Ahul

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Iraileko malda are malkartsuagoa izan da Euskal Herriko bi herritan: hilketa lazgarri banak kolpatu dituzte Azpeitia eta Barakaldo. Puzzleak osatzeko pieza asko falta dira oraindik, baina informazioa erruz eman digute hedabideek. Kointzidentzia batek hartu zuen nire arreta: lehen hilketa Azpeitiko Garmendipe futbol-zelaiaren ondoan gertatu zen; bigarrena, aldiz, Barakaldoko Lasesarre futbol-zelaiaren inguruan. Egon ote da saiakerarik futbola krimen horiekin lotzeko? Ez dakit, ez nabil gehiegi sare sozialetan, baina ikusita gaude errege-kirolari zenbait krimen –arinxeagoak, normalean– egozteko ahaleginak: esaterako, erdarara bultzatzen dituela gaztetxo euskaldunak. Eta hala dela dirudi, ikerketetan oinarrituta.

Martxoan mintegi jakingarri batean izan nintzen, eta gai nagusia zen euskaran ardaztutako hezkuntza eleaniztuna. Ipar eta Hego elkarrizketan, mugan bertan dagoen eraikin batean, eta mugaz gaindiko ikuspegia askotan presente, gustura ni. Mahai-inguruetako batean, aisialdia, kultura eta kirola hartu zituzten hizpide. Mikroa eskutan, erakundeetako ordezkariak eta euskalgintzako kideak. Haietako bik seinalatu zuten futbola, nahiko suharki, eta ez onerako, noski. Esan bezala, haurrak eta gazteak tokian tokiko erdarara eramaten ditu futbolak, edo aldagai oztopatzailea da, behinik behin. Bada, ikus-entzuleak konbentzitzeko estrategia desberdinak erabili zituzten: futbol-mundua euskalduntzeko asmo handinahiak abandonatuta, futbola kirol gisa erridikulizatu zuten, batetik –22 lagun baloi baten atzetik korrika, eta abar, badakizue–; bestetik, “bertako” kirolen alde futbola baztertzeko proposamena luzatu zuten, “bertako” kirolek euskarara erakartzen dituelako, eta, horrez gain, genero-ikuspegitik futbola ez delako inklusiboa.

Futbol-mundua euskalduntzeko asmo handinahiak abandonatuta, futbola kirol gisa erridikulizatu zuten

Futbolari oldartzeko gogoa ikusi nuen, hordagoa jo balute bezala, baina ez ninduen konbentzitu. Aldarri ustez indartsuak entzun nituen, baina ahultasuna sumatu. Hegemoniari neurria hartu ezina, eta ezinbestean hortik kanpo kokatzeko deia: periferian, nahi baduzue. Patioetan futbola mugatzearen alde nago –baloiak debekatzeak zalantzak sortzen dizkit–, eta nahi nuke haurrek aukera izatea beste kirol batzuk probatzeko; izan ere, zer mundu litzateke hau ume guztiek kirol bera praktikatuko balute?

Aste horretan bertan sinposio bat antolatu zuen Bartzelonan Plataforma per la Llenguak, hizkuntza gutxituak eta futbola uztartuta, eta elkartearen lerroburuak ez zuen zalantzarako tarterik uzten: El futbol es reivindica com a espai clau per normalitzar el català en un simposi de Plataforma per la Llengua (“Futbola katalana normalizatzeko eremu giltzarri gisa aldarrikatu dute Plataforma per la Llenguaren sinposio batean”). Zezenari adarretatik heldu, ahal dutelako, edo ahal dutelakoan, behintzat. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Futbola Kirola Euskara
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.