Etxean 36ko Gerraz zer edo zer adituta zegoen. Aitona hil zutela, besteak beste. Haatik, ama hil zenetik bi urtera ganbaran poltsa bat ireki, eta zenbait gutun irakurri zituenean erdiratu zitzaion bihotza –bizi osoa bera–. Aitonak kartzelatik bertatik etxekoei idatzitako gutunak ziren, Patxiren ama zenak –12 urteko neska txikia, garaian–, xalo-xalo erantzundakoak. Krak!
Valladoliden (Espainia) hasi zen euskara ikasten, artean hemen unibertsitate publikorik ez zenean hara medikuntza ikasketak egitera joanda. Harrezkero, euskara irakasle izan zen, baina udalaren Euskara Zerbitzuaren arduradun lan egin zuen bizimodu gehiena, 2018ko maiatzean erretiratu zen arte. Ama hil eta gero aurkitutako gutuneriak barrua irauli zion duela hogei urte: aitona Casto Guzmánen gorpuzkiak berreskuratzea luke gogo handi.
Espainiako Gerra Zibilaren hasierako garaia dugu. 1936ko uztailaren 18an gertatu zen altxamendua.
Eta, biharamunean, uztailaren 19an, Camilo Alonso Vega teniente koronelak gerra egoera eman zuen Gasteizen. Errepublikaren gobernuaren kontra altxatu zen, leialtasun zin guztiak gorabehera. Ondoko egunetan, Gasteizen bertan, hainbat pertsona preso hartu eta probintzia-kartzelara sartu zituzten.
Inondik ere, urte hartan 600 preso inguru ageri dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeetan. Haietako 97, Arabakoak.
Eta tartean zen gure aitona Casto Guzman. PSOEko militantea zen, eta Arabako diputazioaren kudeaketa-batzordeko kidea. Preso eduki zuten irailaren 17 arte. Egun hartan, kartzelatik atera zuten, Iruñera eraman behar zutela esanda. “Paseoa” esaten zioten espetxetik ateratzeko modu horri.
Azaldu beharko diguzu zer zen delako “paseoa”.
Ordena Publikoaren ordezkariak presoa libre zela esaten zuen. Gure aitonaren eta beste preso askoren kasuan, Iruñera lekualdatu behar zituztela zen aitzakia. Alabaina, kartzelako atarian zain izaten zituzten falangistak edota erreketeak. Hartzen zituzten preso “libre” haiek, eramaten zituzten hiritik kanpora, eta, non edo non, bide-bazterren batean, fusilatzen zituzten. Eta, beti edo gehienetan, apaiz bat zeramaten, fusilatuko zituzten haiei azken orduan laguntzeko-edo.
Javier Ugarte historialariaren arabera, 88 pertsona “paseatu” zituzten Araban, hau da, epaiketarik gabe hil zituzten, guztiz legez kanpo.
Horixe da gure aitonaren kasua: “paseatuta” hil zuten, Bayasen [Miranda de Ebroko auzoa, Burgos, Espainia], irailaren 17 hartan.
Zuen aitonarekin batera “paseatu” eta hildakoen berririk baduzu.
Bai: aitona Castorekin batera fusilatu zituzten Arabako diputazioko bi kide –bata, presidentea bera, Teodoro Olarte; bestea, Acción Republicana alderdiaren izenean probintziako kudeatzaile Manuel Azkona–, militar bat, Ricardo Ibañez, eta Banco de Vitoria-ko langile bat, Benedicto Luna. Ondoko urteko martxoko “paseo” bat ere famatu da, hamasei pertsona hil baitzituzten Azazetan, Gasteizko alkate Teodoro González de Zarate, José Luis Abaitua [Araba Buru Batzarreko burukidea], zinegotzi sozialista bat [Frantzisko Díaz de Arkaia] eta beste hainbat.
Horretaz jakitun gara ARGIAn (2087. zbkia). Jesús Estrada Arrondo zenak Azazetako toki horretaraxe eraman gintuen 2007ko udaberrian... Zuen etxeko kasuaz den bezainbatean, zer dakizu aitona Castoren historiaz, 1936an Espainiako Errepublikaren kontra altxatuek fusilatu zutela besterik?
Amak kontatzen zigunaren arabera, aitona Casto musikaria izan zen, biolinista, Madrileko Orkestra Filarmonikan. Hego Amerikara egindako bira batean, bertako herrialde batean naziotasuna eskaini zioten. Hurrena, 1936ko Gerran preso hartu zutenean, damu horixe ageri du gutunetako batean, zergatik ez ote zuen orduan naziotasun hura hartu eta han gelditu. Kartzelan zela etxera idatzitako gutunetan irakurtzen denez, batari eta besteari laguntzen saiatu ohi zen. Bera preso hartu zutenean, aldiz, ez zuen batere laguntzarik jaso; besteak beste, berak lehenago lagundutako mojengandik. Gutunetan, aitona etsita zegoen: “Dena galduta dago”, idatzi zion emazteari, eta gaineratzen du: “Kontzientzia lasai dut”. [Hunkiturik]
Amak zuri emandako gutunetatik ari zara…
Ez, amak ez zidan ezer eman! Gutunak neuk aurkitu nituen bera hil eta bi urtera, 2006an! Miresgarria zatekeen ama bizi zela aurkitu izan banitu, gure aitonari buruz galdetuko niokeen, aitonaz hitz egin ahal izango nukeen gure ama zenarekin!…
Nola aurkitu zenituen gutunak, edo azaldu zitzaizkizun azal horiek?
Ama Alacanten (Herrialde Katalanak) bizi zen, baina tarteka Gasteiza etortzen zitzaigun. Kirol-poltsa txiki bat ekarri ohi zuen gurera etortzen zenean eta, behin, zer dela-eta ez dakidala, ganbarara jaso nituen gure amaren hainbat traste, beste gabe. Hurrena, amak hilda bi urte zeramatzala, larunbat batez, zer dela-eta ez dakidala, berriro, ganbarara igo nintzen zer edo zertara. Han, amaren zera haiek ikusi, poltsa hura zabaldu, eta azaldu zitzaizkidan aitonak kartzelatik idatzitako gutunak, aitonaren kartilla militarra, eta beste.
Amak familiaren historia batere kontatzen zuen? Aita fusilatu ziotela, alegia?
Askorik ez. Hala ere, esan behar dut nire neba-arrebek nik baino lotura handiagoa zutela ama zenarekin, eta arrebak, adibidez, bazuen gutun horien berri, baina ez zituen inoiz ikusi, ezta niri ezer esan ere. Nik neuk ez nekien ezer larunbat hura arte. Gauza harrigarri bat besterik ez, ama zenari dagokiona: 1977an Espainian hauteskunde orokorrak egin zituzten. Nik ez nuen orduko adin nagusia, 21 urte, baina amari aditu nion esaten PSOEri emango ziola botoa. Ez, haatik, Felipe Gonzalezen alderdiari, PSOE Historikoari baizik, Rodolfo Llopis idazkari orokorra zuenari. “Neure aitari zor diot!” gogoan dut esan zidala amak. Nik ez nuen zeharo ulertu zer esan nahi zuen, baina gogoan hartu nuen.
Alabak kartzelan zuen aitari idatzitako gutuna:
"Tira, aita, ez dugu beste ezer esateko, eta ez tristatu, dena konponduko baita. Muxu eta besarkada asko etxeko denon partetik, eta maite zaituen alaba honen partetik. Olga”
Casto Guzmán, musikari profesionala esan duzunez, militante politikoa ere bai.
UGTko eta PSOEko afiliatua, eta Arabako diputazioaren kudeaketa-batzordeko kide ere bai. Nonbait, 1936ko maiatzean, bi batzordekidek dimisioa eman zuten, eta aitona hautatu zuten postu horietako bat betetzeko: handik lau hilabetetara, izendapen hura heriotza-sententzia gertatu zitzaion.
Francoren indarrak altxatu eta biharamunean hartu zuten atxilo Casto Guzmán, eta irailaren 17an fusilatu zuten.
Atxilotu eta Bakea kaleko probintzia-kartzelan sartu zuten. Irailaren 17an, Iruñeko kartzelara eramateko agindu zuten. Bezperan, armada errepublikanoaren hegazkinek zenbait bonba bota zituzten Gasteizen, eta lau herritar hil. Haserre, jendetza atera zen kalera, odol eske! Amaren familia Jesúsen Mirabeen kalean bizi zen –baina Konstituzio kalea zuen izena, garaian–, foru aldunditik hurbil-hurbil. Gure amak 12 urte zituen, eta beste ume batzuekin batera jolasean ari zen plazan. Halako batean, falangisten turba bat azaldu, umeak hartu eta haiekin batera eraman zituzten plaza erdira, euren oihuak egitera behartuta: “¡Queremos la cabeza de los presos!” (Presoen buruak nahi ditugu!). Ama negarrez hasi omen zen, eta “¡Mi papá, mi papá!” (Nire aitta, nire aitta!) esanda korrika alde egin omen zuen. Eta, biharamunean…
...aita akabatu zioten zuen amari.
Gure aitonarekin batera, bost lagun, behintzat, atera zituzten, eta hil zituzten Bayasen, fusilatuta. Ordurako, Millán Astray militarra [Espainiar Legioaren sortzaile, Prentsa eta Propaganda Bulegoko buru] Gasteizen izana zen, eta tokiko agintariei aurpegiratu zien bigunegi ari zirela, gogorrago jokatu behar zutela. Nonbait, Gasteizko zenbait eskuinek protesta jo zuten: “Bai, zuekin [militar matxinatuak] gaude, baina errepresioa ez da herritarren gogoa geureganatzeko bidea”. Ez zieten kasurik egin, bistan denez.
1936ko irailaren 17a.
Artean, egun hartan, amaren gutun bat, aitari probintzia-kartzelara idatzia: “Aita maitea...”. Ez alferrik, gutuna itzuli zioten, azalean “Ez dago” idatzita! Umore beltza behar du! Eta, esate baterako, hil dutela jakin dutenean jaso zuen amonak mojen gutuna: “Gure doluminik sentikorrena bidaltzen dizugu, hain maitea eta maitagarria zen pertsona bat galtzeak eragin dizun pena sakonagatik. Zure min sakonean lagun zaitugu, eta Jaunari eskatzen diogu [Casto] bere altzoan har dezala”. Zertan ez zuten moja haiek lehenago ezer egin? Zertan ez ziren militarren aurrera joan eta aitonaren alde hitz egin? Kartzelatik idatzitako gutun batean, aita laguntza eske zuzendu zitzaien moja haiei!
“Gure doluminik sentikorrenak”, “Jaunari eskatzen diogu bere altzoan har dezala”…
Irailaren 17an bertan beste gutun bat ere idatzi zuen gure aitonak. “Orain arte, esnea hartuz segitzen dut, eta nire desio handiena da medikuak niri erregimena ez kentzea, kentzen badit, eta urdaileko gaixotasuna dudala kontuan hartuta, oso kaltetuta geratuko nintzateke (…) , horregatik esan nizuen Riverarekin hitz egiteko, berak [medikuaren aurrean] gomenda nintzan, baina ez duzue egin edo berak ez dio medikuari nire alde hitz egin, ulertzen duzue? Uste dut azaltzen naizela, negua kartzelan igaro beharko dudala pentsatzeak izutzen nau, baina Jainkoak konpontzen ez badu, horrela izango dela uste dut, baina [negua] ondo erabilia izango da zuek berriro ikustea lortzen badut. Idatzi azkar Alemaniara, jakin dezatela Lalyk eta Bertholdek zer gertatzen zaigun”.
"Ez dugu aitonaren gorpuzkirik berreskuratu, eta horixe nahiko genuke, berreskuratu eta amaren ondoan ehortzi Gasteizen, familiaren panteoian. Horrekin batera, hil zituzten tokian plaka oroigarri bat jartzea ere ondo legoke, gauza sinboliko bat"
Laguntza eske, ezker-eskuin.
Kasu hartan, Laly aitonaren alabaordea zenuen; Berthold, suhia, Ingeniarien Gorputzeko teniente koronela. Ahal zuenari laguntza eske gure aitona! Dakidanez, delako Berthold hori Gasteizen izan zen handik urte bira, Gerra Zibilaren garaian, eta beldurgarri ageri da, dena beltzez jantzita, esbastika eta guzti. Izutzekoa da haren itxura.
Zer esaten dio 12 urteko neskak kartzelan dagoen aitari?
Esate baterako, azken gutun hartan, hauxe: “Aita maitea. Zure gutuna irakurri eta, ikusten dugunez, oso aspertuta zaude. Amak gaur idatziko zizula pentsatzen dut, atzo esan baitzidan gaur idatziko zizula. Ez dakit idatzi dizun, ez bainaiz gaur eskolara joan, katarroa dudalako. Sinfo-k ahal zuen guztia egin du, baina Jainkoaren borondatean konfiantza izan eta berak nahi duena gertatzea besterik ez dugula uste dut. (...) Esan iezaguzu seiluak edo dirua behar dituzun, eta neguko arropa behar duzun, hotz handia egiten baitu. Tira, aita, ez dugu beste ezer esateko, eta ez tristatu, dena konponduko baita. Muxu eta besarkada asko etxeko denon partetik, eta maite zaituen alaba honen partetik. Olga”.
Ikaragarria!
Aitonaz ari gara, eta gure amaz, baina interesgarria litzateke gure amonari buruz ere ezer esatea. Gure amak nire arrebari kontatu ziona duzu: urte batzuen buruan, aitona hiltzat deklaratzeko epaiketan, amonari galdetu omen zioten ea bazekien non zegoen, edo egon zitekeen, senarra. Amonak, Bruno Ruiz de Apodaka [orduko karlista hiltzailea] seinalatu eta “Pregúntele a este señor” (Galdetu ondoko jaun honi) erantzun zion. Hortik atera kontuak zer-nolako tropak osatzen zuen epaimahai hura!
"Historia manipulatu egin da ekidistantzia gorrotagarri baten bitartez: Gerra Zibila eragin zuten matxinatuak eta, arrazoi politikoaren jabe izanik, demokrazia eta indarrean zegoen legalitatearen defendatzen borrokatu zirenak parekatu ziren. Eta hori ezin da izan"
Estrada Arrondok jakinarazi zigun zein izan zen Apodaka hura… Patxi, urteak badoaz, urteen ondotik. Gaur egun, zer egin?
Ez dugu aitonaren gorpuzkirik berreskuratu, eta horixe nahiko genuke, berreskuratu eta amaren ondoan ehortzi Gasteizen, familiaren panteoian. Horrekin batera, hil zituzten tokian plaka oroigarri bat jartzea ere ondo legoke, gauza sinboliko bat. Nahiago nuke amak halakorik ikusi izan balu. Amak gordetako gutun haiek irakurri, eta gehiago jakin nahi izan nuen, eta batera eta bestera hasi nintzen. Gasteizko Udalaren zerbitzuetara jo nuen, adibidez, eta handik, berriz, lehen instrukzio epaitegira; ondoren, bigarrenera. Miranda de Ebron (Burgos, Espainia) ere ibili nintzen eta, azkenean, Aranzadi Elkartera jo nuen, eta berdin egin zuen, adibidez, Manuel Azkonaren familiak. Orduantxe hasi zen gauza mugitzen.
Zer mugitu da, adibidez?
Lehenengo, Bayasko hilerrian lurperatutako arabarren gorpuzkiak berreskuratzea bideraezina zela esan ziguten. Baina, zorionez, oker zeuden, zeren, geroago, hainbat hezurki atera zituzten hilerri hartako hobi komunetik. Zurrumurruak baino ez dira, baina, bost lagunak fusilatu zituztenean, auzo-alkateak esan zuen hobiratzaileak esan ziola bost haietatik bat, Teodoro Olarte, azkena hobiratu behar zuela, gainerakoen gainean jarrita; laster desobiratzeko ustean, alegia. Hala ere, 1940 arte ez zuten Olarte desobiratu. Gauza zaildu egiten da, ordea, 1967an-eta, hobiratze gehiago ere izan zirela hobi komun berean.
Hara! Eta, harrezkero, zer?
2019an, Aranzadi Elkarteak Bayasko hobi komuneko hezurkiak berreskuratu zituen, eta DNA frogak egin zituzten. Gure kasuan, azkonatar bati, eta gure etxeko beste bati. Azterketaren emaitza, negatiboa. Hala ere, hurrena, bigarren ADN froga egin zuten Aranzadikoek, eta, kasu honetan, azkonatarrei dagokienean, azterketak positibo eman zuen: familiak hezurkiak berreskuratu zituen. Horrela etorri zen 2024an Arabako Diputazioak Bayasen fusilatuei egindako omenaldia. Gure familiaren kasuan, azterketa edo emaitza gehiagoren zain gaude.
Zuri, zeuri, zer gogoeta eragiten dizu honek denak?
Trantsizio garaian, justizia gizartearen bizikidetzaren mesedetan sakrifikatu zen. Nire ustez, behintzat, garai hartan Espainiako Estatuan diktaduraren eta demokraziaren arteko jarraitutasun juridikoa onartu zen. Gerra galdu zutenek, Francoren diktadurak jazarri zituenek, uko egin zioten eskuin frankistari erantzukizun politiko eta penalak eskatzeari. Orduko hartan, barkamen-itun bat izan zena, ahanztura-itun bihurtu da. Historia manipulatu egin da ekidistantzia gorrotagarri baten bitartez: Gerra Zibila eragin zuten matxinatuak eta, arrazoi politikoaren jabe izanik, demokrazia eta indarrean zegoen legalitatearen defendatzen borrokatu zirenak parekatu ziren. Eta hori ezin da izan.