New York, 1960ko urriaren 12a. Nazio Batuen Batzar Nagusian Nikita Khrustxov sobietar buruzagiak zapata atera eta mahaia behin eta berriz kolpatu zuen indar handiz, Filipinetako presidente Lorenzo Sumulongen diskurtsoa eteteko: "Ergela, txotxongiloa eta inperialismoaren ipurgarbitzailea!", deitu zion haserre, honek Sobietar Batasunak Europa ekialdeko herrialdeenganako zuen jarrera kolonialista kritikatu zuelako. Biharamunean, gertakari horren berri eman zuten New York Times, The Guardian, Le Monde eta beste hainbat egunkari ezagunek, eta berehala zabaldu zen. Geroztik, "Zapataren istilua" gisa ezagun egin da Khrustxoven ateraldi hori.
Baina askok zalantzan jartzen dute benetan zapatarekin horrelako zerbait gertatu zenik, eta nahita zabaldutako fake bat izan zela diote, agintari sobietarra barregarri uzteko. Garai hartan AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko tentsioa gorenean zegoen, eta mundua bi bloketan banaturik zegoen, potentzia horiek gidatuta. Afrikako kolonia askok independentzia lortu zuten eta sobietarrak haiek laguntzen ari ziren, tartean Kongoko Errepublika Demokratikoko Patrice Lumumbari. Baina azken honen kontra estatu kolpea egin berria zen, eta Khurstxovek hori salatzeko altxa eta kolpatu omen zuen mahaia, baina ez zapatarekin, baizik eta eskuarekin.
Areto hartan ehunka agintari, langile eta kazetari zeuden, baina haietako inor ez da gai izan esateko zehazki gertatu zena. Eta, hala ere, Khrustxoven zapata Gerra Hotzaren ikurretako bat bihurtu zen, edo bihurtu zuten
Beste bertsio batzuk ere zabaldu izan dira, tartean agintari sobietarrak bere memoria liburuan idatzitakoa, zeinean dioen Espainiako ordezkariak hitz egin ondoren sorturiko zalapartaren erdian –Francoren erregimena salatzeko– erabaki zuela zapata erabiltzea, protesta hura "indartsuagoa izan zedin". Baina dirudienez Khrustxov nahastu egin zen, istilu hori egun batzuk lehenago gertatu baitzen.
Azken bertsio bat bere birbiloba Nina Khrustxovek eman zuen New Statesman egunkarian, familia barruan kontatu ohi zutena: "Zapatak estuegi zituen eta horregatik kendu zituen. Protestan hasi zenean, eskuko erlojuak alde egin zion, eta hura hartzera makurtu zenean ikusi zuen zapata mahaian, orduan horrekin hasi zen joka", dio.
Kontua da une zehatz horren inguruko grabaziorik ez dagoela, batzarreko emanaldia eskaini zuten NBC eta CBC telebista kateek ez dute euren artxiboetan irudirik aurkitu, eta mahaia kolpatzen duen une zehatzaren benetako argazkirik ez dago, argazki manipulatuak argitaratu izan diren arren. Areto hartan ehunka agintari, langile eta kazetari zeuden, baina haietako inor ez da gai izan esateko zehazki gertatu zena. Eta, hala ere, Khrustxoven zapata Gerra Hotzaren ikurretako bat bihurtu zen, edo bihurtu zuten.