Ibilbide luzeko kulturgile batekin kafetxo bat hartzen, Fedibertsoaren gaia atera zen. Izena arrotza zitzaion, baina hitz horri Orsay museoa gehitu nionean, gertuko bilakatu zen berehala. Gauza da irailean Orsay museoak Mastodonen erabiltzailea sortu duela. Mastodonen jada jende ugari dago, hamar miliotik gora erabiltzaile gara, baina guztiak ez gaude instantzia berean (mastodon softwarea zerbitzari batean instalatuta, mastodon instantzia bat sortzen da), hau da, mastodon sarea ez dago eragile bakar baten menpe, mastodon sare deszentralizatua delako, eta 7.000 bat instantzia daude. Deszentralizazioak ematen dio Mastodon sare sozialari balio handiena, norberak erabakitzen duelako zein komunitate/instantziari ematen dizkion bere datuen zaintza, nahiz eta gero munduko edozein komunitateko erabiltzaileak jarrai ditzakeen.
Elkarrizketatik etxera bueltan, Orsay museoa jarraitu behar dudala pentsatu dut, oso esanguratsua delako tamaina eta gaitasun hori duen eragile batek eredugarria izateko eman duen pausoa. Jarraitzeko klika egin behar nuenean, ohartu naiz Orsay museoak aukeratu duen instantzia Frantziako Kultur Ministerioak 2025eko abuztuan modu esperimentalean, bederatzi hilabeterako, arte eta kultur instituzioentzako martxan jarri zuen instantzia dela. Dirudienez, esperimentazio fasea bukatuta egitasmoak arrakasta izan du.
Benetan argia iruditu zait ekimena. Instituzioek Fedibertsoan euren instantzia izateak herritarrontzat abantaila asko du: ez gaituzte publizitatea kontsumitzera behartzen, zelataritza dinamiketatik askatzen gaituzte, jarioa kronologikoa da eta algoritmorik gabea, tokiko domeinuak erabiltzen dira (.eus bezalakoak)... Ea hemengo erakundeak ere bide horri heltzeko aukera esploratzen hasten diren, eta hain kakaztuak dauden sare hegemonikoetatik askatzen gaituzten.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.