Ez dot amaitu
Amorante
Autoekoizpena, 2026
--------------------------
1989an, hainbat zientzialarik 52 hertzetan abesten duen bale bat topatu zuten. Beste baleek egiten duten kantutik erabat aldendu egiten da, eta horregatik ezin jakin zein espezie den. Ez dute balea topatu oraindik –soilik haren soinua–, baina gauza bat da ziurra: balea bakarrik bizi da. Litekeena da bere espezieko kide bakarra izatea. Itsaso erraldoian bakarrik bidaiatzen duen animalia.
Halaxe eskaintzen dio lehenengo kanta Iban Urizar Amorantek bale bakartiari. Akaso bere burua ere holaxe ikusiko du tarteka, egiteko erraldoiaren barruan nabigatzen duen animalia bakartia.
Amoranteren lanak ez dira lehenengoan sartzen. Baina hau ez da eusnob ariketa, “ulertuko duten” entzule komunitate sofistikatuaren plazer hantustea. Nire ustez, kasik alderantziz da. Ulertzeari uko egin eta moldera egokitu beharraren diktaduratik ihes egiten duenaren gozagarri.
Hartu denbora. Burger King eta Tiktokera ohituta bazaude, are gehiago. Maisuren bati entzun nion esaldi irrigarria: “Denok meditatu beharko genuke egunean hogei minutuz; denborarik ez baduzu, orduan, egunean ordubetez”. Sara Zozayak esango zuenez: etzan eta ixo.
Niretzat Amorantek badu artista handien magia. Kantuak gehiago edo gutxiago gusta dakizkizuke (falta zena!), baina bere jarrerak, bere proposamenak, egiten duenean sinisteko duen manerak, ezinbesteko artista bihurtzen du. Kantu politak egitea erraz samarra da. Baina hori ez da artistaren lana. Artistak egin ez dena egitea du xede, eta espazio berri bat sortzea. Lehen ez zegoen mundu bat eskaintzea arreta jarri nahi duenarentzat.
Horixe da Amorantek ematen diguna. Urteetan lantzen ari den begirada propio bat, garatzen doana. Gure tradizioak berrasmatzeaz gain, gure etorkizunak irudikatzen laguntzen duena. Gutxi irudituko zaizue! Ni, bale bakarti horretara igotzeko prest.