Gure seme-alabek, orain, 14 eta 12 urte dituzte, baina ez dugu sekula ttipiak zirenean hartu genuen usaia galdu, hau da, arratsetan, lokartu aitzin, liburuak elkarrekin irakurtzea. Entzuna dut praktika hori ez dela egokia, gure nerabeak haurtzaroan atxikitzea dela, baina nik ez dut hala uste, ez baititugu “haurkeriak” irakurtzen. Duela hilabete batzuk, On Kixote irakurri genuen, kasik in extenso (dukea eta dukesaren etxeko pailazokeria zonbait baizik ez saltatuz). Eta seme-alabei argi utzi nien On Kixote ez dela, egiazki, burutik eri, baizik eta barne tragedia batek jana dela. Alde batetik, zaldun-literaturak irudikatzen duen mundu gutiziagarria errealitate bilaka dadin nahiko luke, mundu horrek dakarren bizi-zentzua ideala delako, eta haren balio moralak goresgarriak zaizkiolako. Bestaldetik, pertsonaiak errotik badaki kontrako errealitatean bizi dela: bizioek, gaiztakeriak, arrunkeriek eta materialismo okaztagarriak dute jendea gobernatzen. Barne tragedia hori bakoitzak bizi dezakegu. Ez da gatazka txarra, naski: aitzinera bultzatzen gaitu, proiektu indibidual eta sozialak eraikitzera garamatza eta biziaren gazi-gozoa sakonki esperimentatzera akuilatzen. Gure irakurraldiaren ondotik, eta istorioa horrela iruzkinduta, seme-alabek enekin ondorioztatu zuten On Kixoteren bidetik aritzea, hau da, literaturak eskainitako idealak amestea eta horren arabera munduan ekitea jendartea hobetzeko, desiragarria eta pozgarria zela.
Bizkitartean, joan den egunean, semea kolegiotik arrunt etsitua itzuli zitzaigun: “Ama, On Kixote aipatu dugu gelan, eta denek diote eroa dela; gaixotasuna baizik ez daitekeela izan fikziozko unibertso bat bizi-ardaztzat hartzea, zuk gomendatu bezala. Non dago arazoa: besteak dira oker, ala ero-etxea ote da gurea?”. Ni, eskapo, lagunek ez dutela istorioa bururaino irakurri eta ez dutela oraino ulertu azken kapituluan adierazia dena: On Kixote etengabe zatikatua dela, bere baitan, malenkonia eta jenioaren artean, haren humanitatearengatik; humano izatea idealaren eta errealismoaren artean gelditzea baita.
Adimen artifiziala musa garaikidea baizik ez da. Pasio humanoetatik urrundua den musa da, baina ez da kezkatzerik: hola da eta onartu behar da; jo aitzina
Anekdota horrek gogorarazi dit literaturaren funtsa gure humanitatearen galdekatzea dela eta hala izaten segitu behar duela; zer garen, zertara goazen, nora joan nahi dugun: hori du jorratu behar. Baina azken aldietan plazaratu diren liburu, ele edo jardunaldi literario batzuek bestelako diskurtsoa daukate, literatura egungo robotekin lotuz, normaltasunez, eta ez tragedia humanoarekin. Begira Michel Guerrin Le Monde egunkariko erredaktore nagusiak irailaren 25ean zioena, Thélyson Orélien idazlearen azken obrari buruzko polemikaz: liburua adimen artifizialak idatzia luke, parte, eta zer? Gertatutakoak, sinpleki, hausten du “idazle bakartuaren” estereotipoa: egun, idazleek adimen artifiziala laguntzat hartzen dute, lehenago beste euskarriz baliatzen ziren bezala; besterik gabe. Frantziako Ikerketa Zentro Nazionaleko Alexandre Gefen ikerlariak, berriz, hitzaldi ziklo bat abiatuko du, Parisen, musei buruz, tesi honekin: idazleak ez du nehoiz bakar-bakarrik sortzen, orri xuriaren aitzinean; beti izan ditu laguntzak, idazkideak, musa, Jainkoa, heriotza, inkontzientea, hizkuntza, halabeharra, makina. Adimen artifiziala musa garaikidea baizik ez da. Pasio humanoetatik urrundua den musa da, baina ez da kezkatzerik: hola da eta onartu behar da; jo aitzina.
Halere, zalantzan nago idazleek adimen artifiziala musa soiltzat hartu behar duten ala borrokatzeko eihera erraldoitzat, gure humanitate “eroa” arrazionaltasun birtualean osoki gal ez dadin.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.