A bildua, anforetatik idazmakinetara

XII. mendeko Manasesen Kronika-n, a bildua "amen" hitzaren laburdura gisa agertzen da. Argazkia: Gerard Luna / INAH
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Sevilla, 1536. Francesco Lapi merkatariak eskutitz bat bidali zuen Erromara. Eta, besteak beste, pasarte hau idatzi zuen: ”... non @ ardok, upel bateko 1/13 denak, 70 edo 80 dukat balio dituen”. Ez zen ikurra idatziz jasotzen zen lehen aldia. Adibidez, XII. mendean Manasesen Kronika-k ere ikur hori jaso zuen (argazkian). Keith Houston Shady Characters: The Secret Life of Punctuation (Karaktere susmagarriak: puntuazioaren bizitza sekretua) liburuaren egilearen arabera, ikur hori laburdura bat zen. Manases bizantziar idazleak “amen” hitzaren laburdura gisa erabili zuen, esaterako. Baina Lapiren gutunean beste esanahi bat zeukan, ikurraren jatorriari eta ondorengo bilakaerari lotuta: “anfora” esan nahi zuen.

Antzinako Grezian hasi ziren anforak merkataritzarako edukiontzi gisa erabiltzen, nagusiki, olioa eta ardoa garraiatzeko. Baina, denboraz, edukiontzi fisikoa salgaien bolumena neurtzeko unitate bihurtu zen eta zentzu horretan erabili zuen Lapik bere eskutitzean. “Merkatariek ideia hau askotan komunikatzeko beharra zuten: anfora kopuru jakin bat prezio jakin batean salduko dizkizut”, dio Houstonek, eta anfora hitza behin eta berriro idatzi ordez, “a” hizkiari buztana luzatuta laburtzen hasi ziren. Eta aurrerago, esanahia zabaldu eta edozein prezio adierazteko erabili zuten.

XIX. mendean, idazmakinak hedatzen hasi zirenean, a bildua teklatuaren parte zen, kontabilitatean funtsezkoa zelako. Eta funtzio hori galdu arren, XX. mendeko idazmakinetako eta lehen ordenagailuetako teklatu batzuek ikur kiribila izaten jarraitzen zuten.
1971n, Ray Tomlinson informatikaria Arpaneten ari zen lanean, interneten oinarriak jarriko zituen proiektuan. Mezuak bidaltzeko aukera proposatu zuen, baina ikur bat behar zuen hartzailea bereizteko, eta @ ahaztua aukeratu zuen.

Ingelesez, “at” preposizioa erabiltzen da ikurra izendatzeko. Flandrieraz “tximino buztana” esaten diote, grezieraz “ahatetxoa”, italieraz “barraskiloa”... Euskaraz, italieraz bezala “barraskiloa” esaten zionik ere bada, ingelesezko “at” bere horretan erabiltzea ere proposatu zen, baita “txiribita” erabiltzea ere. Baina Euskaltzaindiak, 2003ko urriaren 24an, karaktereari izena jartzeko “a bildua” deskriptibo eta aseptikoaren aldeko hautua egin zuen. 


Irakurri gehiago: Historia Denboraren makina
Historia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.