Antropologia Forentseko Argentinar Taldean (EAAF) dabil Carlos Maco Somigliana (Buenos Aires, 1960) ia sortu zenetik, 1987tik. Argentinako diktadura militarreko krimenak azaleratu eta desagertutako biktimak identifikatzen aitzindaria da munduan erakundea, eta bera haren idazkaria eta erreferenteetako bat. Besteak beste, El Salvadorreko egiaren batzordeko kide izan zen, Etiopian hobi komunak induskatu zituen, eta Bolivian Ernesto Che Guevararen gorpua berreskuratzen jardun zuen. Antropologoa eta ikerlaria, hainbat sari irabazi ditu egindako lanagatik.
Eraman gaituen bilera gelako apaletan kuxkuxeatzen, Estela Carlotto Maiatzeko Amonen sortzailearen erretratua aurkitu dugu, Berta Cáceres Saria eman ziotenekoa; ekitaldi hartan Antropologia Forentseko Argentinar Taldea (EAAF) ere omendu zuten. Maco deitzen diote, lasai hitz egiten du, eta argazkilariak eskaini dion mate zurrupaden artean, oilo ipurdia jartzen duten historiak kontatu dizkigu Carlos Somiglianak.
Diktadura bateko krimenak epaitzea ez da ohikoa, eta Argentinari inbidiaz begiratzen diogu... Behetik gorako prozesu bat izan zen?
Kuriosoa da, badago pelikula bat, Argentina, 1985, Junta militarrari egindako epaiketa hari buruz. Nik parte hartu nuen eta Santiago Mitre zuzendariak gauza bera esan zidan, “inbidia” zela gehien entzuten zutena filma hara eraman zutenean [Donostiako Zinemaldiko Publikoaren saria irabazi zuen 2022an]. Bai, behetik gorako prozesua izan zen, jendea behin eta berriz saiatu zelako auzitara jotzen; estali arren, berriz agertzen zen gaia, hezetasuna azaleratzen den bezala.
1985eko epaiketan zuen aita Carlos Somiglianak azken alegatuaren zati bat idatzi zuen, Nunca más (Inoiz gehiago ez) esaldi ezagunarekin amaitzen zena.
Oso harro nago nire aitaz, eta bistan da esaldi hori norbaitek idatzi zuela, baina kontu handia eduki behar da horrelako gauzekin, alegatua askoren arteko talde lana izan zelako.
Zuk ere parte hartu zenuen epaiketan, nola bizitu zenuen?
Antropologia ikasi eta auzitegietan lanean hasi berritan, gertatzen ari zenaz ni ez nintzen oso kontziente, hasieran uste duzu gauzak beti direla horrela. Epaiketak une goren bat izan zuen, audientziaren unea. Jendeari ateak ireki genizkion hitza hartzeko, eta erresonantzia kutxa moduko bat izan zen. Areto barruan giroa gori-gori zegoen, alegatua ere in crescendo joan zen, eta hori guztia laburbiltzen zuen Nunca más esaldiak. Nik, gero, El Salvadorren euskal apaiz batzuk ezagutu nituen eta haiek ere hizlari iaioak ziren, gai ziren egoera dramatikoenak hitzetara ekartzeko... ba antzeko zerbait izan zen.
Talde lana aipatu duzu, eta EAAFen ere horrela aritzen zarete. Clyde Snow estatubatuarrak sortu zuen erakundea, J.F. Kennedy-ren edo Josef Mengele-ren hezurdurak aztertu zituen berak. Nolakoa zen?
Imajina ezazu gringo bat, ez bereziki sofistikatua, baina forentse oso ona, sistematikoa eta setatia. Gizona Oklahomatik ekarri zuten, non ohituta zegoen hegazkin istripuetan identifikatu gabeko pertsonak aztertzen. Ikusi zuen Argentinan diktadurako errepresio-zentro klandestinoak eta heriotza aktak erlazionatzen zituzten estatuko dokumentazioa zegoela, eta hari mutur fin bati tira egitea bezala izan zen.
Hemen jendea bahitu, hil eta betirako ezabatu nahi izan zuten, baita hegazkinetatik itsasoaren erdira botata ere. Estatuaren botere guztia erabili zuten eta uste zen ezin zela ezer egin horiek argitzeko. Ba berak, bere ikuspegi pragmatikoarekin esan zuen, “ez, zerbait egin daiteke, konplikatua da baina egin daiteke”. Zeren eta pertsona bakar bat identifikatu ahal izateak erakusten du desagertze-prozesua ez dela perfektua.
“1985ean militarrei egindako epaiketak, une goren bat izan zuen, audientziarena. Erresonantzia kutxa moduko bat izan zen, eta hortik ‘Nunca más’ esaldiaren indarra”
Deshobiratze baten atzean ikusten ez den ikerketa lan handia dago eta zu horretan aritzen zara.
Niri gehien interesatzen zaidana ikerketa historikoa da. Gauzak ikusten dituzu bananduta eta datuen bidez saiatzen zara horiek uztartzen. Mugitzen zara jakinda kasu bati buruz dakizun hori oso eskasa dela, baina batzuetan gauzak uste zirenaren guztiz kontrara gertatu ziren... burua irekita mantentzea da garrantzitsuena.
Ikerketa horien bidez Buenos Airesko zentro klandestinoen sare guztia azaleratu zenuten, eta San Fernando kanaleko upelen kasua ere argitu zenuten. Nola izan zen azken hori?
Asko markatu gintuen. 1976ko urriaren 14ko gauean, Prefekturako ofizial batek ikusten du pertsona talde bat San Fernando kanalera [Buenos Aires iparraldean] 200 litro inguruko upelak botatzen kamioietatik. Sumarioa ireki zuten, upelak atera eta ikusi zuten bakoitzean gorpu bat zegoela sartuta, zementuz estalita: bi emakume eta sei gizon. Gainera, emakumeetako bat haurdun zegoen, oso haurdun. Hatz marka eskas batzuk hartu eta izenik gabe ehortzi zituzten. 1989an espediente hori iritsi zitzaigun, eta haurdun zegoen emakumearen hatz txiki bateko marka oso egoera onean zegoela ikusi genuen... Ez daude hainbeste emakume urriaren 13tik 14rako gauean bahituak izan zirenak, haurdun eta hatz txikiko marka horrekin! Hortik aurrera identifikatu ahal izan genituen bera eta beste lau pertsona.
“Heriotzaren hegaldiak” ezagun egiten zaizkigu, baina halakorik!
Gainera, jakin genuen [Automotores] Orlettiko zentro klandestinoan eduki zituztela, eta zentro hartan modu horretan desagerrarazten zituztela torturaz hildakoak, beraien zigilua zen. 2012an beste upel batzuk azaldu ziren, baina gehiago egon behar dira, Orlettitik jende asko pasa zelako. Nik upelak bilatzen jarraitzen dut.
EAAFen munduko txoko askotan ibili zarete lanean, Bosnia, Kurdistan, Hegoafrika... Zuk Che Guevararen deshobiratzean parte hartu zenuen, nola gogoratzen duzu momentu hura?
Taldean lan egitearen beste irakaspen bat izan zen. Garai hartan Erdialdeko Amerikan ari ginen lanean, gerrak amaitu eta trantsizio prozesuak hasi zirelako: Guatemalan, El Salvadorren... Eta 1995ean [Mario] Vargas Salinas jeneralak aitortzen duenean Cheren gorpua Vallegrandeko (Bolivia) aireportuan lurperatu zutela, deitu egin gintuzten. Eta orduan kubatar taldea gehitu zitzaigun. Kubatarrak jende erabat desberdina dira, oso baliabide gutxirekin aritzera ohituta daude, baina taldean egiten dute lan. Tokia mapeatu, analisiak egin eta hiru eremu posible finkatu zituzten; bi urtez aritu ziren burugogor, azkenean aurkitu zuten arte. Dena oso arraroa izan zen, boliviarrak egoeraren beldur ziren, eta Cheren gorpua berreskuratu orduko handik irtetera derrigortu gintuzten; gauez amaitu behar izan genuen, argi artifizialarekin. Baina hala ere ondo atera zen, eta kubatarrekin lotura estua egin genuen.
“Hemen jendea bahitu, hil eta betirako ezabatu nahi izan zen, baita hegazkinetatik itsaso erdira botata ere; baina desagertze-prozesua ez da perfektua”
Euskal Herrian 1936ko Gerrako fusilatuen gorpuak bilatzen jarraitzen dugu, eta 90 urte pasa arren, senideek zauria oraindik barruan daramate. Nola uler liteke hori?
Desagertu baten senidea ez bazara eta hori pasa ez bazaizu, ulertzen zaila da. Dolu kristalizatu bat bezala da: ez duzu inongo elementurik bere heriotza baieztatzeko, eta zuk erabaki behar duzu hil egin zela; baina ez duzu erabaki nahi, ez duzu zure kargu hartu nahi hil dela esatearen kostu emozionala. Malvinetako soldaduen gorpuak berreskuratzen aritu ginenean, senideei odol mostrak hartu behar genizkien, eta haien amek esaten ziguten, “ados, emango dizut, baina bera ez dago hilda, badakit itsasontzi bat Malvinetatik Montevideora irten zela...”, zorakeria bat zen. Eta argazki baten bidez erakusten zenionean ez zela horrela, lasaitu egiten zen, eskertuta bezala.
Baina gorpu bat identifikatzea salbuespena da, gutxitan gertatzen den zerbait. Eta dolua egin behar izateko identifikatzeari garrantzi gehiegi ematen badiozu, jendearen gehiengo zabalari ari zara esaten ez duela halako aukerarik izango. Kontu handia eduki behar da horrekin.
“Desagertu” kontzeptua Argentinak zabaldu zuen mundura, baina eufemismo bat dela esan izan duzu. Azalduko duzu hori?
Hasieran zerbait unibokoa behar zen diktadura garaian jendeari egin ziotena azaltzeko, eta “desagertu” hitzak balio zuen, Nunca más esaldiarekin gertatu bezala. Baina momentu batetik aurrera hitzak muga batzuk dauzka, esan nahi duelako gorpua kokatu ezina den toki batean dagoela, adiera magikoa balu bezala. Baina et-et-et, geldi! Jendea ez zen desagertu, hau eta hau eta beste hau egin zieten, eta nonbait ezkutatuta daude, batzuetan hain ongi ezkutatuta, seguruenik ezin izango ditugula aurkitu ere egin. Heriotzaren hegaldi haietan itsasora jaurtitako gorpuen %1 besterik ez da azaldu, baina hori badira batzuk, eta beraz, benetan ez daude desagertuta.
Baina zergatik horrelako lanak hartu pertsonak desagerrarazten?
Bistan da, beraiek ere oso ondo zekiten zerbait izugarria egiten ari zirela.
50 urte ondoren, Javier Mileiren gobernuak krimen horien inguruko negazionismoa haizatzen du. Nola ikusten duzu gaur egungo egoera?
Nik uste dut gai hau sozialki erabakita dagoela; gertatutakoa ukatzea edo sinplifikatzea, hori ez du jadanik inork sinesten, iruditzen zait ez duela atzera bueltarik. Lehen aipatu dizudan filmean badago eszena bat non ama batek epaimahaiari galdetzen dion alaba hilda edo bizirik ote duen: “Tamalez ez dugu horri erantzuteko jakintzarik”, esaten dio epaileak. Orduan ere sektore batzuk moldatzen joan ziren, gizarteak eskatzen duen zerbait delako.
Gertatutakoa ez errepikatzeko, iraganaren transmisioari zer garrantzia ematen diozu?
Prozesu historikoak parekatzea aberrazio bat da, eta otsoa datorrela dioen mezua nahiko infantila iruditzen zait. Baina egia da iragana ez baduzu ezagutzen, xehetasun asko galtzen dituzula gaur egungoa bizitzeko. Argentinan melonear hitza erabiltzen dugu norbait hasten denean kosta ala kosta inor konbentzitu nahian. Hori kaka zahar bat da. Baina ahalegina egin beharko genuke jendeak behintzat bere buruari galdetzeko: “Che, nola demontre gertatu zen hori?”.
Buenos Airesko ESMAko (Escuela Mecánica de la Armada) eraikin-multzoa Argentinako zentro klandestino nagusiena izan zen diktadura militarrean. Gutxienez 5.000 pertsona bahitu eta torturatu zituzten toki horretan, eta oso gutxik lortu zuten bizirik ateratzea. Gaur egun, krimen horiek gogoratzen dituen museo bat eta memoriari loturiko erakunde askoren egoitzak daude, tartean Antropologia Forentseko Argentinar Taldearena.
Argentinan, 1976 eta 1983 artean, 30.000 lagun desagerrarazi zituztela kalkulatzen da, eta identifikatu gabeko pertsonen aztarnak gordetzen dituzte egoitzan. Desagertuen senideen odol-mostra banku handiena ere hor dago. Barruraino sartu gara, Virginia Urquizuk eta Lucas Guagninik lagunduta. EAAFeko Kasuen Unitateko koordinatzailea eta prentsa arduraduna dira, hurrenez hurren.
Armairuko tiradera sakon bat ireki eta milaka sobre ikusi ditugu. Bat atera du Urquizuk, eskularruak jantzita: "Ikusten? Odol tanta pare bat eta formularioa gordetzen ditugu, datu guztiekin", dio papertxo batean zirkulu gorri bi erakusten dizkigun bitartean. Beste sala batean hezurdurak daude mahaietan jarrita, aztertuak izateko prest. Orduan, Guagninik ate bat zabaldu du, eta urdin koloreko kutxez betetako apalategiak dituen gelan barneratu gara; ehundaka desagerturen gorpuzkiak dira, izenik gabe, izen bila.