The Odyssey (Odisea)
Christopher Nolan (2026)
Zer: Filma
Herrialdea: Erresuma Batua
Iraupena: 172 minutu
Non ikusi: Zinema aretoetan
----------------
Klasiko moderno deitzen zaie XX. edo XXI. mendean idatzi diren obra garrantzitsuei; 1984 edo Gatsby Handia lirateke bi adibide, biak XX. mendean idatziak, eta literatura unibertsalaren izar bihurtuak. Baina zer gertatzen da Odisea edo klasiko bat modernizatzen saiatzen garenean? Christopher Nolan zuzendari ospetsuak beste hiperprodukzio erraldoi bat argitaratu du, Odiseoren etxera bueltako bidaia kontatzeko, Troiako gerrako garaipenaren ostean.
Greziako kondairetan ohikoa den legez, gai unibertsalen inguruan mintzo da istorioa, jainkoen eta mitoen irudiez baliatuta, haiei gorputza eman ahal izateko. Filma, nire iritziz, kapaz da errua eta ardura gai unibertsalen inguruan mintzatzeko, estilo modernoagoa erabilita, elkarrizketetan, batez ere. Eta, jakina, teknika zinematografikoei esker: Homerok ez zekien zer ziren efektu bereziak, ezta IMAX kamera hain polemikoak ere.
Nolanen ohiko estiloa erabilita, ia hiru orduko pelikula oso erraz ikusteko modukoa da, muntaia izugarri azkar eta konprimatua erabilita ikuslearen arreta mantentzen baitu amaierara arte. Muntaia mota hori itogarria ere bada, akaso, batzuetan, baina nahiago dut erritmo azkarreko film luzea, pelikula geldo eta aspergarria baino.
Alabaina, behin modernizatzen jarrita, filmak Bechdelen testa ere ez pasatzea ez da batere atsegina: emakumeen rolak ez dira oso garrantzitsuak, eta, hitz egitea tokatzen bazaie (egin galde, bestela, Zendayari), beti gizonen eta haien istorioaren inguruan mintzatzen dira. Bestalde, Hollywoodeko aktore famatuen bizeps itzelek eta zimurrik gabeko aurpegiek enbarazu egin didate kontakizuna sinesteko garaian: Matt Damon, Charlize Theron eta Anne Hathaway ikusi ditut, ez Odiseo, Kalipso eta Penelope. Egungo edertasun kanonak dira ikusgarri klasiko modernizatu honetan.
Ikusteko oso erraza da The Odissey, krispetak hartu eta zinean arratsalde pasa egiteko horietakoa. Entretenigarria eta produkzio maila izugarrikoa, gustura ikustekoa; kritika oso onak jaso ditu, eta sariak ere irabaziko ditu, ziur. Baina modernizazioaren odisea handi egin zaio, beharbada.