Irakaslegaien hizkuntza-kontzientzia kritikoa lantzen

  • EHUko Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Lehen Hezkuntzako ikasleen aurreneko unibertsitate astea ez da ohikoa izan. IGOA proiektuaren baitako Murgiltze Astea izan dute irailaren 7tik 11ra, gaitasun eta ezagutza soziolinguistikoak trebatzeko astea. Izan ere, gizarte diglosikoaren ispilu baino ez da unibertsitatea eta fakultateko irakasleak kezkatuta daude etorkizuneko irakasleak izango direnen profil soziolinguistikoarekin. Irakaskuntza estilo klasikoetatik urrun, jolas eta pedagogia aktiboen bitartez, abagunea sortu dute ikasleek elkar ezagutu eta euskararako  mudak gauzatzeko. ARGIAk bisita egin die azken egunean.

Donostiako Hezkuntza Fakultateko ikasleak, Murgiltze Astearen azken egunean. Ikasleek giro jolastia nabarmendu zuten, baina azpimarratu zuten euskararen zapalkuntzaren historiaz jabetu zirela. Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA
Donostiako Hezkuntza Fakultateko ikasleak, Murgiltze Astearen azken egunean. Ikasleek giro jolastia nabarmendu zuten, baina azpimarratu zuten euskararen zapalkuntzaren historiaz jabetu zirela. Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

IGOA (Irakaslegaien Ohartze eta Ahalduntze Soziolinguistikoa) proiektua 2023an abiatu zuten, Mikel Laboa katedrak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta. Egitasmoan helburu dute etorkizuneko hezitzaileengan hizkuntza-kontzientzia kritikoa sustatzea, fakultateko irakasle eta ikerlariak jakitun baitira Hezkuntzako ikasleek, etorkizuneko irakasleek alegia, ezagutza soziolinguistikoa garatzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela egungo testuinguruan. Proiektuan murgilduta dauden irakasleek diotenez, aintzat hartzeko gaia da, etorkizunean, irakasteko erabiliko duten hizkuntzaren egoera eta ezaugarriak ongi ulertu ezean, ezin izango dituztelako ikasleen abiapuntu linguistikoak hauteman ezta behar linguistiko horiek egoki bideratu ere.

Etorkizuneko irakasleen profil soziolinguistikoaz kezkatuta
IGOA proiektuko kideen arabera, belaunaldi gazteenetan pisu handia hartu du gaztelaniaz euskaraz baino hobeki moldatzen diren hiztunen multzoak, baita irakasle izan nahi duten unibertsitateko ikasleen artean ere. 2023an osatu zuten Donostiako irakasleek Hezkuntza graduetako gaur egungo ikasleen argazkia, eta kezkatzeko hainbat elementurekin egin zuten topo.

Lehendabizi, aurkitu zuten ikasle askok ez dutela “euskararen egoera soziolinguistikoaren inguruko kontzientzia nahikorik”, eta hizkuntzaren auzia “ikuspegi indibidual eta liberal” batetik ulertzeko joera dutela. Hau da, hizkuntza-aukerak norbanakoaren hautu huts gisa ulertzen dituzte sarritan –“ateratzen zaienaren arabera” izaten dituztela solasaldiak, adibidez–, eta euskararen egoera, botere-harremanak edo hizkuntza baten erabilerak testuinguru sozialean dituen kausa eta ondorioak ez dituzte kontuan hartzen. IGOA proiektuak egindako azterketaren arabera, gazteen hizkuntza-diskurtsoetan ez da egiturazko aldagaien eraginik ageri, eta aldiz, “hizkuntza-portaeren naturalizazioa” da nagusi.

Irakasleen arabera, “orain irakasle-ikasketak egiten ari diren ikasleek izango dute hizkuntza komunitatea ahultzen ari diren joerak norabidez aldatzeko giltzetako bat”

Bigarrenik, eta orokortzerik ez badago ere, ikerketa horren arabera ikasle askok “ez dute etorkizunean irakasle-lanak eskatuko dien hizkuntza-gaitasun nahikorik”. Horrek kezka berezia sortzen die egungo irakasleei, hezkuntza-sistemako profesionalek euskararen transmisioan eta erabileran duten ardura handia baita.

Hirugarrenik, aipatutako ikerketak erakusten du fakultateko gazteek “hizkuntzen erabilera diglosiko naturalizatua” dutela. Horren adibide da ikaslea irakaslearekin euskaraz aritu bai, baina segidan taldekideekin gaztelaniara jauzi egitea.

Eta azkenik, ikerketak erakutsi du irakaslegaiek euskarazko oinarri kultural gutxi dituztela. Alegia, erreferente euskaldunak urri dituzte, eta beraz, euskarazko adierazpen kulturalekin lotutako bizipen gutxi. Are, azpimarratu dute irakaslegaiek ez dutela “euskararen historia ezagutzen, ezta euskarazko hezkuntzaren historia ere”. Nekez jabetzen dira, beraz, euskara hizkuntza gutxitua dela.

Hori dena batuta, etorkizunera begira koktel arriskutsuegia dela iritzi dute IGOA proiektuan murgildu diren irakasleek, bai baitakite gaur egun ikasten ari diren gazte horiek eragin-aukera biderkatzailea izango dutela irakasle direnean. Irakasleen arabera, “orain irakasle-ikasketak egiten ari diren ikasleek izango dute hizkuntza komunitatea ahultzen ari diren joerak norabidez aldatzeko giltzetako bat”.

Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA

Murgiltze astea, muda garaia
Egoera iraultzeko asmoz, irakasleek ibilbide bat diseinatu dute Hezkuntza gradurako. Bidea amaitzerako –lau urteko ikasketa-ibilbidea Lehen Hezkuntzako graduan; bost urtekoa Gradu Bikoitzekoan– ikasleek erdietsi beharreko hainbat ezagutza eta gaitasun finkatu dituzte. Lehen urratsa da orain arte abian jartzea lortu dutena: Murgiltze Astea izeneko esku-hartzea. Ikasturteko lehen astean, iritsi berriak diren lehen mailako ikasleekin ohartze eta ahalduntze soziolinguistikorako lanketa espezifikoa egin dute. 

Garrantzi handia ematen diote ikasleen lehen asteari. Elkarren arteko harremanak abiatzeko egunak dira, sozializazio-garai garrantzitsua, eta ikuspegi linguistikotik ere gakoa izan daiteke, elkar ezagutzen ez duten gazteek egun horietan finkatu baititzakete aurrera begirako hizkuntza-ohiturak. Egun horietan gaztelaniaz hasteak ekar dezake ikasturte osorako ohitura, eta alderantziz. Adituek diote unibertsitate garaia badela hizkuntza-erabileran aldaketak egiteko aukera on bat. 

Fenomeno horri hizkuntza muda deitzen zaio. Badira bizitzan zehar une jakin batzuk pertsona baten hizkuntza-errepertorioan aldaketak gertatzeko aukerak eskaintzen dituztenak, besterik gabe bizi-ohiturak edo ingurua aldatzen direlako. Ane Ortega, Estibaliz Amorrortu, Jone Goirigolzarri eta Jacqueline Urla ikerlariek, 2016an Deustuko Unibertsitateak Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera argitaratutako ikerketa lanean, erakutsi zuten euskara etxetik kanpo ikasitakoen kasuan, euskararako hizkuntza-muda egin duten hiztunen %21ek unibertsitatean egin duela. Zifrak iradokitzen du unibertsitatean esku hartzea ez dela galtzen uzteko aukera bat. Hor markatu zuten helburua, hain zuzen, proiektua diseinatu zutenean: nola egin unibertsitatera datozen ikasleek mudak egiteko, eta gainera, jakintza soziolinguistikoa handitzeko?

Norabide horretan, Euskal Herriko hainbat txokotatik heldutako gazteentzat lehen asterako estrategia diseinatu dute, jolasen eta pedagogia teknika aktiboen bidez, izango duten ardura linguistikoaz jabetu daitezen. Hortaz gain, unibertsitate-ibilbidean euskararanzko muda gertatzeko baldintzak sortzen saiatu dira.

Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA

Elkar ezagutzen
Murgiltze Astearen azken egunean egin diegu bisita, irailaren 11n. Elbira Zipitria eraikinean sartu eta gelaz gela ibili gara. Sei gela denera, bakoitzean hogei bat lagun. Kontatu digutenez, egun lasaia dute gaurkoa. Ikasleren batek eskertu du lasaitasuna, atzo estreinatu baitzuten ostegunetako parranda denboraldia. Eserita daude aulkietan, gelako pantaila handiari begira. 

Hasiera batean ez dirudi eszena oso berritzailea, pedagogikoki behintzat, baina begiak pantailara ihes egin digutenean atera zaigu irribarre lotsatia, egoera serio eta formalak umorez hausten diren momentuetan bezalaxe. Izan ere, editatutako Interneteko bideoklip xelebreak ari dira ikusten. Klase kideek, taldeka, bezperan editatu dituzte bideoklipak, eta adimen artifizialaren bitartez, euskarazko hitzekin moldatu dituzte kantuak. Lehian ari dira. Klase bakoitzetik irabazle bat aterako da, eta hamaiketakoaren ostean, beste geletako irabazleen aurka lehiatuko dira, final handian. Gainera, sorpresa txiki bat ere izango dute, finaleko aurkezlea Iker Iribarren sare sozialetako sortzaile donostiarra izango baita.

Hamaiketakora bidean harrapatu dugu gazte kuadrilla bat. Euskaraz ari dira beraien artean. Urrutitik antzeman daitezke euskalkiak. Gehienak eremu euskaldunetatik datoz, baina ez denak. Badira auzoko edo herriko kuadrillarekin gaztelaniaz aritzen diren Groseko (Donostia) edo Getxoko (Bizkaia) gazteak. Antza denez, sorpresa izugarria hartu zuten lehen egunean: “Pentsatzen nuen unibertsitatea serioa eta gogorra izango zela, baina klasera ailegatu eta lehen egunean jolasean aritu ginen, elkar ezagutzen”, dio batek. “Baina ez da dena jolastea izan!”, moztu dio beste batek. “Arrazoi, euskararen zapalkuntzaren historia landu dugu”, zuzendu du bere burua lehenengoak. Diotenez, institutuan ez bezala ikasi dute “euskararen historia botere harremanen baitan eta marko politikoa ulertuta”. Gustatu zaiela aitortu dute.

Irakasleek, 2024an egindako lehen astearen ondoren, balorazio positiboa egin zuten. Hiru onura azpimarratu zituzten txostenean. Hasteko, kideen artean “elkar ezagutzeko baliagarria” izan zela.  Bigarrenik, unibertsitatean “sarrera goxo bat” izan zutela gazteek. Eta azkenik, ikasleei norberaren hizkuntza-ibilbideari buruz hausnartzeko “oso baliagarria” izan zitzaiela. Goizegi da oraindik aurtengo edizioaren emaitzen berri izateko, ordea, jasotako datuak aztertu egin behar baititu taldeak, ekimenaren eraginkortasuna zenbaterainokoa izan den zehazteko eta ebidentzietan oinarritutako hobekuntzak egiteko.

Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA

Hasiera besterik ez
Hala ere, oro ez da urre, eta formula magikorik ez dago. IGOA taldeko irakasle eta ikerlariek aipatu dute duela bi urteko Murgiltze Astearen ondoren, ikasleekin jarduerak burutu eta beraien ekoizpenak ikustean, izan zutela inpresioa ikasleen hausnarketak ez zirela esperotakoak bezain sakonak izatera heldu. Horren atzean egon daitezkeen arrazoien bila hasita, konturatu ziren ikasle gehienei “urruti gelditzen zitzaizkiela landutako edukiak” eta, oro har, “hizkuntza-praktiken inguruko analisirako baliabiderik gabe heltzen direla unibertsitatera”.

Egiturazko auzia astebeteko ekimen batekin ezin dela konpondu jakitun dira. Horregatik proposatzen dute proiektua graduaren egituran integratzea, urtero-urtero gai soziolinguistikoak landu ahal izateko. Hala, graduko irakasleek aurtengo kurtso hasieran badute beren erronka propioa: Murgiltze Astera ez mugatzea, eta IGOA proiektua ikasleek unibertsitatean izango duten lau urteko ibilbide osora zabaltzea.

Fakultatean euskaraz gehiago egiteko desirak forma hartu ahal izan dezan dabiltza lan eta lan. Babes gehiagorekin, gainera, esperientzia pilotu gisa sortu zuten proiektua beste fakultate batzuetara hedatzeko aukera izango lukete, “diseinua finduta, material gehiago sortuta eta tokian tokiko beharretara egokituta”. Izan ere, oraina ez ezik, etorkizuna jokoan dagoela badakite. 
 


Irakurri gehiago: Euskara Hezkuntza Gizartea
Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Euskara kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.