizatuta, baina ezin du pentsatu, eta hori argi izatea inportantea da, baita ikasleek ere. Pentsatzea beste zerbait da, eta horregatik erabakitzen dugu bizitzera joatea erabat inteligentea ez den leku batera, ez dugulako algoritmo arrazional bat aplikatzen. AA ez da humanizatuko, ez ditu gizakiaren kontzientzia eta ezaugarriak bereganatuko, hori ez da gertatuko, kontua da gizakiak joan garela gure burua automatizatzen eta optimizatzen, gure izaera eta jokabideak ekarriz gizatasuna bereziki ondo moldatzen ez den esparru batera: irizpide objektiboak aplikatu eta horien arabera ebaztea. Disertazio filosofiko baten balorazioa egiten bada errubrika objektibo baten bitartez, errubrika horri erantzungo dion disertazio filosofikoa egingo dut, ez niri pentsatzea aterako litzaidakeena. Eta hortik ere badator norbere burua gutxiestea, zeregin horretarako ni baino hobea izango delako algoritmoa, baina algoritmoak ez du pentsatuko, arrazoitu egingo du. Alegia, ez dago deskubrimendurik, eduki beraren etengabeko berzirkulazioa baizik, ezer berririk ez, sormenik ez, ezer sortzailerik ez eta txinparta dakarren ezer ez.

I. Martinez: Hala da, protokolo baten bidez subjektibotasuna eta giza-kondizioa ezabatzen da, eta errubrika hori AAk objektiboki ebatziko du. Puntu batean, onartzea dakar badagoela agian kalkulaezina den zerbait.

Baina beharbada objektiboki kalkulatu, kalifikatu eta ebaluatu nahi du hezkuntza sistemak?

I. Martinez: Muturrera eraman da hori. Kalifikazioak gaur egun lauzpabost orrikoak dira, kosmetika ariketa handi bat, azkenean zenbaki batean bukatzen duena.

M. Berasategi: Gizarte postmoderno neoliberalaren ezaugarria da positibismo eta enpirismoaren balioeste erabatekoa: objektiboa eta zenbagarria ez dena, ez da existitzen. Zabalduta dagoen diskurtsoa da dena dela neurgarria. Eta ez da hala.

M. Berasategi: "AA ideal batek dituen ondorioak ere badira gaitasun kognitiboaren galera eta beste. Erabilera egokiaz hitz egitea iruzurra da, erabilera bera problematizatu behar dugulako"

Horri tiraka, zenbat dira “galduta” dauden irakasleak? “Deskontrolik” ba al da?

I. Martinez: AAren garaiotan zelan ebaluatu, egia da galduta daudela irakasleak, eta klaustroetako eztabaida izaten da. Zaindari digitalak izan behar dugula dirudi, kezka dagoelako, baina aldi berean gailu digitalak eman dizkiegu.

I. Kerexeta: Guztiz galduta daude, nik uste. Egunean egon behar dugula esaten da, baina nor dago egunean? Adituetan adituena ere ez. Urte askoan lan egin dut irakasleen prestakuntzan, eta konturatu naiz gaitasun digitala ikuspegi instrumentaletik garatu dela, eta markoak behar duela izan ikuspegi kritikoa, baina noraino heltzen gara kritikotasun horretan? AA sortzailea zer den eta atzean zein interes dauden eta nortzuk dauden zabaldu behar dugu irakasle eta ikasleen artean, gutxienez erabakiak askeago hartzeko. Ikuspegi instrumentala gailendu den neurrian, irakasle batzuen jarrera izan da “hori ez da nire kontua”, baina arduratik jokatu behar dugu, pentsatu behar dugu AAren erabilerari aurre nola egin.

M. Berasategi: Irakasleak daude orokorrean gizartea dagoen bezain galduta. Dena den, ikasleei egin genien galdetegian, galdetu genien ea ikasleek egiten duten AAren erabilera gainbegiratzen eta erregulatzen al den, eta %37k uste du baietz, arau garbiekin, eta beste %38k uste du baietz, baina ez gehiegi. Fokua ikasleetatik irakasleetara igarota, irakasleek egiten duten AAren erabileraz ere hitz egin genezake. Unibertsitate mailako ikasleei egindako inkestan oinarrituta CYD Fundazioak argitaraturiko azterketaren arabera, irakasleen erdiak baino zerbait gehiagok erabiltzen du AA klasean eta inkestaturiko ikasleen %31k uste du irakasle horiek AA darabiltela ez dutelako nahikoa ezagutzarik edo ez dutelako ongi transmititzen. Ziurrenik, irakasleak AA erabiltzen ari gara masiboki, ikasleak bezainbeste eta ikasleek bezain gaizki, azaleko ezagutza maila antzekoarekin. Eta esango nuke, baina ebidentziarik izan gabe, ikasleengan ikusi dugun moduan, irakasleen artean ere AArekiko hasierako konfiantza maila eta optimismoa baretzen dela behin formazioa jasota, eta pasatzen garela ikasketa plan osoak, errubriken diseinua, ariketak eta horien ebaluazioa AArekin egitetik beste leku batean kokatzera. Ikasleei exijitu nahi badiegu AAren aurrean arduraz eta neurriz jokatzea, guk hasi behar dugu eredu ematen eta gure buruari begiratu behar diogu. Besterik ez bada, ebaluatzeko AA baliatzea “arrisku handiko” erabileratzat izendatua duelako Europako legeak.

Ilustrazioa: Maialen Arana
I. Kerexeta: "Aurrez aurreko horretan dauden harremanak, intuizioa, gorputza, sortzen den konfiantza giroa, errespetua eta arauak tarteko, eztabaidarako txandak…  ezin dira digitalki egin"

Hartzen hasiak diren neurri batzuk: etxerako lanak ikastetxean egitea, gainbegiratuta; azterketak (eta etxerako lanen azalpenak) ahozkoak izatea; teknologia detektagailuak erabiltzea; eztabaida eta solasaldi gehiago bultzatzea ikasgelan… Miren, zuk aipatu duzun “ahalegin kognitibo” hori sustatzeko, zein da bidea?

M. Berasategi: Ez daukat erantzunik, ikerketetan eta ebidentzietan oinarritu beharko genuke bidea, baina baditugu hamarkadetan zehar ebidentzia kontrastatuak dituzten ikasketarako teknikak, kontua da gaur egun ez direla oso salgarriak. Eta funtsean dira irakurtzea (testu luzeagoak eta testu sakonagoak) eta idaztea (pentsatzetik idatzita, eskuz). Aldi berean, digitalizazioan orain arte egin den ibilbidea berrikusi behar da.

Horrez gain, ongi legoke AAren eraginaren gaineko formakuntza ematea ikasleei, eragina baduela ikusi dugulako; eta fokua gehiago jartzea lanari eskaintzen diogun esfortzuan, azken emaitzan baino. Tira, erraza da esatea, baina kalifikazioaren tiraniak gidatzen gaitu.

I. Martinez: Ez goaz ezer asmatzera: irakurri, azpimarratu, eskuz idatzi, gorputza jartzeko moduari erreparatu (kontzentratzeko eta arreta mantentzeko). Horri guztiari espazio gehiago eman beharko zaio.

I. Kerexeta: Zaila da goi mailako hezkuntzan ikasleek lauhilekoan liburu bat irakurtzea, baina ari gara horretan... Etorkizunean gailuek teklaturik ez dutela izango ere esaten da, audioz komunikatuko garelako haiekin, bada eskuz idaztea berreskuratu behar dugu, bai, konexio neurologikoak eta ikasketa sakona bermatu nahi baditugu. Irakasteko egitura aldatu beharra dago. Presentzialtasuna, adibidez, gutxieneko ordu batzuetan beharrezkoa da unibertsitatean, eta aniztasuna eskaini beharko litzateke. Ebaluaketa eta zelan ebaluatzen dugun beste gako inportante bat da. Etxean egindako idatzizko lanak ebaluatuko baditugu, arriskua hor dago, nahiz eta egia den guk lan asko irakurri ditugula eta jakin ohi dugula zeintzuk diren AArekin eginak, baina noraino eta zenbat erabili dute? Ebaluatzeko irizpide askotarikoak izan daitezke soluzioa: ahozko probak adibidez, baina ez bakarrik ahozkoak. Hezkuntza sistema egitura oso finkoa da, eta barrutik irakasleak ahal dugun heinean aldatzen goaz, baina askoz gehiago aldatu beharko genuke egitura, gaur egungo bizitzara eta dauden aukeretara egokituta. Ezagutza eta edukiak eskuragarri daude, eta ikuspegi kritikoa lantzeari eman behar zaio garrantzia hezkuntzan. Metodologien uztarketa izan daiteke bidea, gure helburuak lortzeko.

M. Berasategi: Jakintzaren kudeaketa teknologikoak beti eragin ditu erreakzio kritikoak, idazkera asmatu zenean Sokratesek egindako kritiketatik hasita. Ez da berria, eta horri aurre egiteko bidea izan da ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartzea. Hezkuntza arloan sartzen den edozerk behar luke ebidentzietan oinarri sendoa, eta ez nago ados, Itziar, kritikatzen duzunean hezkuntza sistema egitura oso finkoa dela, zeren nire ustez hala behar du, eta egokitu behar du, bai, baina ez dut uste hezkuntza sistemak industria komertzialaren erritmora joan behar duenik, eta hala ari garela uste dut. PISAren txostenak berak zioen, ikasleekin esperimentuak egiten ari garela eta momenturen batean planto egin beharko genukeela. Plataforma digitalen logikak (berehalako emaitzak, dopamina eta estimulazio etengabea, scroll infinitua…) ikasketa prozesurako arretan duen eragin kaltegarria ere aipatzen du txostenak, baina aisialdi denboraz ari da, eta nik diot: dinamika horiek aisialdi denboran kaltegarriak badira ikasketa prozesuarentzat, nola ez dira izango dinamika horiek kaltegarriak ikasketa prozesuan erreproduzitzen baditugu eta hasten bagara ikasgeletan lantzen gamifikazio bidez, etengabeko ‘sari’ bidez… Ikusita nago ikasleak halako plataforma digitaletan erantzunak bata bestearen atzetik bota eta bota, asmatu arte; horrek ez du ikasketa prozesurik sustatzen.

Presentzialtasuna ere aipatu duzu, Itziar. Ez dugu ahaztu behar ikasketa prozesu sozial bat dela eta prozesu sozialak askoz hobeto ematen direla aurrez aurre. Beharbada berrikusi beharko genuke klase magistralaren papera, informazio transmisorearen papera, baina ikasleak elkarrekin egotearen garrantzia sarri gutxietsi egiten dugula iruditzen zait, formatu hibrido, online eta halakoekin, eta zaindu egin behar dugu presentzialtasuna, derrigorrezko hezkuntzan eta goi mailako graduetan ere.

I. Kerexeta: Nik ere uste dut paper garrantzitsua izan behar duela eta talde lana, eztabaidak… inportanteak direla ikasketa prozesuan, baina ez dakit gaur egun ditugun ordu horiek guztiek izan behar duten aurrez aurreko. Digitalizazioak eta AA sortzaileak pertsonalizazioa ekarri dute eta gradu eta ikasgai beraren barruan bide ugari daudela kontuan hartuta, ikasketa sakon horretara heltzeko digitalizazioak eta Open munduak eskaintzen dizkigun aukerak baliatu ditzakegu, aipatu den bezero ereduan erori gabe. Europa iparraldean, esaterako, goi mailako hezkuntzan laborategiak bultzatzen dituzte, ordutegi malguekin, eta guk ere gurea apur bat birpentsatu beharko genuke, nahiz eta akademia munduan oso zaila den, baliabideak, lan kontratuak, kredituak… tarteko. Egitura finko horiez ari nintzen, ez baitut uste egungo errealitatera egokitzen direnik.

I. Martinez: "Ubietok tristura digitalaz hitz egiten du. Erantzun automatiko itxiak jasotzearen aldean, galdera batek mugiarazten bazaitu, zure kabuz ikertu eta deskubritzen baduzu, horrek jakituria alaia sortzen du"

Irakaslearen akonpainamendua funtsezkoa da?

I. Kerexeta: Argi dago, eta planteatzen dizkiegun erronkak, talde lanak… birpentsatzea dagokigu.

M. Berasategi: Tira, daukagun denbora daukagu irakasleok, eta batzuetan badago tentazioa akonpainamendu hori ikasleei emandako materialean delegatzekoa. Txosten bat irakurri nuen esaten zuena ikasleen ehuneko handi bat igaro dela AAri galdetzera lehen irakasleari galdetuko ziotena. Beste aukera bat galdu da hor: ahalegin kognitiboa solaskide batekin kontrastean jarriz eta eztabaida bidez konfrontatuz jakintza eraikitzen jarraitzeko aukera. Beraz, bai, ikaslearen ahalegin deseroso horretan laguntzea izango da seguruena irakaslearen rol garrantzitsuenetakoa, eta horretarako, ikasleek gure rola balioetsi dezatela lortu beharko dugu, zeren ikasleek ez bagaituzte ikusten galderak eta zalantzak planteatzeko solaskide legitimo edo erabilgarri gisa

Legitimo agian bai, baina legitimoagoa irudituko zaie AA?

M. Berasategi: Erosoagoa. Ez dio kontra egingo, ez dio exijituko, esan ordez “halako irakurri duzu?”, esango dio “tori laburpena”.

I. Kerexeta: Ikasleei klasean galdetu genien ea DBH edo Batxilergo etapetan izan zuten irakasleren bat AArengatik ordezkatuko zuketen, eta ezetz erantzun zuten, pertsona bat izatea beharrezkoa zela, adibidez txarto baldin badaude entzungo dituena. Baikorra naiz eta pentsatu nahi dut hainbat gauzatarako AA erabili nahi duten arren, ikuspegi kritikorako atea zabalik dutela. Hurrengo belaunaldietan sinetsi behar dugu.

I. Martinez: Gure ikasle garaiko biografia egiten badugu, gugan jakin-mina piztu duten irakasleak iltzatuta gelditzen dira, zerbaitekin engantxatzera eraman gintuztelako. Bill Gates-ek planteatu zuen pantailak erabilita autodidakta izango ziren ikasleen proiektu bat, eta desastre hutsa izan zen, ikasleak noraezean zebiltzan, erabat galduta. Kokatzen eta bidea markatzen lagundu ezean, gainezka egitea errazagoa delako. “Dena Interneten dago, irakasleak zertarako?” entzuten da, baina pentsatu behar dugu zein harreman mota den hezkuntza. Ezin dugu ahaztu irakaskuntza harremantzeko modu bat dela.

M. Berasategi: Onartzen badugu ikasketa izango dela harreman dialogiko baten emaitza, harreman dialogiko bat ezin da eman gizakia ez den beste zerbaitekin. Ondorioz, irakaslerik gabeko hezkuntzarik ez da.

I. Kerexeta: Aurrez aurreko horretan dauden harremanak, intuizioa, gorputza, sortzen den konfiantza giroa, errespetua eta arauak tarteko, eztabaidarako txandak… ezin dira digitalki egin.

M. Berasategi: "AA erosoagoa da. Ez dio kontra egingo, ez dio exijituko, esan ordez ‘halako irakurri duzu?’, esango dio ‘tori laburpena’"

AAren erabilera gida bat beharrezkoa da? Orokorra ala klaustro bakoitzak gogoetatua? Zer jaso behar luke?

I. Kerexeta: Pauta batzuk badaude dagoeneko. Mirenek aipatu du Deustuko Unibertsitateko batzordea, guk EHUn gida bat argitaratu genuen duela urtebete, printzipioak ezarrita eta ikasle nahiz irakasleek zertarako eta nola erabili adierazita. Gidan gehituko nituzke subiranotasun teknologikoan aurrera egiteko urratsak. AA sistema hauek aurrera egingo duten heinean, gustatuko litzaidake gobernuak berak hartzea ardura, eta gure gizarteak ekoiztea sistema hauek, ez daitezen egon egungo enpresa eta negozioen esku. Frantzia, adibidez, Mistral AA motorea ari da bultzatzen, Euskal Herrian Latxa daukagu…

M. Berasategi: Ni pixka bat kritikoa naiz horrekin. Egia da gaur egun ditugun AA sistemak leloak direla eta atzean interes ekonomiko eta botere metaketa izugarriak dituztela, horrek dakartzan ondorioekin. Baina “AA saihestezina da” diskurtsoari aurre egin behar zaio, diskurtso hori bera badelako interes horiei guztiei erantzuten dien estrategia bat. Diskurtso horrek ezkutatzen du, baita ere, hegoalde globalera bideratzen den lan inhumanoen karga, ingurumenari eragindako kalteak, desinformazioa… AA ez da ezinbestekoa, ez da halabeharrezkoa, gelditu daiteke eta norabidea aldatu daiteke; lehen aipatu bezala, etorkizuna egunero eraikitzen goaz. Eta egokitu beharraren diskurtsoa ere agian apurtu egin beharko genuke. Subiranotasuna helburu, bestelako AA sistemez hitz egiten da, baina gaur egungo sistema guztiek, ez bada gehienek, bekatu original bat dute: sistema horiek posible egin dituzten funtsezko baldintzak onartezinak dira, hegoalde globaleko karga horretan oinarrituta eta egile eskubideak erabat gaitzetsita. Gainera, AA ideal batek dituen ondorioak ere badira gaitasun kognitiboaren galera eta aipatu ditugun gainerakoak. Tren horretara igo nahi dugu? Erabilera egokiaz hitz egitea iruzurra da, erabilera bera problematizatu behar dugulako. Are, gaur egun ditugun baliabideekin posible al da AA sistema jasangarri bat, deliberazio automatikoen gainetik erabakimen eskubidea errespetatuko duena, giza-eskubideak errespetatuko dituena, egile eskubideak aintzat hartuko dituena?

I. Kerexeta: Eta AA erabiltzen dugun bakoitzean berau onesten eta finantzatzen ari gara gure datuekin.

I. Martinez: Agian ez dago erabilera zuzenik, ez. Gida bat egoteak, gainera, nolabait erabiltzailearen gain jartzen du ardura, egoki nola erabili beharko lukeen, baina ardura nagusiak beste leku batean daude. Gidak aholkuak dira, asko pediatriatik zabaldurikoak, pantailak adinaren arabera zenbat denbora erabili gomendatzen eta halakoak, baina zenbateraino igaro behar da gomendio izatetik lege izatera, afera batzuen aurrean politika irmo bat hartuta? Bestalde, gutxienez, nahiz eta erabilera zuzenik ez egon, gidak eztabaida dakar, gaia mahai gainean jartzen du, eta ikastetxeetan gida bat egin nahi izateak espazioak sortuko ditu honen inguruan soseguz aritzeko, inertzia hutsean erori gabe.

I. Martinez: "Argudiaketa ahoz egiteko ikasleari eskatu eta dakarren gidoitik apur bat ateratzen badut, akabo. Halako bertigo bat sortzen da, beldurra: ahots propioarekin erantzun behar dut?"

AAren erabilera egoki eta desegokiez ari garela, berriki argitaraturiko ikerketa bat ekarri nahi dut eztabaidara. Txinan egin dute, 12-18 urteko 27.000 ikaslerekin. Ondorioztatu dute etxerako lanetan AA erabiltzen duten ikasleen nota %18 hobea dela erabili ez dutenekin alderatuta, baina beraien errendimendua ikaskideena baino %20 txikiagoa dela azterketetan. Ikerketa berak dio badirela ikasleak AA erabili dutenak etxerako lanetan, baina ez emaitzaren bila, baizik eta tutore gisa laguntzeko, eta horien errendimendua ez dela jaitsi.

M. Berasategi: Eztabaida errepikakorra da, AAren erabilera batzuk ez direla ikasketa prozesurako aproposak eta beste batzuk bai: adibidez, ikerketa horri helduta, harreman dialogiko simulazio bat egitea AArekin, tutore gisa erabilita. Baina argi eta garbi dio ikerketak: tutore gisa AA erabiltzen duten ikasleen emaitza ez da okerragoa. Alegia, ez du onura bat bistaratzen, esaten duena da horrela erabilita ez duela kalterik egiten. Hori motibo nahikoa da AA txertatzeko? Eta beste gogoeta bat: ados egon gaitezke hobe dela AA tutore gisa erabiltzea zuzenean emaitza eskatzeko baino, baina errealitatea da, eta gure datuek ere hala diote, praktikan ikasleek gaur egiten duten erabilera hein handienean ez dela tutore gisa, etxerako lanak delegatzeko baizik. Beraz, erabilera egokiaren ebidentzia horiek dagokien lekuan kokatzen jakin behar dugu.

Amaitzeko, galdera potoloa: nola irudikatzen duzue hezkuntzaren etorkizuna, AAren garaiotan?

I. Kerexeta: Aipatu ditugu hainbat kontu: ebaluazio askotarikoa, ahozkoa eta idatzia nahastuta, irakurmena, ordutegiak birpentsatzea… Gakoa da irakasleok eta hezkuntza sistemak jakitea zer dugun aurrean, modu koherentean aurre egiteko. Eta koherentzia hasten da erabakita zein tresna erabiltzen ditugun eta zergatik, onartu behar dugulako EHUk Microsoft erabiltzen duela eta Deustuko Unibertsitateak Google. Kontziente izan behar dugu hala ezarri digutela eta beste bide bat egin nahi dugula.

M. Berasategi: Lehen aipatu dugun AAren halabeharrekotasun eta ezinbestekotasun hori deseraikitzeko zer egiten dugun, hori ere gakoa da, eta irakasleon rola garrantzitsua da hemen. Etorkizuna ez da paraxutean etorriko, eta iruditzen bazaigu AA sistema batzuk eta praktika batzuk zalantzagarriak direla, egiten duten ekarpena argi ez badugu, aukera bat izan daiteke ez erabiltzea eta erabiltzen ez ditugula adieraztea. Bestela “denek erabiltzen dute” dugu sinetsita, eta erresistentzia pertsonal eta gutxieneko horiek partekatzea horri buelta emateko modua izan daiteke.

I. Martinez: Ibilian ibiliz joango gara egiten, eta espero dezagun merkatuak ez jatea erabat hezkuntza eta lortzea herritarren heziketa, emantzipazioa, galdera biziak mantentzeko espazioak… Zirrikituetan mugituko gara.

MAHAIKIDEAK:

Miren Berasategi Zeberio. Irakasle eta ikertzailea

Donostian jaioa, 1982an. Giza Zientziak: Komunikazioan lizentziatua eta Komunikazioan doktorea. Komunikazioaren arloko titulazioetan irakasle eta ikertzailea da Deustuko Unibertsitatean, komunikazio digitala, datuen analisi eta komunikazioa eta komunikazioaren teoria arloetan. Gaur egun, Komunikazio titulazioetako koordinatzailea da Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean. InpAkta, Inpaktu Sozialerako Ikerlanen Akta aldizkari zientifikoko erredakzio-buruetako bat da, eta UEUko talde eragileko kide. Altxa Burua mugimenduak editatutako RESET: Ebidentzietan oinarritutako hezkuntzaren digitalizazio osasuntsu eta libre baten alde txostenaren egileetako bat da, eta Hezkuntzan Librezale taldeko kide.

 

Itziar Kerexeta Brazal. Irakasle eta ikertzailea

Bilbon jaioa, 1973an. Kudeaketa informatikoko ikasketak egin zituen hasieran, eta ondoren Gizarte Hezitzaile eta Psikopedagogo titulazioak lortu zituen. EDE Fundazioan hamasei urtez aritu zen, profesionalen prestakuntzan, e-learning eta kalitate arduradun. Moodle plataforman aditua, airea-learning.net eta conectandoescuelas.net proiektuak gidatu zituen, teknologia pertsonen eta komunitateen zerbitzura jartzeko asmoz eta Latinoamerikako hainbat herrialderekin elkarlanean. Gaur egun, Hezkuntzako Fakultateko irakasle-ikertzailea da EHUn, Gizarte Hezkuntzako graduaren koordinatzailea eta fakultateko lankidetza planaren arduraduna. Kideon ikerketa taldeko partaidea da, eta inklusio sozialaren, hezkuntza-inklusioaren eta teknologiaren inguruan ikertzen du.

 

Iñigo Martinez Peña. Irakaslea

Gasteizen jaioa, 1975ean. Filosofian lizentziaduna da. Batxilergoko Filosofia eta Psikologia irakaslea da, Loiuko Lauro ikastolan. Filosofia eta pentsamendu kritikoa gizarteratzeko lan egiten duen Agora Filosofia Elkarteko kidea ere bada. Pantailen garaipena (Elkar, 2023) liburuaren egilea da. Egungo bizimodua ulertzeko saiakera da: bertan, pantailen nagusitasunaz gogoetatu du autoreak eta digitalizatu gabeko txokoak topatzea ezinbestekoa izango dela ondorioztatzen du. Azpeitiko (Gipuzkoa) Dinamo sormen gunean antolaturiko "IA DENA: adimen artifiziala sorkuntzan" jardunaldietan parte hartu zuen.


Utzi erantzuna

Iruzkin bat

eneko ansotegi
2026-10-24 // 20:01
kaixo, lanbide heziketako irakaslea naiz, hezkuntzaz hitzegiten duzuenean lanbide heziketa ere kontuan hartzea ondo egongo litzateke.
Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.