“Errugbi inklusiboan ez du inporta desgaitasuna duzun ala ez”

  • Ondo pasatzea eta denentzako espazio bat sortzea dira Hernaniko (Gipuzkoa) errugbi talde inklusiboaren helburu nagusiak. Taldeko jokalaria den Iker Iraolak (Hernani, 2000) bederatzi urte daramatza klubean. Hasi zenean deus gutxi zekien errugbiaz, eta egun, beste kide batekin batera, entrenamenduen hasierako ariketak gidatzen ditu gehienetan. Aurten hamar urte bete dituen taldearen nondik norakoak azaldu dizkigu.

DANI BLANCO / ARGIA CC BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zelai luze eta zabala dago Hernanin, Floridako industrialdearen ertzean. Urumea ibaiaren eta trenbidearen ondoan dagoen Landare zelaia da. Bertan entrenatzen dute Hernaniko errugbi talde inklusiboko kideek, asteazkenetan, 18:00etatik aitzina. Mugimendu handia egon ohi da zelaian, jendea hara eta hona ibiltzen da, boluntario, Hernaniko errugbi klubeko hainbat lanetan. Iker Iraola 2017an hasi zen talde inklusiboan. "Errugbi inklusiboa jende guztiarentzako errugbia da”, esan digu.

Aurten hamar urte bete ditu taldeak, eta oso kontent dira egindako ibilbidearekin. Jon Insausti errugbi jokalaria taldearen sustatzaileetako bat da. Gasteizko Gaztedi errugbi inklusiboko taldeak antolatutako txapelketa baten berri izan ondoren, Hernanin horrelako zerbait egitea planteatu zuen. Ez dago taldean parte hartzeko adin mugarik, eta ez dira generoaren arabera bereizten. Horrez gain, desgaitasunen bat dutenek eta ez dutenek elkarrekin entrenatzen dute, eta ez dute inolako bereizketarik egiten.

“Errugbian beti errespetua dago, zelaian zein zelaitik kanpo”

2017ko azaro bukaeran hurbildu zen taldera Iraola. Bere aita Andoni Lizeagaren –taldearen beste sustatzaileetako baten– laguna zen, eta hark animatu zuen probatzera. "Nagi pixka batekin gerturatu nintzen. Ez nekien nolakoa izango zen. Zerbait entzuna nuen, baina ez nuen errugbia ezagutzen. Probatu, eta gustatu zitzaidan", kontatu digu.

Bi helburu nagusi ditu taldeak: nahi duen edonork errugbian aritzeko aukera izatea eta ondo pasatzea. Horrekin batera, urtez urte maila teknikoa hobetu nahi dute. "Zerbait berria ikasi behar badugu, ikasten dugu, eta hobetu beharra badugu ere, berdin", esan digu. "Lehen, adibidez, batzuetan plakaketetan beldurra izaten nuen; orain, aldiz, ez”. Entrenamendu hasieran beroketa ariketak egiten dituzte. Esate baterako, ilaran jarri eta aurrera eta atzera ibiltzen dira, belaunak bularrera eramaten, hankak ipurdira eramaten edota paseak egiten. Azken urteetan, Iraola, beste kide batekin batera, ariketa horiek zuzentzeaz arduratzen da.

ARGAZKIA: DANI BLANCO / ARGIA CC BY-SA

Ez da Euskal Herriko talde inklusibo bakarra: Iruñean, Bilbon, Getxon (Bizkaia) edota Gasteizen ere badaude horrelako taldeak. 2021etik Bultza ligan parte hartzen dute hernaniarrek. Iraolak azpimarratu du errugbi inklusiboko federazioa lorpen handia izan zela: "Ez dakit zergatik uste duten desgaitasuna dugun pertsonok ezin dugula parte hartu. Harresiak apurtzen saiatzen gara". Federazioaren barruan dauden partidetan parte hartzeko 14 urte baino gehiago behar dira, legez federatzeko gutxieneko adina delako. Hala ere, gainerako partidetan edonork parte har dezake. Badira kide batzuk entrenatu bai, baina partidetan jokatu nahi ez dutenak. Taldean bakoitzaren erritmoa eta beharrak errespetatzen dituzte.

Lehia bigarren planora

Errugbian jokatzeaz gain, areto-futbolean ere aritu da Iraola. Kontatu du han "presio handia" zegoela: “Futbolean irabaztera joan nahi duzu, eta goian bukatu. Errugbian ez. Errugbi inklusiboan ez daukazu klasifikazioaren presioa. Eta ez du inporta desgaitasuna duzun ala ez”. Beste kirol batzuetan, aldiz, desgaitasunaren araberako bereizketa egiten dute. Liga inklusiboan, edozein partidetan bezala, akta hartzen dute, baina gero ez dute sailkapenik egiten: “Guri emaitza ez zaigu inporta, guk ondo pasa nahi dugu”. Partida bat jokatzen duten aldiro, jokaldietan zein indar baliatu neurtzen dute. Alegia, suabe sartzen den jokalariarekin suabe sartzen dira, eta fuerte doanarekin fuerte. Kasu batzuetan, jokalari batzuek aldez aurretik abisatzen dute zenbait behar kontuan izan daitezen.

Errugbiko mitoetako bat da kirol arriskutsua eta bortitza dela, baina Iraolak ukatu egin du hori: “Errugbian beti errespetua dago; zelaian zein zelaitik kanpo”. Gainera, garrantzi handia ematen diote beste taldeetako jokalariekin harremanak sustatzeari. Horretarako, sakratua den hirugarren denbora dute. Jan-edatekoen bueltan bildu eta elkarrekin solastatzeko unea izaten da. “Lagunak egin, eta berriek beste taldeetako jendea ezagutu dezakete”, nabarmendu du Iraolak. Gaineratu du, errugbia, orokorrean, autonomia, ordena eta errespetua lantzeko lagungarria dela.

Gorputzeko atal bat?

"Hanka, beti erabiltzen dugulako azkar joateko". 

 


Gorputz hotsak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.