Egungo garaia deskribatzeko eta analisi politiko zuzenak egiteko ezinbestekoa da mehatxuak ondo identifikatu eta sakon aztertzea, baldin eta horiei aurre egiteko anbizioa baldin badago, bederen. Errealitatea ukatzeko tentazioa ere ohikoa izaten da politikan, baina autokonplazentziak iraungitze data goiztiarregia du batzuentzat horren ohikoa izaten jarraitzeko. Ingurura begiratuta identifika genitzake sistema kapitalistaren krisia eta, horren ondorioz, bere berkonfigurazioa; identifika genitzake zaintza krisia, krisi klimatikoa, ongizate estatuaren gainbehera eta gerren areagotzea; etxebizitza krisia eta zerbitzu publikoena ere bai. Garrantzitsua da zerrenda horren atzean dauden eskuak eta indarrak ikusten jakitea.
Ereduen talka bete-betean, identitate aspirazionala da nagusi. Hau da: parte izan nahiko zenukeen lubakiaren alde egitea, berez zauden lubakiaren alde egitea baino
Nancy Fraser pentsalari eta politikari feminista estatubatuarrak ondotxo azaldu zuen hori guztia urrian Euskal Herrira egindako bisitan. Filosofoaren hitzetan, sistema kapitalista sistema kanibalista ere bada, bere existentzia posible izateko behar dituen lehengai eta baldintzak erretzen dituelako, bere burua immolatzen duenaren pare. Fraserren arabera, kapitalismoak natura, emakumeen zaintza lanak, sektore publikoak eta herritarren energia behar ditu bizirauteko, eta modu berean, bere ezaugarrietako bat horiek ustiatu, esplotatu eta desagerraraztean datza. Sistema kapitalistak sortzen dituen zapalkuntzak elkar elikatu eta hauspotzen dituela dio, eta ondorioz, borroken hierarkizazioarekin erantzun baino, zapalkuntzen eta zapalduen erantzun bateratuak proposatzen ditu agertoki horri aurre egiteko, Zohran Mamdani-k New Yorken sortu zuen koalizioa adibide gisa jarrita. Ez da besterik geratzen. Bizitzen ari garen garai polarizatuak hala eskatzen du. Are gehiago, polarizazio horren aurrean, ereduen talka bete-betean, identitate aspirazionala denean nagusi. Hau da: parte izan nahiko zenukeen lubakiaren alde egitea, berez zauden lubakiaren alde egitea baino. Horrela uler daitezke AEBetan, Kolonbian, Brasilen, zein beste hainbat herrialdetan langile klaseak eta etorkinek eskuin muturra bozkatzeko duten joera.
Garrantzitsua eta ezinbestekoa da aipatutakoa, zalantzarik gabe. Baina, nago, mehatxuak usaintzen jakitea besteko garrantzitsua dela, AMIA analisiaren (Aukera, Mehatxu, Indargune eta Ahulezia) ariketa kolektiboan, aukerak eta zirrikituak aprobetxatzen jakitea. Eta horretan, mehatxuek, etsipenek, edo ezintasunek lanbrotuta, sarritan, hankamotz geratzen gara. Sun Tzu gerraren artearen maisuak esaten zuen bezala, "aukerak biderkatu egiten dira aprobetxatzen diren heinean". Aukera da esperantza berria.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.