“Kulturak bere horretan, zehaztu gabe nola, ez du salbatuko gizartea pikutara joatetik”

  • Heriotzari ihesi, zelai zabalean korrikaldi betea; errekan behera oinez, gorputza aldatzen nabaritzea; arbasoen memoria haztatzea paisaia ezezagunean. Askapena, zama, nostalgia, arroztasuna, itxaropena... Sentsazio horiek guztiak eta gehiago biltzen dituzte Ane Zubeldiaren (Hondarribia, Gipuzkoa, 1994) Datorren udan ez gara hemen biziko (Elkar, 2026) liburuko ipuinek. Ahozko zein idatzizko poesian, dantzan eta musikan aritu ostean, irautearen baitako ezinegonak zeharkatutako lana ekarri digu oraingoan artistak.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Lehenengo ipuin-liburua duzu hau. Zelakoa izan da idazketa-prozesua?
Lanketa nagusia izan da ipuin bakoitzari bere unibertsoa, bere hizkuntza, bere forma aurkitzea. Denbora asko eman dut horretan. Idazten, lana exekutatzen, ez hainbeste; konparatuta “buruan” idazten eman dudan tartearekin. Ipuin batzuk forma nahiko ohikoa dute, baina beste batzuen kasuan buelta asko eman dizkiot horri. Bilaketa eta aurkikuntza prozesua izan da.

Hasteko, normalean, intuizioak esaten dit, gai konkretu bat. Apunteak hartzen ditut, biltzen ditut interesatzen zaizkidan materialak… Liburu honekin ari nintzela, halako collage handi bat egin nuen irudiekin, ipuin bakoitzaren unibertsoa osa zezaketen elementuekin, argazkiekin, testurekin, testu zatiekin…

Bestalde, ez dut sufritu idazten; hori harrigarria izan da. Utzi dut gauza bakoitza gara zedin, bere denborarekin, presarik izan gabe ezer ateratzeko. Horrek lagundu dit.

Horretan beharbada lagundu du ibilbide bat izateak, ez? Urte asko daramatzazu idazten eta sorkuntza-giharra lantzen. Hain zuzen, elkarrizketa batean aipatu zenuen “idazle argitaratu” izateko presioa, eta harritu ninduen, kanpotik ez baitirudi horrek gehiegi hertsatu zaituenik.
Orain ez, baina zure adina neukanean bai! Unibertsitate-garaian, edo hori eta gero, askoz okerrago neraman. Eta, aldi berean, saiatzen nintzenean presio horrekin idazten, ez nuen lortzen. Kontra (Susa, 2025) atera baino lehen aurkeztu nintzen sariketetara, ez nuen irabazi, sekulako kolpeak hartu nituen…

“Promesa gazte” zaren bitartean jasotzen duzu arreta bat, eta sentitzen duzu aprobetxatu behar duzula, zeren gero beranduegi izango da. Eta, gainera, argi dago emakumeak eta genero-disidenteak promesa gazteak direla, edo, bestela, ez direla existitzen. Horri lotutako kezkak bizi izan ditut, bai. Orain, bi liburu hauek aterata, ez naiz batere damutzen lehenago argitaratu ez izanaz, uste dudalako orain arte ez neukala ateratzeko prest zegoen ezer.

Esan duzun legez, ipuin bakoitzak badu bere idazkera, genero aldetik ere nahiko desberdinak dira… Beraz, zein esango zenuke dela lan honen haria?
Uste dut oso liburu sentsoriala dela, edo horri apelatzen saiatu naiz, behintzat. Gai aldetik, hari partekatu bat bada denboraren joana, horri buruzko hausnarketa.

Irautea edo ez irautea.
Eta hau desagertzen denean zer: zer geratuko da, geratuko ez den hori nola jaso… Uste dut hori izan dela nire obsesioa, eta, gero, ipuin bakoitzak badaukala bere gai potoloa.

Generoari dagokionez, hasieratik eduki nuen argi ez nuela nahi ipuinak guztiz errealistak izaterik. Erreferentziak aurkitu ditut horretarako. Batzuetan, ez dena oso errealista da, agian, kontaketa-mekanismoa. Bigarren ipuinean, Irautea posible balitz bezala izenekoan, testigantza ezberdinen artean sortzen den talkatxo horretan dago, beharbada, “magia”. Beste batzuetan, berriz, badago zientzia fikzioari keinu esplizitu bat, edo errealismo magikotik gertu egon daitekeen elementurik. Izan ere, iruditzen zitzaidan, segun eta zertaz hitz egiteko, errealismo hutsa ez zela nahikoa.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Aldi berean, egin dituzun hautuak oso sotilak dira. Literaturak eskatzen du hori, ez? Neurritsua izatea, zentzua izatea denak, irakurlearekin negoziazio bat baita.
Bai, hemen ukituak izan dira. Ipuin batzuetako elementu magikoek hainbat irakurketa eskaintzen dituzte. Ez da itxia, adibidez, hirugarren ipuineko lamien figura: benetakoak diren, protagonisten barruan dauden... Hori izan da gehien kostatu zaidana, oreka hori aurkitzea. Beldur handiena delako jendeak ez ulertzea, edo ebidenteegia izatea eta irakurlea tontotzat tratatzea. Uste dut lur desegonkor horretan jolastea dela zailena eta interesgarriena.

Ondorioz, badira ariketa eskatzen duten ipuinak. Noranzkoa markatzen duzu, baina ez helmuga zehatza.
Nire helburua zen sentsazio bat uztea, irakurleak konektatu ahal izateko berari dagozkion bizipen horiekin. Fikziozko gertakari batzuk dira, eta irakurleak berak kokatu behar ditu. Ez neukan batere gogorik esateko irakurleari zer pentsatu behar zuen: ez pertsonaien inguruan, ez gertatzen ari zenaren inguruan, ezta pertsonaia hauen baitan dagoen gizartearen inguruan ere. Ez neukan gogorik oso ipuin diskurtsiboak idazteko. Sorkuntza-generoaz ari ginela, esan dugun bezala, nik iritzia eman nahi badut, iritzi-artikulu bat idatz dezaket. Mejillón Tigren [ahozko poesia-emanaldietan] ere jolasten genuen horretara: diskurtso hutsa zen. Egin dut hori beste toki batzuetan, eta horri esker eman diot baimena neure buruari egiteko liburu bat ez dena super feminista, adibidez; niretzat, bada, baina...

"Ez neukan batere gogorik esateko irakurleari zer pentsatu behar zuen"

Ez da panfleto bat.
Bai, ze panfletoek, behar ez den tokian, ni, irakurle moduan, moskeatu egiten naute.

Ipuin gehienetan gertakari txiki, itxuraz xumeetan jarri duzu fokua.
Gehienak errelato handien kontrakoak dira. Pare bat kasutan abiatu nintzen puntu askoz epikoagoetatik, eta ez zuten funtzionatzen. Azken ipuinean [protagonista munduaren egoera apokaliptikoari aurre egiteko bunker batean bizitzen jarri den gizataldeko kidea da; lanak banatzeko unean, poeta legez aurkezten du bere burua, eta, nora bideratu jakin barik, garbiketa esleitzen diote], hasieran, pertsonaia nagusia zen bunker horretako agintari bat. Baina, azkenean, ipuinaren oinarrian dagoen galdera da: apokalipsian, zer funtzio beteko du poesiak? Hortik tiraka, askoz interesgarriagoa iruditzen zitzaidan aztertzea nola bizi den halako bunker bateko garbitzailea. Zeina poeta den!

Uste dut, faxismoaren garaian, ulertzekoa dela gu ere saiatzea errelato handiak eraikitzen. Baina erresistentzia badago irudimenean ere, eta gordetzean halako txokoak beste gauza batzuentzat. Ze, bestela, biziraupen hutsa oso gogorra izango da.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Ukigarriagoa da hori epika handiak baino.
Bai. Ipuin hori idazteko, erosi nuen liburu bat Contra la distopía (Distopiaren aurka; La Caja, 2021). Hark badio Black Mirror bezalako fikzioak desmobilizatzaileak direla, pentsarazten digutelako erretratatzen dutena dela gaizki dagoen gizarte bat, eta gurea, berriz, egoera hobean dagoela. Eta okerrago egon gintezke, baina gu ere oso gaizki gaude. Distopiaren zain gaude, distopian.

Horren aurrean, irudimena aldarrikatu nahi nuen nik. Nakar musika taldeak badio: “Errazagoa da irudikatzea munduaren amaiera diruaren amaiera baino”. Bada, hori da egin behar dugun ariketa: irudimena landu, gihar bezala, eta aldarrikatu pentsamendu literarioa etorkizun bizigarriak irudikatzeko.

Izan ere, era berean, Ixiar Rozasek Sonar la voz-en (Ahotsa entzunarazi; Consonni, 2022) dioen bezala, landu behar duguna irudimen kritikoa da. Ze, berez, irudimena erabil daiteke algoritmoak elikatzeko, zelata-sistema efizienteagoak sortzeko... Kapitalismo liberal salbaia da diskurtsoa, sormena eta irudimena halako modu idealizatuan sustatu nahi dituena. Irudimena mundu honetako pertsona gaiztoenek ere erabiltzen dute-eta. Auschwitz norbaitek irudikatu zuen. Orduan, uste dut zorroztu behar dugula diskurtsoa alde horretatik, kontzienteki erabaki behar dugula norantz bideratu irudimena.

Azken aipua: orain gutxi entzun nion Ocean Vuong-i kontuz ibili behar dugula esaten dugunean kulturak gizartea salbatuko duela eta halako diskurtso pixka bat anbiguoekin. Hark naziak aipatzen zituen: ez-dakit-zer nazi beldurgarri Beethovenen oso zalea zen.

Hain zuzen, nazismoak sekulako lanketa egin zuen estetikarekin eta, adibidez, kultura klasikoaren baitako iruditegian eragina izan zuen.
Hori da. Halako esloganak oso ondo geratzen dira, baina bidaltzen duten mezua... Fatxa guztiak ez dira libururik inoiz irakurri gabeko tontoak. Kulturak, bere horretan, zehaztu gabe zertaz ari garen, ez du salbatuko gizartea pikutara joatetik.

Horrekin guztiarekin esan nahi dudana da niri epika ez zaidala gustatzen, iruditzen zaidalako zulo asko izan ditzakeela, eta ñabardura asko uzten dituela alde batera, nahitaez. Beraz, ondo dago momentu epikoak bizitzea, baina kontuz.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Zure lanera itzulita, bada horizontaltasun bat gizakien eta inguruaren artean. Agerian geratzen da munduko gauza guztien arteko lotura, eta paisaia ez da, askotan den moduan, pertsonaien barne-munduaren isla hutsa.
Ez, hemen paisaia sartzen da pertsonaien barrura, eragin egiten die. Eta nik uste dut hori guri ere gertatzen zaigula. Nire helburua zen pertsonaia horiek ez egotea beste inon. Bilbon kokatuta dagoen ipuinean, adibidez, pertsonaia horrek hiri batean egon behar du; hiriak dakarren saturazio-maila bizi duen norbaitek ezin du egon, demagun, Beran (Nafarroa). Hirugarren ipuinean, bestalde, badauzkagu hiru neska gazte, nerabe, haien gorputza eta izaera inoiz baino gehiago aldatzen ari diren garaian, erreka baten baitan mugitzen. Ipuin horrek ezin zuen beste inon kokatua egon, errekarik gabe ez luketelako izango etengabeko joanaren sentsazio hori.

Fedea, orokorrean, bada behin eta berriz agertzen den gai bat.
Pertsona ez-sinestun bezala zaila da mundu hau nabigatzea. Erlijio batek edo, finean, edozein ideologia zurrunek, maila batean edo bestean ematen dizu epika bat, helduleku oso indartsu bat. Ni naiz pertsona bat dagoena obsesionatua sektekin, izan ere, liluratu egiten nau pertsona batek bere bizitza abandonatu ahal izateak, ez fede konkretu batengatik, baizik eta ziurtasuna edukitzeagatik. Aldi berean uste dut gaur egungo arrisku handienetako bat dela. Eta liburukoak badira ziurgabetasunean mugitu nahi duten kontakizunak.

Memoria ere gai inportantea da.
Bai. Something something ipuinean, adibidez, argi eta garbi. Amaierak pertsonaietako baten oroimenari jarraitzen dio: kanta bat jartzen dute, eta horrek abiarazten du oroitzapenera itzulera. Oroimen-ariketa horretan, seguruenik, bizi izandakoa idealizatzen duzu, edo demonizatzen duzu.

Idazketak, azkenean, badu zerikusia horrekin: gauzak nola gogoratzen ditugun, eta nola gogoratu nahi ditugun. Bada modu bat memoria jasotzeko. Uste dut ariketa literarioaren parte dela metatutako bizipen horiei zer forma eman, nola gorde. Norbere buruarekiko jokoa da: errealitatea beti dago oinarrian, baina, gero, elementu errealei erreferentzia gehienak norberak, idazleak baino ez ditu ezagutzen.

Irauteaz ari gara, eta zu ahozko diziplinatan aritu zara orain arte. Orain, aldiz, paperean ari zara gehiago. Pentsatu duzu idazketan irauteko era moduan? Desberdin idazten duzu papererako edo ahozkorako?
Ez. Gehiago da nola komunikatu jendearekin. Hainbeste urte pasatu eta gero idazten eta argitaratu gabe, gogoeta handia egin dut papereratu edo ez, zer argitaratu... Eta, gaur egun, sorkuntzari ikusten diodan zentzua da sortzea momentu bat bestearekin partekatzeko. Hala, zein da modurik onena nik kontatu nahi dudan hau komunikatzeko? Batzuetan zuzeneko bat da, Mejillón Tigreren kasuan bezala. Orain, dantza-pieza baten sorkuntzan egon naiz, M izenekoa. Pieza nahiko abstraktua da, eta dantza garaikidearen kodeak ezagutzen ez dituztenentzat pixka bat arrotza izan daiteke. Baina, hala ere, estreinaldian ikusi genuen bezala, halako zerbait eskaintzerakoan, jendearentzat espazio bat sortzen duzu, 50 minutuz behatzen egoteko. Gero gauza bat edo bestea irudituko zaio, baina, egun, hain entretenituta gaudenean non ez daukagun denborarik ez espazio mentalik behaketari dedikatzeko, sortzea halako espazio txikiak iruditzen zait dela egin dezakegun onena.

Liburuaren kasuan, nik ez nuen presente egon nahi jendeak esan nahi nuena jasotzen zuen unean. Nahi nuen bakoitzak irakur zezan une eta egoera desberdinean, berean. Idatzirako aukeratzen ditudan gaiak badira jendeak bakarrik, edo, nahi bada, bakarrik nirekin irakurtzeko.

"Gaur egun, sorkuntzari ikusten diodan zentzua da sor daitekeela momentua bestearekin partekatzeko"

Azken kontua: azken Igartza saria izan zara... Beharbada, historian.
Espero dut ezetz! Saioa Alkaizak sariari uko egin zionean, izan zen... Tira, ni ere egon nintzen bigarren zatiari uko egiteko, baina ekonomikoki ez zitzaidan bideragarria. Buelta asko eman nizkion, diruaren parte bat eman nion elkarte bati...

Bestalde, pixka bat amorratu ninduen ikusteak batzuetan kulturako langileok zer erantzukizun daukagun. CAFeko langileren batek planteatu du begiratzea negozioaren ehuneko zenbat dagokion Israeli, eta uko egitea bere soldataren parte horri? Argi dago Saioaren [Alkaiza] keinua oso ausarta eta oso beharrezkoa izan zela. Baina, bestalde, kultur munduko kideok, ahotsa izan eta prentsan agertu arren, ekonomikoki askotan ez dugu botere handirik. Erabaki potoloa da, eta halakoak bakarrik uztea kultur munduko jendearen esku, eta ez beste sektore batzuetako langileen gain, bada, pixka bat injustua da.

Edonola ere, espero dut dirulaguntza berrabiaraztea. CAF gabe, noski. Izan ere, tranpolin handia da gazteentzat, eta hura gabe oso zaila da idazteko denbora hori hartzea. 


Euskal literatura kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.