El mestre que va prometre el mar (Itsasoa hitzeman zuen maisua)
Patricia Font (2023)
Zer: Filma
Herrialdea: Herrialde Katalanak
Iraupena: 105 minutu
Non ikusi: Hegoaldean: RTVEPlay eta Netflix. Iparraldean: ez dago eskuragarri
----------------------------
Aspalditik uste dut instantearen garaian harrapatuta bizi garela, inguratzen gaituenaz kontziente, baina atentziorik eman gabe: efimeroan, scroll-ean. Hala ere, aldizka, entzuten dira aspaldiko ahotsak, gure ustez denboran atzean geratu zirenenak. Berbaro horrek ez du ekartzen dopamina txuterik, gaiek seriotasun larregi izaten baitute normalean. Badago, era berean, askoren egonezin hori produktu bihurtu eta saltzen digunik ere. Izan ere, gu gara 1936ko Gerrak utzitako testigantzen oinordeko, eta denborak dio guri zuzenki kontatu diguten hori, guk, nahita edo nahigabe egindako interpretazioz transmititzeko betebeharra dugula.
Transmisio nahi horren atzetik dabil Patricia Font zuzendari kataluniarra El Mestre Que Va Prometre El Mar pelikula aurkezten digunean. Filmak, Ariadna (Laia Costa) bere jaioterri Kataluniatik Burgoseko herri txiki bateraino darama, hangoa baita bere aitona. Azken horrek urteak daramatza gerran galdu zuen bere aitaren bila, eta orain gauza ez denez, bere bilobak hartuko dio erreleboa. Bañuelos de Buriebara heltzen denean, ordea, bere aitonaren irakasle izan zen Antoni Benaigesen (Enric Auquer) berri izango du.
Benaiges irakasle katalan eta sozialistak Freineten teknikak erabiltzen zituen bere ikasgaietan, eta horrek, ikasleengan arrasto sakona uzteaz gain, berrikuntzetara ohitzea nahi ez zutenen etsaitasuna ere ekarri zion.
Osagai horiekin kontatuko digu Fontek errepublikatik gerrarako trantsizio garai hori bizi izan zutenen historia, iritziak libreki ematearen prezioa eta modernizazioaren eta tradizioaren arteko talka.
Alabaina, memoria historikoa ez ahazteko obra bat den arren, manikeista izatera heltzen da. Pelikulak argi duen bezala, diskurtso motzen garaian guk ere argi izan behar dugu erlatibismo moralek ezin digutela biktima eta biktimarioen arteko aldea lausotu. Baina ez dago esajerazioetara jo beharrik alde hori nabarmentzeko.
Azken finean, agian heldu zaigu garaia, testigantzen oinordeko garenetik, gertatutakoa, ahal den neurrian behintzat, objektibotasunez aztertzeko. Hori baita, beharbada, memoria historikoa ohoratzeko era onena: historia kontatzea gertatu zen bezala, horrekin nahikoa da-eta bakoitza bere lekuan jartzeko.