Margaret berraurkitzen

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Irailaren 8an Margaret Hamilton zendu zen. Berak zioen gizakion akatsak gizatasunaren parte bezala hartu behar zirela eta akatsen aurrean pertsonak laguntzeko software sistemen eraikuntza segurtasun baliabide bat izan zitekeela. Ikuspuntu horri esker lortu zuen Apollo espaziontzia ilargira heltzeko funtsezkoa izan zen softwarea diseinatzea.

Garai hartan, 40-50etako hamarkadetan, gaur egungo ingeniaritza informatikoaren software atala bezala ezagutzen dugunak ez zuen aitortza handirik, badirudi Hardware Ingeniariak zeudela alde batetik, gizonezkoak denak, eta bestetik emakumeak. Emakumeei “konputagailu” izena jartzen zieten eta kontuak egiten zituzten, inferitzeko edota sortzeko gaitasunik izango ez balute bezala, gaurko gazteen hizkeran NPC (Non Player Character / jokoan parte hartzen ez duen pertsonaia). Baina Hamilton andrea trantsizio garai baten parte izan zen, non emakume konputagailuak konputagailu elektronikoekin ordezkatzen hasi ziren. Hala, garai hartako zenbait emakume igaro ziren kalkuluak egitetik makinek jarduera ezberdinak gauzatzeko software geruzak sortzera. Dena oso esperimentala zen, ez zegoen ezagutza akademikorik, haien kabuz hasi ziren ikasten eta ezagutza sortzen. Ezagutza hori software ingeniaritza gisa izendatu zuen lehena Hamilton izan zen.

Ziur naiz Hamiltonek sortu zuen guztia gizakiak laguntzeko helburuz egin zuela. Egun, ordea, zenbait teknologia garatzailek eta kapital jabe askok gizatasun hori faltan dutela agerikoa da. Behar organikoak, egoera emozionalak, behar intelektualak, egoera sozioekonomikoak, pentsamendua... Gizatasunari loturiko ezaugarri ugari oztopo bezala kudeatzen dira eta teknologiak gizakiak laguntzeko baino, oztopo horiek gainditzeko diseinatzen dira. Azelerazionismo teknologiko garaiotan, beharbada, Margaret bezalako teknologia sortzaileen atzean dauden egiteko zergatien berrikusketa egin beharko genuke. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.