2015-2019 legegintzaldian Ada Colauren Barcelona en Comú-k Bartzelona gobernatu zuen, eta herritar askoren begiradapean zegoen Udaltzaingoa erreformatzen saiatu ziren. Eraldaketak bultzatu zituen taldeko kide izan zen Júlia Trias Juradok, segurtasun komisionatuaren aholkulari gisa. Giza Eskubideen Defentsarako Iridia zentrotik heldu zen ardura hartara, besteak beste Poliziaren jardunaren fiskalizazioa egiten duen elkartea da. Politologoa da, migrazioetan eta giza eskubideetan aditua. Irailaren 14an Telesforo Monzon Laborategiak Bergaran antolatu zuen Segurtasun publikoa eta polizia sistema udako eskolan parte hartu zuela baliatuta elkarrizketatu genuen. Esperientzia hartako eginak zein ezinak aletu dizkigu.
Bartzelonako Udaltzaingoan pentsatu, eta etortzen zaidan lehen gauza bere irudi beldurgarria ematen duen Ciutat Morta dokumentala da.
Bai, ulertzen dut. 2015ean Bartzelonako udal gobernua hartu genuenok herritarren mugimenduetatik gentozen eta Poliziaren ideia oso zehatza genuen, gure jatorriagatik. Eta Poliziak gurekiko, beste horrenbeste. Aurreiritziak bi aldeetatik zeuden.
Horrez gain, eta ez da huskeria, segurtasun arloko arduradunaren bi aholkulariak oso emakume gazteak ginen [Triasek 27 urte zituen] eta biak gentozen Giza Eskubideen Defentsarako Iridia zentrotik.
Sarrera, hortaz, ez zen erraza izan.
"Poliziaren ideia oso zehatza genuen, eta Poliziak gurekiko, beste horrenbeste. Hasiera ez zen erraza izan"
Segurtasun komisionatuaren figura sortu zenuten, alkatetzaren zuzeneko ardurapean. Amadeu Recasenesek hartu zuen kargua, zuzenbidean doktorea eta kriminologian lizentziatua, eta besteak beste Kataluniako Polizia Eskolako zuzendaria 1996-2004 artean.
Amadeu segurtasun kontuetan lanean aritua zen, ezkerreko ikuspegi batetik. Asmatu genuela uste dut. Izango genituen arazo eta korapiloez ohartarazi ahal izateko moduko ezagutza zuelako, baita bera sartzean Poliziak gure espazio politikoarekiko konfiantza handiagoa lortu zuelako ere.
Zer helburu ezarri zenituzten?
Herritarrek itxaropen handiak zituzten, eta Poliziaren auzia garrantzitsua zen. Jende guztia zegoen egingo genuenari adi. Egin nahi genuenak bi oinarrizko arazo zituen. Bat, lau urteko legegintzaldi bat baino askoz denbora gehiago behar genuela, eta bi, gure segurtasunaren ulerkera Poliziatik askoz harago zihoala. Barne mailan lan handia egin behar izan genuen gure kideekin. “Zu ere ari zara segurtasun politika egiten, ez da soilik gure marroia”, esaten genien. Politika feministak, bazterkeriaren aurkakoak edo hezkuntza arlokoak egitean segurtasun politika ari zara egiten, eta oso garrantzitsua da asko eta ondo egitea, Polizia azken baliabidea izan dadin. Polizia agertzea porrota baita.
Lanean hasi, eta zer aurkitu zenuten?
Pertsonei dagokienez, oso talde maskulinizatua, eta jubilaziotik hurbil zeuden kide askorekin. Belaunaldi horrek Polizia estatuaren defentsarako tresnatzat zuen, eta ez horrenbeste zerbitzu publiko gisa.
Udaltzaingoaren jarduteko markoari dagokionez, gure ikuspuntutik Elkarbizitzarako Ordenantza arazo iturri zen. Espazio publikoan arautzen diren gauza askok ez dute zentzurik, kontrara, arautzea kalterako da. Lan handia egin genuen oposizioarekin eta gobernu bazkidearekin [PSC] ordenantza berria egiteko, baina bozketa galdu genuen azken unean.
"Hiru ildo nagusi zehaztu genituen: gertutasuna, gardentasuna, eta antolakuntza berria"
Hitzaldian aipatu duzu 3.000 polizia zenituztela zuen ardurapean. Ez dut uste beste sailik egongo zenik horrenbeste langilerekin.
Udaleko sail guztietan handiena da, bai, langile gehien dituena.
Gaur egun sindikatu korporatiboen nagusitasuna erabatekoa da polizietan. Orduan ere baziren Bartzelonako Udaltzaingoan?
Bai, jakina. Sindikatu nagusia korporatibista zen, oso. Sindikatu politikoa, baina nolabait esateko nahiko teknikoa. Eta gu heltzean bigarren sindikatu minoritario bat lehen urratsak ematen ari zen, hori argiki, publikoki, eskuin muturrarekin lerratzen zena. Baziren Udaltzaingoa pixka bat ezkerrerantz mugitu nahi zuten pertsonak ere, baina gutxiengoa ziren.
Dena den, aldaketak egiten saiatzeko orduan lana zaildu ziguna polizia-kidego osoaren korporatibismoa izan zen, sindikatu jakinena baino gehiago. Talde funtzionamendua, hierarkiaren egitura osoa, Poliziaren funtzioaren ulerkera, oso normalizatuta zeuden egiteko moduak...
Adibidez?
Adibidez, Poliziaren feminizazioa lantzen hasi ginenean. Emakumezko poliziekin lanean hasi, eta jakina, beren ikuspuntua ez zen batere feminista, batere. Oso zaila zen azaltzea ez zela nahikoa Udaltzaingoan emakumeak sartzea, balore eta egitura kontua dela, ez ordezkaritza kontua. Ez badugu kultura aldatzen, emakume horiek kide gizonek bezala pentsatzen badute, ez da ezer aldatuko. Gobernukideen artean ere izan zen zaila hori ulertaraztea.
Heldu, panorama ikusi, eta ze erronka zehatz jarri zenizkioten zuen buruari?
Hasteko, garrantzitsua izan zen gauza bat egin genuen: legegintzaldian egingo genuenaren proposamena Udaltzaingoarekin batera lantzea. Gure bulegoetan sartu eta egun batean plan estrategikoa aurkeztu izan bagenie, ez zukeen funtzionatuko. Plana lantzeko, Udaltzaingoaren barruko lidergotza jakin batzuk hautatu genituen. Hiru ildo nagusi zehaztu genituen: gertutasuna, gardentasuna, eta antolakuntza berria.
"Politika feministak, bazterkeriaren aurkakoak edo hezkuntza arlokoak egitean ere segurtasun politika egiten ari gara"
Horrez gain, auzo-poliziaren eredua ezartzea helburu zehatz gisa ezarri genuen. Autoan, oinez edo zaldiz hiri osotik bueltaka patruilatzen duten polizien eredua baztertu nahi genuen. Horrek, ezinbestean, Polizia erreaktiboa sortzen du, lurraldearen ezagutzarik eta testuingururik ez duena, harremanik ez duena. Hori bateraezina zen Poliziak, gure ustez, izan zezakeen zeregin prebentiboarekin. Ideia zen gertuko polizia unitate espezifikoa izatea hasieran, pixkanaka garatu eta Udaltzaingo osoaren eredu bilakatu arte.
Gardentasuna aipatu duzu, polizia indarren gabezia historiko eta egiturazkoa da.
Politikoki garrantzitsua zen guretzat, eta ez zen erraza Udaltzaingoarekin lantzea. Batetik, Barne Arazoetarako Unitatea birformulatu genuen: funtzio berriak gehitu genizkion, zenbait arduradun aldatu, eta horrek ahalbidetu zigun unitatean profil berriak sartzea, leihoak pixka bat zabaltzea airea berritu zedin. Bestetik, herritarrei ateak zabaltzeko bi bide garatu genituen. Lehena, salaketak edo kexak modu anonimoan aurkezteko aukera ematea. Bigarrena, Poliziaren jarduna behatuko zuen “jakintsuen kontseilu” antzeko bat sortzea, Polizia arloan adituak, baina poliziak ez ziren pertsonekin osatua, psikologoekin eta gizarte hezitzaileekin, kasu.
Hitzaldian aipatu duzu aniztasuna bultzatu zenutela.
Bai, zerikusia du lehen aipatu dudan feminizazioarekin, baita aniztasunarekin ere, jatorri eta ‘arraza’ mailakoa, adibidez. Esaterako, hauta probetan arabieraren, urduaren eta txineraren ezagutza meritu gisa puntuatzen hasi ginen.
Istiluen aurkako unitate bereziarekin (USP, Polizia Laguntzarako Unitatea) zer egin zenuten?
Gure inguruan unitatea desegiteko eskaera argia zegoen, baina erdibideko neurria hartu genuen. Desegin ordez, berrezaugarritu eta berrantolatu egin genuen: funtzioak kendu baino gehiago, gehitu egin genizkion (ingurugirokoak, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei laguntza ematea...); eta izena aldatu genion (USEP, Larrialdietarako eta Hurbiltasunerako Laguntza Unitatea). Horri esker, formazioa eman genien polizia horiei. Adibidez, nola lagundu suhiltzaileak sute baten aurrean, edo etxegabetze batean nola lagundu jendea, eta ez aurkakoa. Formazioaren ondoren sarbide probak egin genituen, psikotekniko berriarekin eta elkarrizketa batekin, eta horrek ahalbidetu zuen unitate horretako poliziek ez izatea soilik ordena publikoaren zaindari profila, baizik eta askotarikoa, hurbilagoa.
Erdibideko zerbait izan zen, azkenean denak geratu ziren pixka bat konforme, ondo funtzionatu zuen. Gaur egun unitate hori orduan baino gehiago erabiltzen da.
Polizien formazioari garrantzia eman zenioten.
Bi formazio daude, guztiontzat derrigorrezkoa dena, eta hautazkoa. Sartu ginenean zera aurkitu genuen: poliziei formazioa ematen zieten poliziak, eta gainera askotan agente berak, esaterako, segurtasun eta ingumen arlokoak. Espezializazioa eta kanpo formazioa bultzatu genituen. Esaterako, biolentzia matxistaren eta diskriminazio arrazistaren inguruko formazioak derrigorrezkoak izatea lortu genuen, lehena Antigona ikerketa zentroak eman zuen, eta bigarrena SOS Arrazakeriak. Azken hau bereziki, ez zen erraza izan.
"Ideia zen Poliziak pixkana atzera egitea, ez propio funtziorik kentzeagatik, baizik eta gainontzeko zerbitzu publikoak lehenago aktibatzen direlako"
Mundu mailan Polizia erreformatzearen edota abolitzearen aldeko mugimenduek aldarrikatu ohi dituzten bi neurri dira aurrekontuak murriztea eta funtzioak kentzea. Horrelakorik bultzatu zenuten?
Ba, begira, bataila hori irabazi nuela esan nahiko nuke, baina ezin izan gunuen. Polizia askok erretreta hartzekoak zirela aprobetxatuta, aukera zegoen irtengo zirenak baino gutxiago sartzeko. Zuzenean kopurua murriztea konplikatuagoa zen. Zer gertatu zen? Urte horietan intseguritatearen markoa oso indartsu zegoela, are, hauteskunde kanpainako gai zentrala izan zen. Kide batzuen iritzian, gure buruaz beste egitea zen jubilatuko zirenak ez ordezkatzea, gutxienez kopurua mantentzea, herritarrek eskatzen zutena polizia gehiago zelako. Ez zen aukera aprobetxatu.
Eta funtzioak kentzea? Esaterako, talde armatu hierarkizatu eta militarizatu bat izan behar da trafikoaz arduratzen dena, elkarbizitza arazo arinez edo Interneteko delituen ikerketaz?
Ideia zen Poliziak pixkana atzera egitea, ez propio funtziorik kentzeagatik, baizik eta gainontzeko zerbitzu publikoak lehenago aktibatzen direlako. Funtzioak kendu baino gehiago koordinazio protokoloak sortzea zen ideia, Polizia dagokion rolera mugatu zedin. Poliziak heldu behar du, beste inork ezin duenean ezer egin.
Batzuetan, polizietako sektore muturrekoenei leporatu zaie beren gustukoak ez diren gobernuak ahultzeko esku-hartzeak propio egitea: Madrilgo Udaltzaingoan Manuela Carmenaren aurka, estatu mailan PSOEren aurka... zuek horrelakorik bizi izan zenuten?
Ez dizute horrela esaten, agerian, baina bagenekien zer gertatu zitekeen gustuko ez zuten neurri bat hartu edo adierazpen batzuk eginez gero. Bagenekien guretzat sentiberenak ziren gauzen aurka egin zezaketela, esaterako, manteroen aurka. Bagenekien eraiki genuen oreka hauskorra zela, hortaz, batailak ondo aukeratu beharra zegoen. Egiturazkoak hautatu behar dira, estrategikoenak; gerora, gu agintean jarraitu ala ez, mantentzeko aukera dutenak.
"Presioak jasaten hasi ginen barne mailan ere, gure ildotik erabat kanpo, erabat kanpo zeuden gauzak egin genitzan"
Poliziaz gain, eragin ohi dute ere sektore enpresarialek, hedabideek...
Bai, jakina. Ez dakit koordinatu egin ziren ala ez, baina une batean komunikabideek eta beste hainbat aktorek oso gogor egin zuten gure aurka. Intseguritate alarma izugarria piztu zen Bartzelonan. Hedabideetako azaletan egunero jartzen zituzten matxeteak, arma zuriak, beldurra sortzen duten kontakizunak... Presioak jasaten hasi ginen barne mailan ere, gure ildotik erabat kanpo, erabat kanpo zeuden gauzak egin genitzan.
Segurtasun pertzepzioaren eta segurtasun objektiboaren (delitu tasa, salaketa kopurua...) arteko arrakala izugarria zen. Saiatu ginen azaltzen, baita gure jendeari ere, politika errepresibo gogorrek ez zutela segurtasun pertzepzioa elikatuko, baina ez genuen inor konbentzitu. Politika horiekin ados edo ezados egotetik harago, kriminologia kritikoaren ikerketek aspaldi frogatu dute ez dagoela loturarik segurtasun pertzepzioaren eta politika errepresibo gogorren artean.
Eta zer egin zenuten?
Lortu genuen komunikabideek-eta eragin nahi ziguten horretan ez erortzea, alegia, eskuinaren errezetak ez aplikatzea. Arazoak zeuden auzoetara joan ginen auzokideekin biltzera, eta han hasi ginen, “Begira, andrea, zure kalean 50.000 polizia jarrita ere, intseguritate sentsazioa berdina izango da...”. Gure aldetik oso naif-a izan zen, ez zen ondo joan, jakina. “Zer demontre ari zara esaten? Beldur naiz, atariko eskaileran mutil batzuk egoten dira xiringekin drogatzen, tontakeriarik ez, gero”.
Baina lan hori egin beharra dago. Esperientzia positiboak ere bizi izan ditut. Gauza da nola lortu gero eta gehiago izatea intseguritatea sortzen diguten gauzei buruz pedagogia egiten dugunok . Zeren eta, ziurrenik, erraz ondorioztatuko dugu gure egunerokotasunean intseguritate askoz handiagoa sortzen digutela alokairua ordaindu ezinak, hilabete amaierara heltzeko zailtasunak, lanaren prekarizazioak...
Jardunaldietan gauza batean bat egin duzue denek. Polizia ereduaz hitz egin aurretik, segurtasuna ulertzeko modua eztabaidatu eta berrezaugarritu behar da, bestela ezinezkoa delako Polizia eredua aldatzea.
Guk segurtasun publikoaz hitz egiten dugu. Erdigunean pertsonak jarri eta babestuko dituen segurtasun ereduetan pentsatu behar dugu, eta ez araua edo estatua babestean.
Baina, aldi berean: azken urteotan, hori egiteko saiakera egin denean, zein pertsona da erdigunean jarri dena? Gehienetan, klase ertain-altuko emakume txuri heterosexuala. Zerbitzu publikoak, definizioz, erdigunetik urrunen dauden pertsonengana heldu beharko luke. Ziurrenik emakumeak izango dira baina ziurrenik izango dira arrazializatuak, lan prekarizatuak dituztenak... Erdigunean subjektu prekarizatuena eta baztertuena jartzen badugu, egiten ditugun politika publikoak, baita segurtasun arloan ere, oso ezberdinak izango dira.
Zein da arazoa? Subjektu horrek ez duela bozkatzen. Hor dugu korapiloa, eskatzen digulako erantzuten ez dakizkigun galdera konplikatuak egitea, edo azken ondoriora arte erantzutera ausartzen ez garenak. Kolektibo horiek segurtasunik ez duten bitartean, segurtasun publikoaz hitz egitea aberrazioa iruditzen zait.
"Erdigunean subjektu prekarizatuena eta baztertuena jartzen badugu, egiten ditugun politika publikoak, baita segurtasun arloan ere, oso ezberdinak izango dira"
Zazpi urte pasa dira Bartzelonako Udaltzaingoaren esperientzia hartatik. Distantziatik begiratuta, zer balorazio egiten duzu, onetik zein txarretik?
Laneko lehen egunean, Amadeuk, nire jefeak, esan zidan: “Júlia, egin nahiko genukeena egiteko gutxienez hamasei urte behar ditugu gobernuan. Ez ditugu izango. Hortaz, ahal duguna egingo dugu”. Hori da negatiboena, aldaketa batzuk egonkortzeko denbora gehiago eduki ez izana. Lau urte oso denbora gutxi da, kultura oso bat aldatzeaz ari garenean, guztia aldaketa ekonomiko batekin lotuta egonda... Baina argi dugu, hobetzea beti dela ona.
Alde positibotik, lau urte horiek aukera eman ziguten ikasteko ideologikoki ondo ikusten genituen gauza batzuk praktikara jaistean porrot egin zutela, pentsatu ez genituen hainbat gauzak emaitza onak eman zituztela... eta esperientzia hori gordea dugu. Horri esker etor naiteke hona eta, apaltasunez, Endikari [Endika Alonso. Segurtasun eta Bizikidetza zinegotzia Iruñeko Udalean. Mahai-ingurua partekatu dute jardunaldietan] esan, “guk hau eta hau egin genuen, beste hori egitea ezta okurritu ere, agian beste hori bai...”. Ausartzen garenon artean batu gaitezke, aurrekoa baino puntu aurreratuago batetik abiatuta.