Ulertzea

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Mateo Zikuta & El Garto + RTZ Kolektiboa
Non: Igorreko Kiñu gaztetxean (Bizkaia).
Noiz: urriaren 2an.

-----------------------------------------

Ariketa intimoa da irakurtzea sarri, baina, batzuetan, liburu zehatz batek norbaitekin irakurtzea eskatzen digu. Horrelako gogo batek hartzen gaitu sortzen zaizkigun interpretazioak kontrastatzeko, keinu sotilen atzean ezkutatzen dena argitara ateratzeko, elkarrekin konfabulatzeko. Horrela gozatu dugu guk Pol Guaschen Napalma Bihotzean eleberria: irakurri ahala susmo eta sentsazioak partekatuta. Ibai Sarasuak euskaratua, Txalapartak argitaratu du idazle kataluniarraren lehen eleberria.

Esplorazio bidaia proposatzen digu Guaschek. Bidaia horretan aurkeztuko dizkizgu paisaia postapokaliptiko bat izan zitekeenaren trazak, edo distopia autoritario posible batenak, edo beste zerbaitenak akaso. Izan ere, protagonistak, irakurleak bezalaxe, hitzak falta ditu gertatzen ari dena adierazteko; ulertzeko, are. Badago, ordea, bidaian eta liburuan aurrera egin ahala handituz doan ulertzeko grina bat, esaten denaren eta esaten ez denaren bitartez tantaka asetzen joango dena. Hizkuntza poetikoa, eduki kriptikoa eta askotariko egiturak erabiltzen ditu Guaschek iraganaren eta orainaren artean saltoka doazen testu zati, gutun, argazki eta hitzez mosaiko literario eder bat ontzeko. Eta fragmentazio etengabe horrek tentsioa planteatuko digu barnean irakurleoi: ulertzen saiatzearen eta iradokitzen zaigun horretan murgiltzearen artekoa.

Bi zatitan dago banatuta liburua. Lehen partean geldi dago dena, sarraskiaren osteko itxaronaldi itogarrian. Bigarrenean, aldiz, erritmoa zeharo aldatu eta ihesaldi betean garamatza protagonistak, ekintzaz eta bortizkeriaz leku eta paisaia berrietara. Trantsizio horretan, konturatu orduko, irakurlea pasatuko da “ez  naiz ezer ulertzen ari” sentitzetik, “ulertu nahi dut” sentitzera; protagonistarekin batera noraezetik, bidaia jarraitzeko gogo bizi bat izatera. Nora doaz pertsonaiak? Zergatik joan dira? Zer ari da gertatzen beraien artean? Eta guk ere nahiko dugu bidaia hori ondokoekin egin, ikusi dutena konpartitu eta elkarrekin istorioaren piezak elkartu. Eta amaitzerako agian konturatu ulertzea ez zela helburua. Ez esan irakurle talde batean irakurtzeko moduko premisa ez denik.


Irakurri gehiago: Liburu kritikak Kultura Literatura
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.