“Ez dut primiziak emateko helbururik izan, lagunak salduta ez behintzat”

  • Beste aldera pasatu denean astunak iruditu zaizkio kazetariak Arritxu Iribarri. Agian, ez delako egin duen guztiaren jakitun, edo orain arte inork ez diolako esan zenbat balio duen egin duenak.

Eider Iturriaga / ARGIA CC BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Arritxu Iribar (Zumaia, 1963)

Euskal Filologia ikasi zuen, eta “kasualitatez” sartu zen irratian. Han jubilatu da. Joxerra Gartziarekin egin zituen urte bi goizeko ordu txikietan, eta geroztik kirol kazetaritzan aritu da. Txirrindularitzari lotuta dago haren ahotsa. Zumaiako taldeko eta  Gipuzkoako txirrindularitza federazioko kide da. Irratitik aldendu daiteke, baina txirrindularitzatik ez.

Filologoa zara ikasketaz. Nola hasi zinen irratian? 
Kasualitatez. Filologia bukatzen ari ginela, irratiko zuzendaria etorri zen gure kurtsora irratirako filologoak ere nahi zituztela esanez, euskarari bultzada eman nahi ziotelako-edo. Azaldu zigun proba batzuk egingo zirela eta izena emateko aukera eman zigun. Handik urtebetera LEP Lan Eskaintza Publikoa deitu zuten eta gainditu egin nuen. Ez nuen ezer prestatu. Amak esaten zidan, “zerbait ikasi ezan”. Baina nik ez nuen uste aterako nuenik, eta amari esaten nion azterketa ikusiko nuela urte horretan, eta hitza eman nion hurrengo deialdirako prestatuko nuela ondo. Ez nuen hurrengo deialdien beharrik izan: plaza atera nuen, eta hortxe egin dut ibilbide osoa.

Hasieratik izan zara kirol kazetaria?
Ez. Hasieran goizeko programetan ibili nintzen Joxerra Gartzia zuzendari zela. Goizeko lehen orduetan jendeari esnatzen laguntzen genion egunari hasiera polita emateko. Saiatzen ginen behintzat. Bi urte eman nituen horrela, baina barruan nengoela ikusi zuten kirola asko gustatzen zitzaidala eta astebururo txirrindulari lasterketak ikustera joaten nintzela. Kiroletan jardutea eskaini zidaten, baina lehen urtean goizeko programan ere jarraitu nuen. Gero, kiroletan gelditzeko aukera izan nuen. 

Zure ahotsa txirrindularitzari lotuta dago euskal entzuleontzat.
Bai, nire pasioa da. Pentsa ze zorte izan dudan! Gehien gustatzen zaidanean lan egin dut eta nire txirrindularitzaren ikuspegia konpartitu ahal izan dut. 

Izan ere, ez da eliteko txirrindularitza bakarrik: Euskal Herriko txirrindularitzaren panorama osoa kontrolatzen duzu… 
Kontrolatu ez dakit, baina jarraitzen saiatzen naiz. Txiki-txikitatik gustatzen zait eta orain profesionalak diren asko ezagutu nituen hasi berritan, edo lehenago ere bai. Ikaragarri gustatzen zait jarraipen hori: txirrindulari bezala nola hazten diren ikustea. Baita pertsona gisa ere nola egiten diren txirrindularitzaren bidetik. 

Hazitako txirrindulari kuadrilla horrek, aurtengo itzulian omenaldi hunkigarria egin zizun.
Ikusten nuen mugimendua, baina ez nuen inondik inora pentsatu niretzako zenik. Zuzenean sartu behar nuen eta inguru horretan zarata handia zegoen. Ni bueltaka ari nintzen soinurik gabeko leku baten bila, eta gero jakin nuen bazeukatela norbait ni zaintzen jarrita… hura nire bila eta ni gero eta urrunago. Irratitik esaten zidaten, "hor izango dituzu Alex eta Jon". Baina nik egun horretan ez nituen haiek elkarrizketatu nahi. Irratikoez aparte, ordea, federaziokoak, Itzuliaren antolatzaileak eta txirrindulari batzuk ere elkar hartuta zeuden. Etxekoak ere bai. 

Argazkia: Eider Iturriaga / ARGIA CC BY-SA

Omenaldia bera anekdota bat da, baina edonork nahiko luke haren lanarekiko errekonozimendu horrekin jubilatu.
Bai, dudarik gabe. Ondas saria baino handiagoa izan da niretzat. Ez dakit merezi nuen, baina ederra izan da. Inoiz ez nuen pentsatuko honela bukatuko nuenik. 

Ondo egindako lanaren seinale izango da.
Ez dakit bada zer esan. Begira, urte asko pasatu dira, baina barruan gordeta daukat zera: Santi Zapiainek Bizi behar dugu izeneko liburua argitaratu zuen erbestean ezkutatuta zegoela bizitakoak kontatuz. Han kontatu zuen ezkutuan zegoenean irratia entzuten zuela, eta goizetan Arritxu entzutea eguneko une pozgarri bakarra zela. Askotan nirea zela egun osoan entzuten zuen barre bakarra, eta horren zain egoten zela. Hori niretzat ikaragarria izan zen. Irratiko hasieraz ari naiz, baina inpresionatu egin ninduen ikaragarri. Pentsa zenbat lagundu dezakegun, ze konpainia egin dezakegun… 

Urte asko joan dira ordutik. Orain jubilatzeak zer esan nahi du zuretzat?
Oraindik ez dakit. Lehenengo lo lasai egitea. Gero, jendeak pentsatzen du mikrofono aurrean bakarrik garela kazetari eta ez: 24 ordutan gara kazetari. Orduan beti zaude horren menpe, besteari begira… nolabait etxekoak konbentzitzen dituzu esanez hau biharko behar dut eta 24 ordutan zaude albistearen atzetik, gaiak zaintzen eta jorratzen… eta menpekotasun hori kentzen ari naiz.

Egunero lanera ez joatetik zer da hutsunerik handiena utziko dizuna?
Lankideak, elkarrizketatzen dituzun horiek… jendea. 

Zurea bezalako lanbide batean ohitu egiten gara egunero jendearekin egoten eta sarri-sarri jende berria deskubritzen. Ez al zaizu egunerokotasuna aspergarri egingo?
Gogoa badaukat: nahiko nuke egun bat aspertzeko. Saltsa askotan sartuta nago, ordea: herriko txirrindularitza elkartean, Gipuzkoako Federazioan...

"Lehen albiste kopurua txikiagoa zen. Orain ez dago denborarik dena aztertzeko, ez dugu denborarik hartzen goxatzeko eta ondo lantzeko"

Lau urte zituen Euskadi Irratiak zu sartu zinenean. Eginez ikasi duzu. Zein erreferente izan dituzu?
Lankideak. Profesional onekin lan egin dut eta haiekin batera hazi naiz kazetari bezala. Asko ikasi dut haiengandik. 

Irratia jaio berri hartu zenuen, nola utzi duzu?
Duela hamar urte sare sozialak eta Internet etorri zirenean irratia amaitu egingo zela esaten zen. Orain ikusten dugu ze gainbehera daramaten egunkariek eta telebistak, baina irratiak eutsi egin dio. Jendeak momentuan nahi du albistea eta irratiak badu zerbait desberdina: konpainia etengabea, bat-batekotasuna… ez dago erabat horretara egon beharrik irratia gozatzeko. Beste gauza batzuk egiten ari izaren artean entzun dezakezu. Eta gure kasuan, Euskadi Irratian, lan ona egin dugula uste dut. Sinesgarritasuna irabazi dugu. Erreferente gara zentzu horretan. Ondo utzi dut irratia. 

Ezetz esaten ziguten, baina irratiak ezaugarri errazenak zituen gutxi aldatuta eusteko? 
Bai, horrelako zerbait gertatu da. Belaunaldi gazteek ez dute agian irratia bere osotasunean 24 ordutan entzungo, nahi dutena hartuko dute, baina hor jarraitzen du irratiak. Esaten zuten hilzorian zegoela, baina inoiz baino biziago dago. Dena den, aldaketak ez dira orain hasi: Internet eta digitalizazioa aldaketa handiak izan ziren, baina gure kasuan mugikorra ere bai. Guk ez genuen irudirik behar: hitzen bidez azaldu behar genuen ikusten genuena. Telefono mugikorrekin edozein lekutatik edozein momentutan albistea egin genezakeen. Hori, gu hasi ginenean, pentsaezina zen. Mugikorra iraultza izan zen irratiarentzat. 

Lanerako moduak asko aldatu dira.
Bai, jakina: bere alde on eta txarrekin. Lehen albiste kopurua txikiagoa zen. Orain ez dago denborarik dena aztertzeko, ez dugu denborarik hartzen goxatzeko eta ondo lantzeko. Albisteak trokelean bezala egiten ditugu: ez du gehiagorako ematen. Lehen, medio gutxiago genituen eta guk landu behar genuen albistea. Hori galtzen ari gara, baina dioten bezala, izenburuetan gelditzera ohitu bagara, zertarako behar dugu beste guztia? Badago zer eztabaidatu eta hausnartu zentzu horretan. Bestalde, kirolariengana heltzeko modua ere aldatu egin da.

Argazkia: Eider Iturriaga / ARGIA CC BY-SA

Ze zentzutan?
Orain prentsa-buruek ezartzen dute galbahea. Gizonezkoak hasi ziren, eta orain emakumezko taldeak ari dira eredu hori hartzen. Notizia eginda ematen dizute eta muga handiak dituzu haiengana zuzenean heltzeko. 

Lehen nola egiten zenuten?
Entrenamenduak irekiak izaten ziren, eta elkarrizketatu nahi zenuen kirolariarengana heltzea posible zen. Gaur egun, astean taldekide bat elkarrizketatu dezakezu, edo ez; hamar egun lehenago eskatu behar duzu elkarrizketa eta, egunerokotasunak duen abiadurarekin, hemendik aste bira notizia nor edo zer izango den jakitea zaila da. Ari dira mutilen lehen mailako futboleko eredua zabaltzen beste kiroletara. Notizia audio batean bidaltzen dizute, eta kito. Hori kazetaritzarentzat ez da ona.

Alde ulergarri bat badu.
Bai, egia da ezin ditugula kirolariak ito. Baina haiekin hitz egiten baduzu, askotan ez dute arazorik. 

Orain zailagoa bada kirolariengan iristea, nola daude lehen baino albiste gehiago?
Askotan eginda datoz. Egunero dosi txiki bat ateratzea nahi dute.  Guk askotan pentsatzen dugu gehiago emango geniokeela emakumeen kirolari, adibidez, baina mugatuta gaude. Entzuleek galdetuko diote haien buruari ea nola ez duten egiten hau? Inoiz izan dut gogoa irratian esateko: hau eman nahi genuen horrela eta horrela, baina ezin izan dugu. 

Lehen, futbol partida amaitu eta kazetariok esaten genuen norekin hitz egin nahi genuen. Orain klubak erabakitzen du nor aterako den prentsa aretora. Ez dago euskal komunikabideekiko begirunerik. Askotan, ateratzen dituztenetako bat ere ez da euskal hiztuna. 

"Ez dago euskal komunikabideekiko begirunerik. Askotan ateratzen dituztenetako bat ere ez da euskal hiztuna"

Esan duzu Euskadi Irratian sinesgarritasuna lortu duzuela eta beti euskaraz aritu zarete, nahiz eta orain edozein hizkuntzatan eta edozein momentutan dagoen informazioa.
Guk erakutsi dugu posible dela 24 orduak euskaraz egitea eta euskaraz edozein gai lantzea. Orain dela ia 40 urte, hainbat gaietan euskal hiztun bat aurkitzeko mugatuta izaten ginen, baina horretan ere nabaritu dugu aldaketa. Pentsa zenbat dagoen egiteko, eta bizi dugun oldarraldian zein militantzia behar den, baina zorionez horretan irabazi dugu.

Ia 40 urte egin dituzu irratian. Kirol kazetaritzan hasi zinenean zenbat emakume zeundeten?
Euskaraz ni bakarrik. Cadena Ser-en zegoen beste bat eta El Correo-n ezizenez sinatzen zuen emakume batek idazten zuen. Oraindik ere bizi da ia 100 urterekin: Sarita Estévez. Athleticen kronikak egiten zituen ezizenarekin. Txirrindulari lasterketetan emakumeek ezin zuten lasterketa barruan joan. Txomin Perurena izan zen emakume bati aukera eman zion lehena: Cadena Ser-eko Miren Gascari. Mekanikoz mozorrotu, eta karreran joateko aukera eman zion. 

Hau gertatu zenean zu bazinen lanean?
Ni irratian hasi nintzenean, lehen urtean edo, horrela zeuden gauzak, baina txirrindularitzan hasi nintzenean ez nuen debeku hori bizi izan. Ez dut kotxean eta motoan joateko arazorik izan. 

Askotan, gure ibilbidean atzera begiratzen dugunean, ibilian ikusi ez ditugun gauza asko ikusten ditugu. Zu noiz konturatu zinen bide bat egin duzula? 
Orain! Berez, natural egin dut bidea. Orain, esaten didate "bidegile izan zara", eta hala izango nintzen, baina ari nintzenean ez nuen horretan pentsatu. Elkarrizketaturen batek esan izan dit inoiz “honetaz badakizu”, eta halakoak, baina bestela ez dut emakume izateagatik oztoporik izan. Agian hain inozente ikusi nautenez, ez dira ezer esatera ausartu nahiz eta pentsatuko zuten, “hau zertan ari da?”.

Lankideekin beti izan duzu harreman ona?
Bai. Ez nuen erakutsi behar izan aldiro asko dakidanik. Txirrindularitzan maila guztietan lan eginda, profesional izatera iritsi orduko ezagutzen ditut denak. Eta badago beste feeling bat. Erraza izan zait txirrindulariengana gerturatzea, ze aurretik ezagutu izan ditut. Batzuetan elkarrizketatzera hurbiltzen nintzen eta “zu?”, esaten zidaten. 

Zu egon zara txirrindularitzaz informatzen eta aldi berean oso txirrindularitzaren barruan. 
Bai. Baina jakin dut bereizten zer den konta dezakedana eta zer gorde behar dudan. Pertsona bezala izan dudan konfiantza eta kazetari lana bereizi ditut.

"Niri ez zitzaidan tokatu, baina txirrindulari lasterketetan emakumeek ezin zuten lasterketa barruan joan. Txomin Perurena izan zen emakume bati aukera eman zion lehena: Cadena Ser-eko Miren Gascari. Mekanikoz mozorrotu zuten"

Zaila izango da.
Bai, baina garbi izan dut beti, eta sekretuak gorde ditut. Beste batzuek nik baino lehen atera izan dituzte albisteak neuk ere banekien gauza bati buruz, baina ez dut primiziak emateko helbururik izan. Ez lagunak salduta behintzat. Horrekin norbaiti min egin behar badiot eta konfiantza hautsi behar badut, lehenengo izan da pertsona eta gero kazetaria. 

Berriro hasiko bazina? 
Ez dakit ezer aldatuko nukeen. Profesionalki gauzak ondo egiten saiatu naiz. Egunetik egunera hobetzen joan naiz, baina nire printzipioei berdin eutsiko nieke.

Argazkia: Eider Iturriaga / ARGIA CC BY-SAArgazki oina

Lehen aldiz motoan edo kotxean sartu eta karrerara joan zinenean, zer?
Gozada bat!  Lehen medio gutxik jarraitzen zuten karrera osorik. Gehienek azken 30 kilometroak jarraitzen zituzten, baina nik osoa egiten nuen. Izan ere, karrera baten bukaera ulertzeko aurreko 100 kilometroak ikusi behar dituzu, taldeen planteamenduak ikusteko, adibidez. Beti eman dit amorrua 20 minutura sartu den txirrindulariari buruz esatea karrera txarra egin duela. Zeren hori esaten duenak ez daki hura lanean egon dela lehen 100 kilometroetan bukaeran besteak luzitzeko. Hori ikusaraztea eta txirrindulari horiek defendatu ahal izatea garrantzitsua izan da niretzat.

Aizu, horrela nola ez dizute egingo bada omenaldia amaieran! Mimatu egin dituzu txirrindulariak.
Txomin Perurenak esaten zidan amaren ikuspegitik tratatzen nituela eta hori beti ez dela ona; bigunegia nintzela. 

Arantzarik gelditu zaizu?
Euskal selekzioa ofizialki lehiaketa guztietan lehiatzen ez ikustea eta horren berri bertatik bertara ez ematea. Nik uste nuen lehenago lortuko genuela… horretan bai izan naiz inuzentea.

Bazeneukan zuk zeozer jubilatzen zinenean egiteko?
Etxekoez arduratzea. Kontziente naiz nik egin dudan ibilbidea egiteko etxean babes handia izan dudala. Zainduta  eta babestuta egon naiz. Nik etxean egiten ez nuena beste norbaitek egiten zuen. Orain niri tokatzen zait, eta pozik egingo dut. 


Irratia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.