1930eko hamarkadan, Bizkaiko kostalde gosetuan, Ingalaterrako ontzi erraldoi batek hondoa jo eta ikatzaren bila jo zuten Algortako (Getxo) baserritar xumeek; horixe kontatu zuen Ramiro Pinillak Las ciegas hormigas eleberrian (Tusquets, 1961), eta horixe ekarri du pantailara Igor Legarretak Inurri itsuak pelikulan. Itziar Ituño (Basauri, Bizkaia, 1974) eta Urko Olazabal (Bilbo, 1978) ditu protagonista, Josefa eta Sabas hurrenez hurren. Donostiako Zinemaldiko lehen egunean estreinatu dute pelikula, alfonbra gorriak oraindik jartzen ari ziren hirian. Urriaren 9an estreinatuko dute pelikula Hego Euskal Herriko zine aretoetan.
Euri zakarrak egin die ongi etorria Inurri itsuak pelikulako kideei, publikoa girotu nahian balego legez, ekaitza baitu protagonista pelikulak, Ituñoren eta Olazabalen baimenarekin betiere. “Nahiago nuke alfonbra gorrian hasiko balitz”, dio barrezka Olazabalek. Zinemira saila ireki du pelikulak, Donostiako Zinemaldiak Euskal Herriko zineari propio eskaintzen dion sailean. Bi aktoreak aspaldiko lagunak dira, hori nabari zaie batak bestearen esaldiak osatzeko duen moduan; pelikularen emanaldia baino ordu batzuk lehenago, bi protagonistekin egon da ARGIA.
Zinemira saila irekiko duzue. Zelan sentitzen zarete? Ze sentsazio dituzue?
Itziar Ituño: Egia esango dut: apurtxo bat arraroa da Zinemaldiaren beraren irekiera gala baino aurretik zabaltzea Zinemira. Ematen du jendea oraindik prestaketa lanak egiten dabilela, eta gu jada lanean gaude. Alde horretatik pixka bat ezberdina da; baina, gainontzean, oso pozik gaude hemen estreinatzeko aukera izan dugulako. Sarrerak segituan agortu dira, eta beharbada pase gehiago beharko lirateke, aretoa ez baita handia, ertaina da. Baina tira, zorte handia da hemen egotea.
Urko Olazabal: Sarrerarik ez egotea seinale ona da; baina, jakina, gure pelikula botako duten aretoa ez da Kursaala.
Behin baino gehiagotan galdetu dizuete: Zinemiran aurkeztuko duzue filma, ez Sail Ofizialean. Euskarazko zineari kostatzen zaio sail prestigiotsuenean sartzea?
I. Ituño: Ez dakit zein izan den arrazoia sail horretan ez sartzeko. Egia da azken urteetan euskaraz egindako pelikulak izan direla Sail Ofizialean, ez dakit aurten egoera zailago zegoen, edo zer gertatu den. Baina pixka bat desilusioa ere bada, esfortzu handia dago atzean, esfortzu titanikoa izan da horren pelikula konplexua altxatzea. Eta tira, agian pixka bat gehiago espero duzu. Baina horrela tokatu da.
U. Olazabal: Nire ustez lehen euskarazko zinemak konplexua zuen maila batera heltzen ez zelako, baina maila hori jada gaindituta dago. Bilbon ekoiztu genuen pelikula, Punta Zorrotzako estudioan: 2.000 metro karratuko estudioa sortu dugu, hori Hollywood da eta hemen daukagu, Euskal Herrian. Eta gainera euskaraz egindako pelikula batekin. Horregatik, bada garaia Sail Ofizialean sartzeko; guk konplexuak kendu ditugunez, ea pelikulak bidaiatzen duen, internazionalizatzen dugun. Hori da gure asmoa.
I. Ituño: Helburua da nazioartean ikustea, baina jatorrizko bertsioan. Hor tranpa egiten digute.
Bikoiztuta banatzen dituzte euskarazko pelikulak.
I. Ituño: Zinema areto askotan. Lagun asko joan dira Madrilera nik egindako lan bat ikustera eta hara non erdarara bikoiztuta ikusi behar duten.
U. Olazabal: Eta, gainera, beste pertsona batek bikoiztuta, ez norberak. Egia da eskaintzen digutela guk bikoizteko, baina ukatzen dugu. Zertarako bikoiztu behar da? Hizkuntza koofizial batean entzuteko?
I. Ituño: Badago uste bat “euskaraz egiten baduzu, ez duzu salduko” dioena, eta hori batzuen buruan iltzatuta dago. Nire ustez kontrakoa da: guk daukaguna ez du beste inork egingo. Exotikoa da, bitxia, eta geurea. Hori lau haizeetara zabaldu behar dugu.
U. Olazabal: Euskara bitxia da, altxor bat. Eta horretarako dira promozio linguistikoak eta ezartzen diren pizgarri fiskalak. Baina inkoherentzia kulturala da hona pelikula grabatzera etortzea eta euskarazko jatorrizko bertsioa bikoiztea. Lau haizeetara heldu behar du, Espainiara ere bai, jatorrizko bertsioan.
Hain zuzen ere kulturgintzako esparru askotan kritikatu dute pizgarri fiskalak direla-eta, Espainiako zine ekoizle asko datozela pelikulak grabatzera.
U. Olazabal: Onura asko ekarri dituzte pizgarri fiskalek, industria hona ekarri dutelako eta aurrekontu handiekin jokatzen dugulako orain. Talde teknikoa hemengoa kontratatzen dute eta zentzu horretan ez dago langabeziarik; baina alde artistikoa kanpotik dator. Ez dago kuotarik euskal aktoreak kontratatzeko. Hori bai, gauzak mozorrotzeko sartzen dituzte, baina euskaldunak bakarrik aktore taldeetan gaude, ez gaude ez pertsonaia printzipaletan ez bigarren mailakoetan. Ez da gure kasua, baina hori gertatzen da.
Euskal Herrian grabatutako pelikuletako zenbaitetan Euskal Herria, euskal kultura eta euskara atrezzoa baino ez direla ere salatu dute. Garrantzitsua da gurea geuretik eta guk gerorrek kontatzea?
I. Ituño: Gure istorioak bultzatzea, gure ikuspegitik, guk idatziak izatea oso garrantzitsua da. Oso ondo, Hollywood etorri da, baina gu ez gara hara joan; ez badugu geurea antolatzen nekez egingo dugu aurrera nazioarteko uretan.
U. Olazabal: Hona datoz eta pelikularen gastuaren %50 Bizkaian egiten badute, adibidez, %60ko atxikipen fiskala ematen diete; pelikula euskaraz bada, %70. Kontu horrekin etortzen dira kanpotik, dirua jasotzen dute; eta euskaraz da jatorrizko bertsioa, baina bikoizten dute. Horrek ez du koherentzia kulturalik. Ez zara ari pelikula promozionatzen, saltzerakoan beste bertsio bat pasatzen duzu-eta. Ahoa betetzen zaie esanez euskara hizkuntza koofiziala dela, baina gero beste batera bikoizten dute.
Hain zuzen ere, Las ciegas hormigas da pelikula oinarri duen liburua, gazteleraz; baina pelikula euskaraz da. Hor hautu kontziente bat egon da.
I. Ituño: Bai. Baina ez gurea.
U. Olazabal: Guri hasieratik horrela eskaini ziguten.
Gainera ez edozein euskaratan, bizkaieraz da. Berezia da?
I. Ituño: Niretzako oso polita izan da, oso hurbil daukat-eta, baina ez da nire bizkaiera. Ni euskaldun berria naiz, kalean ikasi nuen, Txorierrikoa eta Arratiakoa nahastuta. Eta euskara hau nahiko batua da, hautua izan baita denek ulertzea, baina ñabardura batzuk ditu Algortan esaten diren esamolde batzuenak. Berba batzuk sartu dituzte afronte, hatxak, negar-anpulu... entonazioa ere bitxia dute. Lagun baten baserrira joan eta laguntza eskatu diot hizkera prestatzeko. Oso polita, oso berba politak.
Josefa eta Sabas zarete pelikulan, andre-gizonak. Bata arrazionala, gizona, emozio gutxikoa; bestea, etxeko andre zorrotz eta emozionala. Horrela definituko zenituzkete?
U. Olazabal: Hori da bizi izan duguna, nire pertsonaiaren kontraesanak horiek izan dira. Aurrera doa, erresilientzia eta borondatea lagun, egin behar dena buruan beti. Baina bihotzean sentitzen duena estaltzen du momentu guztietan.
I. Ituño: Josefak ere neurri batean estaltzen du, ez da emozionalitatea bere horretan. Garai bateko emakumea da: gauzak gordetzen ditu, ez da apurtzen, bakarrik dagoenean izan ezik. Baina erraztasun handiagoa du horretarako, gizarteak, ordukoak zein oraingoak, gehiago baimentzen baitio emakumezkoari bere sentimenduak, ahultasuna adieraztea. Talka dago biek gauza berak sentituta, egiteko maneretan ez datozelako bat. Hasieran Sabasek aginduko du, bera delako gizona; baina momentu batean Josefa erabakiak hartzen hasiko da. Botere borroka batean ibiliko dira.
U. Olazabal: Baina harreman estua dute, indarrak batuko dituzte eta ikusiko da elkar maite dutela.
Pelikula oso iluna da; erdia inguru, ekaitza. Igorren lana ezagutzen duzue, batez ere zuk, Itziar: bere estiloa da horrelakoa?
U. Olazabal: Hori egokitu zaio, ezta? Pelikula iluna da, erdia gaua da eta ez dago argindarrik. Baina argitasunetik ere badu pelikulak.
I. Ituño: Bai, argi-ilunetan mugitzen da Igor.
Aspaldiko ezagunak zarete zuek biok ere. Zelakoa da horrenbeste urteren ondoren elkarrekin lan egitea? Eta Igorrekin?
I. Ituño: Gu biok ondo moldatzen gara, elkar ezagutzen dugu eta oso ondo ibili gara bai elkarrekin, eta bai Igorrekin.
U. Olazabal: Jakina. Igorrek, gainera, oso ondo daki nahi duena eta oso ondo daki hori helarazten.
I. Ituño: Bai, eta gainera, sentsibilitate handiz eta edukazio askorekin. Oso adeitsua da, eta erraza da berarekin behar egitea. Proposamenak egiten badizkiozu, onartzen ditu.
Biok denetarik egin duzue, baina Urko ezagunagoa zaio euskal ikusleari pelikulen bitartez; Itziar, aldiz, telesailetan ikusi zaituzte gehiago. Zein formatutan aurkitzen zarete erosoen? Eta publikoak zein du nahiago?
U. Olazabal: Argi eta garbi, gehien plataformak eta telebista kontsumitzen dira. Oso erraza da, jendeak mugikorrean bertan jartzen du, badakit gazteriak x2 abiaduran ere jartzen duela telesaila, eta beste gauza batzuk egin bitartean ikusten duela.
Eta hor euskarak zer leku du? 2019an Itziarrek ARGIAko elkarrizketan zioen Goenkale amaitu zenetik, euskal aktoreek ez dutela euskarazko telesailik izan lan egiteko. Horrela da oraindik egun?
I. Ituño: Hutsala da euskararen lekua. Orain badago euskarazko telesail bat Primeran-en, Argi gorriak, eta ez dakit zeinek ikusi duen baina jende askok ez. Hortik ere ez dugu gauza handirik lortu, ez dakit zein den bidea.
U. Olazabal: Lehen hitz egin dugu daukagun hesiaz, euskararenaz. Egin behar duguna da euskara lau haizeetara zabaldu, bestela ez dago zereginik. Eta hori egiten badugu, gazteriak hartuko ditu erreferenteak euskaraz; momentuz, ordea, horrelakorik ez dugu.