Ez gara gu txoko honetan kultur gomendioak egitekoak, baina Tip Toe (Oin-puntetan) telesaila ikusi ondoren, bertan azaltzen den Melba pertsonaiaren (eta egun sare sozial digitaletan biralak diren) hitzen oihartzuna ekarri nahi dugu: sakonki gorroto gaituzte. Beti gorrotatu gaituzte, baina orain ez dute zertan itxurak egiten jarraitu.
Russell T. Davies zuzendariak lintxamendu batekin irekitzen du telesaila, eta gero hamar egun atzera egiten du. Eta amaiera txundigarria badakigun arren, arretaz begiratzen jarraitzen dugu. Baina guretzat galdera ez da nola iristen den gertatzera gertatzen dena telesailean. Galdera da noiz hasi ginen kuir pertsonok berriro gure burua neurtzen bizitza errealean. Ez badiogu inoiz utzi hori egiteari, noski.
Egia esan, ez da atzoko kontua. Gure maitalearen eskua askatzea kaletik goazela; lantokian ez aipatzea norekin bizi garen; argazki bat Instagramera igo aurretik bi aldiz pentsatzea... Ez, ez gara paranoikoak. Gure komunitateak oso presente ditu XX. mendeko faxismoaren ondorioak orbainetan eta gogoan.
Erreakzionarismoak ez du gorrotoa sortzen bakarrik, frustrazioari norabidea ematen dio
Telesaileko Clive auzokide homofobo eta erreakzionarioaren ustez, protagonista, Leo, "pederasta harraparia", "kutsakorra" eta "perbertitua" da. Baina Clivek ez ditu ideia horiek asmatzen, jaso egiten ditu. Hori ez baita auzokide erretxindu soil baten berezko hiztegia. Ondo landutako diskurtso politikoa da, eta gaur sare sozial eta hedabideetan dohainik banatzen da. Eta hor dago gakoa. Erreakzionarismoak ez du gorrotoa sortzen bakarrik, frustrazioari norabidea ematen dio. Horregatik, langile klaseko gizon asko "errudun" andana aurkitzen ari dira beren etxeetako hormaren beste aldean.
Gainera, hainbat erakunderen azken txostenek diotenez, gero eta adingabe gehiago dira gorroto-delituen egile. Eta ez, ez dugu hori kartzelekin konponduko. Eskolan, etxean, lagun-taldean eta kalean egin beharko dugu lan, mutil horiek Clive bihurtu aurretik.
Horregatik, guretzat esku-hartze feministan lan egitea ez da luxu bat, politika egitea baizik. Alegia, "hemen gaude, irmo eta gure oinatz osoa utziz" oihukatzen duen politika. Eta, asko jota, hanka puntetan ibili nahi badugu, izan dadila takoiak jartzeko, balleta dantzatzeko edo gure auzoetako farolen goialdean kartel antifaxistak itsasteko.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.