‘Euskal’ irakaskuntza

MAIDER LETURIAGA
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Hemen idatzi nuen azken artikuluan, irakasle abertzaleei dei egiten nien ikasleek euskararekiko duten jarreraren aurrean neurriak hartzera ausart zitezen. Dena den, eta benetan pentsatzen badut ere irakasleok eta ikastetxeetako zuzendaritza taldeek zerbait egitea beharrezkoa dela, ez zen asmoa konponbidea neurri huts horietatik etor daitekeela aditzera ematea, inola ere ez baita horrela.

Nagusiki, dramatikoa den egoera horren aurrean esku hartzeko beharrik ez sentitzearen adierazgarritasuna ikusarazi nahi izan nuen, zein entzungor bilakatzen ari garen errealitate larri horren aurrean, nola normalizatu dugun hainbeste gure gazteon euskararekiko edota nazioarekiko atxikimendu falta.

Ikasleek euskaraz ez egitea euskararen egoera diglosikoaren ondorio baino ez denez, ez da beraien erantzukizun pertsonal soil gisa ulertzen ahal, eta arreta ez dugu beraz hor soilik ezarri behar, dimentsio handiagoan baizik. Baina inertzia horren aurrean oso ezberdina da helduok normaltasunez jokatzea ala zero tolerantzia dugula erakustea, jarrera bakoitzaren atzean dagoen ideologia inplizitua delako gazteei iristen zaiena. Hori da, hain zuzen ere, guk irmoki jokatu behar dugula defendatzeko arrazoi nagusia. Gure jokabidea bektore ideologikoa da, eta horretaz baliatzea estrategikoa izan daiteke, noski.

Baina euskararen arazoa –irakaskuntzan eta edozein eremutan– bere nazioa den Euskal Herriaren arazo politikoaren isla eta ondorio da. Eta horregatik, nazioaren bilakaerari estuki lotuta dago hizkuntzaren konponbidea ere bai, nahi ala ez nahi. Orain, oso zabalduta dagoen joera da euskal hizkuntzaz kezkatzea, euskal nazioaz kezkatu gabe, eta noski, hala doakigu. Hizkuntza eta herria izaki bera direnez, ez du funtzionatzen herriaren gorputzetik kanpoko bihotz gisa tratatu nahi den hizkuntzaren aldeko inolako politikak.

Ikasleen erdarari muga jartzearekin batera, Euskal Herriaren egoeraz eta historiaz hitz egin beharko litzaieke gazteei, eraginkorrak izateko

Horregatik, ikasleen erdarari muga jartzearekin batera, Euskal Herriaren egoeraz eta historiaz hitz egin beharko litzaieke gazteei, eraginkorrak izateko. Zapalkuntza aipatu eta erakutsi, eta egiturazko gainerako zapalkuntzekin eskatzen eta erakusten dugun tinkotasun beraren arabera jokatu, eta jokatzeko eskatu. Baina, eskumenik ote dugu, hala jokatzeko? Larria da herriak, jada, horrela jokatzeko beharrik ez sentitzea, gure ahulezia eta deriba ideologikoaren seinale delako. Baina, hala egitekotan, legearen aldetik jasoko genukeen erantzuna legoke. Geure esaten dugun hezkuntza hori, ez delako hain geure.

Ez, euskal hezkuntza esaten zaion hori ez da geurea, euskaraz eskaintzen den baina Espainiarena (edo Frantziarena) den hezkuntza baizik, eta horregatik, ezin die erantzun Euskal Herriak nazio bezala dituen beharrei. Gure ondoko belaunaldiak benetan euskalduntzeko (hizkuntzaren eta nazioaren ikuspegitik) eskaini beharko genukeen benetako euskal hezkuntza debekatua daukagu, zapaldutako nazioa garelako, batzuei ahaztu bazaie ere. Eta horrek zer esan nahi duen? Bada, orain dabilkigun gaiari dagokionez, nazio menderatzaileek beti erabili eta erabiliko dutela hezkuntza gure asimilaziorako. Euskal irakaskuntza hori ez dago gure zerbitzura diseinatuta, gure kontra baizik. 

Gure ikastetxeetan denak euskaraz biziko bagara, euskaraz eskaintzen den irakaskuntza izatetik Euskal Herriaren irakaskuntza nazionala izatera igaro beharko da euskal irakaskuntza esaten zaion hori. Baina hori Euskal Herriaren burujabetasunarekin lotuta dago. Bakoitzak atera ditzala ondorioak. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Hezkuntza Gizartea
Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.