Iparraldeak

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Abuztuan astebete egin dut Ipar Cerdanyan, Catalunya Nord delakoan. Mendi kaskoak nituen xede, baina horrek ez dit kamustu soziolinguista amateurraren begirada. Hango gailur eta aintzirek liluraturik, baina hizkuntzaren egoerak etsiturik itzuli naiz etxera. Aterpe edo ostatu bakoitzean, bon dia edo bona tarda, nik. Guzti-guztietan, bon jour erantzun hango jabe, arduradun edo langileek. Berdin, nik moltes gràcies edo mercè erranda. Batzuek de rien edo il n'y a pas de quoi; bertze batzuk jabetzen ere ez ziren eskerrak ematen ari nintzaienik. Lagun bakarrak ihardetsi zion nire adeu-ri bertze adeu batekin, artzain batek, Coma d’Anyellen. Ibilaldiaren azken egunean, Matamalako jatetxean, Hegoaldeko turista batek katalanik ote zekien galdegin zion zuzenean zerbitzari edadetuari; harritu eta guzti egin nintzen baietz aditu niolarik. Mintzaira horretan aritu ziren handik aitzina. Eta prou.

Puigcerdàn, berriz, 10 kilometro hegoalderago, Cerdanyan berean, baina Espainiako Estatuaren eskutan dagoen aldean, katalana osotara nagusi.

Ados. Ez naiz aditua. Egun guti batzuetan han-hemenka bildutako ohar zirtzil batzuekin ezin da tesi bat eraiki. Are gehiago, “lagin” gehien-gehienak izugarri turistifikatutako sektore batekoak izanik. Hainbertzenarekin ere, ez nuen espero hain egoera hitsa, marraren bertze aldean katalan hizkuntzak nonahi ageri duen bizitasunaren aldean.

Hegoaldean gure zilbor tristeari begiratzen diogun bitartean, gure oharkabean, gauzak aldatzen ari dira Iparraldean

Kontua da goraldi baten ondotik etorri zaidala Kataluniako beheraldia. Aurtengo udan gure Iparraldean ere egin baitut bertze astebete bat, uztailean oraingoan, kasik urtero bezala. Eta hor ere soxiolinguista ibilki nire baitan. Bada, aurten, propio bilatu gabe, aspaldi handitik ez nuen hainbertze euskara egiten Iparraldeko jendearekin. Baionako Ametzondo merkatalguneko dendariarekin, Larresoroko okinarekin, Donibane Garaziko kamiseta-saltzailearekin, Haltsuko lehen auzoarekin, Ezpeletako gozotegiko arduradunarekin… guztiek euskaraz gogotik, zuzen eta xarmant. Jende gazteaz ari naiz, gainera, ez zahar okituaz, topikoak mugaz haraindiko hiru herrialdeetarako agintzen duenetik urrun. Bada segida. Ipar Katalunian, Okzitanian edo Bretainian ez bezala.

Beharbada geure burua ez genuke makurrago daudenekin alderatu behar. Baina albiste txarrak metatzen zaizkigun (ditugun?) honetan, ikasi beharko dugu berri onei antzematen. Hegoaldean gure zilbor tristeari begiratzen diogun bitartean, gure oharkabean, gauzak aldatzen ari dira Iparraldean. Ez guztiz, ezta nahi genukeen abiaduran, baina badira han eta hemen, irakaskuntzan, literaturan, kultur mugimenduan, administrazioan, hoberako aldaketak iragartzen dizkiguten zantzuak.

Uste baino biziago dabil azken hatsean zirudiena. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.