Zubi beldurgarria

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Trapagarango Salcedillo eta San Gabriel auzoak lotzen dituen zubitik igarotzea beldurgarria da benetan. Ez du erreka edo ibairik zeharkatzen, asfaltozko itsaso bat baizik. Hogei errei baino gehiagoren gainetik pasatu behar da, abiadura bizian doazen ehunka autok sortzen duten melodia arritmiko eta desafinatuek gure gorputzaren alarma guztiak aktibatzen dituzten bitartean. Alde bietara begiratu eta hesi altuek lasaitu egin gaituzte. Lasaitasun horrek, baina, gutxi iraun du. Zubiaren amaierara ailegatutakoan hesia amaitu egin da, eta paisaiari hobeto begiratu ahal izan diogu. Orduan, Supersurraren eta A8aren arteko loturari so egiten diogun bitartean, kezka bueltan etorri zaigu.

Oraingoan, ordea, kezka ez da belarritik etorri, iturburua ez da instintiboa izan, oraingoan arrazoiak piztu digu alarma… eta hori beti da beldurgarriagoa. Izan ere, paisaia horrek zuzenean ekarri dizkigu burura udako bero-boladak eta klima-aldaketa; arin-arin igaro den auto baten zaratak AEBek Iranen jaurtitako misilak ere gogorarazi dizkigu… Bat-batean, garraio sektorearen CO2 isuri eta petrolio kontsumoaren inguruko estatistika mardul eta hotzak gure aurrean gorpuztu dira. Geografia fosilaren panoramika horrek barruak harrotu dizkigu.

Lasaitasun bila ezkerrera begiratu, eta hortxe agertu da tunel beldurgarriaren espektroa, geografia fosilaren monumentu horri pieza bat gehitu nahi baitiote oraindik: Subflubiala.

Leioa eta Trapagaran lotuko lituzkeen errepide horrek 11.000 auto gehiago jarriko lituzke zirkulazioan, eta auto pribatuan oinarrituriko garraio-eredua betikotuko luke

Leioa eta Trapagaran lotuko lituzkeen errepide horrek 11.000 auto gehiago jarriko lituzke zirkulazioan, eta auto pribatuan oinarrituriko garraio-eredua betikotuko luke. Antza Bizkaiko Diputazioak munstro hori elikatzen jarraitu nahi du eta Bizkaia osoa kotxearentzat birmoldatu. 1990etik garraioaren CO2 isuriak bikoiztu (ia hirukoiztu) egin dira, baina, antza, hori ez da nahikoa eta kolapsorako bidean bultzadatxo bat behar dugu.

Pilatutako kezka eta beldur guztia antsietate bihurtzen ari den une horretan, hesiari berriro begiratu eta ikusi dugun kartelak lasaitu egin gaitu. Anime estetikak atentzioa eman digu. Hurreratu eta Bizkaia Zubiaren aurrean leherketa bat ageri dela ikusi dugu, eta horren gainean guretzat edozein pilula baino lasaigarriagoa den leloa: Subflubiala geldituko dugu!

Orduan gogoratu dugu diputazioaren makineria guztiari eta eraikuntzaren eta autogintzaren lobbyari aurre egiten gabiltzanok gero eta gehiago garela. Orduan gogoratu dugu Urdaibain erakutsi digutela irabazi dezakegula.

Bat-batean, beldurra eta antsietatea borrokarako grina bihurtu dira. Urriaren 24an, denok Getxoko Itzubaltzeta auzora! 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.