Aurreko ikasturtea Unibertsitatera Sartzeko Probetan euskarazko azterketen erreklamazioek eragindako iskanbilarekin amaitu genuen; kurtso berria PISAko emaitzen zalapartaren erdian hasi dugu. Plater desatsegin horiek mahaigainean zeuzkala, Begoña Pedrosak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza arduradun nagusiak, aurre egin behar izan zion BECen antolatutako batzarrari. Ez nago ziur zelakoa izan zen ospakizuna, 600 edo 700 ikastetxetako zuzendariak bildu zituena, baina utziko didazue eszeptiko izaten: esango nuke lan-bilera bainoago (non galderak, zalantzak eta kritikak ere agertu daitezkeen), mitin edo celebrity-en ezkontza baten antzekoa izan zela, laudorioak biltzeko diseinatutako goraipamen-ekitaldi masiboa. Komunikabide batzuek, Jaurlaritza-friendly, honelako izenburua ipini zioten ekitaldiaz hitz egiten zuen berriari: “BECeko goi-bilerak euskal eskolaren susperraldirako bidea markatuko du”. Ufa! Jakinarazi dutenez, sailburuak PISAko errendimendu akademikoaren jaitsiera “zorroztasunez eta alarmismorik gabe” aztertzearen alde egiten du. (Hau da hau nahas-mahaia duguna, eta oraindik publizitatearen logikaren barruan jarduten!). Badirudi Hezkuntza Sailak beste hobekuntza plan bat jarriko duela martxan. Albiste ona izan zitekeen, baina urteetan plan eta proiektu askotarikoen pean egon garela gogoratu behar dugu, hezkuntzaren kalitatea hondatu dutenak. Oraingoan “ekiteko unea” dela diote: ederto, baina zer demontretan aritu dira orain arte? Zelan uste dute, bada, ailegatu garela honaino?
Ebaluazio Diagnostikoaren datuek baikortasunerako bidea irekitzen omen dute. Hara, gora baikortasuna! Berriro ere, sentitzen dut ur hotzezko baldekada, baina hobe genuke lehenbailehen onartzea gure hezkuntza sistemak hainbat gabezia dituela, egiturazko eta sistemiko bilakatu direnak, eta irtenbidea ez dela topatuko izen ponposoko programa, plan, proiektu, formakuntza eta ekitaldiak etengabe asmatuta. Orain arte ezagutu ditugun horiek ez dute balio izan zoro-lasterketa batean murgilduta gaudela agerian uzteko besterik. Eta, benetan: egungo egoerara ekarri gaituzten hezkuntza politikak sutsu defendatu dituztenek beraiek bideratu dezakete ustezko susperraldia, serio? Diru tonak sartu beharko dituzte propagandan eta publizitatean (oraindik gehiago!) faltsukeria hori sinestarazteko.
Egungo egoerara ekarri gaituzten hezkuntza politikak sutsu defendatu dituztenek beraiek bideratu dezakete ustezko susperraldia, serio?
Onar dezagun: hoberena litzateke lehenbailehen Hezkuntza Sailak bere burua engainatzeari uztea. Halaber, Eusko Legebiltzarreko oposizioak ez luke konplize izan behar erkidegoko hezkuntza politiketan ezarritako zentzugabekerian. Eta ez legoke soberan auditoretza publikoa eskatzea, argitzeko Hezkuntza Sailak zenbat gastatu duen ekipamendu informatiko konponduezinetan –eta zelako handia den haren politikek sortutako hondakin elektronikoen mendia, jasangarritasunaz hitz egiten duten bitartean–. Begira, pedagogia-berrikuntza zentzugabeari dagokionez, ez dago pilatutako hondakin fisikorik. Arlo horretan eragindako kaltea ukiezina da –baina bai neurgarria, agerian gelditu denez, eta hilgarria ere bai–.
Alarmismorik ez, baina egoera larria da eta dena nahastuta dago: hezkuntza sistemaren xedea ez da ondo sentiaraztea; ikasle asko ia ezer ikasi gabe pasatzen dira hezkuntza sistematik. Batzuk hain dira ezjakinak prozesua amaitutakoan, ezen ez baitira gauza ezta beren ezjakintasunaz ohartzeko ere (eta ezjakintasuna oso ausarta da, galdetu euskarazko azterketen zuzentzaileei). Lasaitasuna eta barealdia behar dugu, eta publizitatearen logikatik aldentzea. Fokua itsutzen ari zaigu.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.