“Arendt-ek 1970-eko hamarkadan aurreikusi zuen nazien itzulera”

  • Bere liburuetan era askotako erreferentziak eta gogoetak txirikordatzen dira, noiz jauzika, noiz sigi-sagan. Bere esanetan, “bizitza luzea” izan duelako eta “askotariko gauzak interesatu” zaizkiolako idazten du horrela. Elkarrizketa irakurrita argi geratuko zaizue baietz, egia biribila dela.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Elena Martinez Rubio (Bilbo, 1957)

Bilbon jaio zen, baina Parisen eman zituen lehen urteak. Alemanian egin zituen unibertsitate-ikasketak, filosofian, eta Hannah Arendt pentsalariaren inguruan osatu zuen tesia, Bartzelonan. Irakasle aritu da Alemanian eta Euskal Herrian, eta Günther Anders-en lanak gaztelaniaratu eta argitaratu ditu. Hiru liburu kaleratu ditu euskaraz: Bidaia filosofikoak [Utriusque Vasconiae]; Egun gorrietan eta Bide bihurrietan [Alberdania].

Elena Galzusta izena erabili izan duzu. Nondik dator?
Nire birramona Galzusta zen. Ez nuen ezagutu, baina euskal emakume temati baten adibidea zen. Ez zen Euskal Herrian jaio: maiorazkoa ez zutenek alde egiten zuten, eta asko joaten ziren Errioxako mugetara, eta gero beti jotzen zuten Gasteiz aldera. Halako leku batean jaio zen birramona, eta haren aita ere bai. Bertakoak, garai hartan, denak ziren euskal abizenekoak, eta emakume horrek, belaunaldiz belaunaldi, 1816ko agiri bat gorde zuen, gure genealogia guztiarekin, esateko jauntxoak ginela, Gernikako Juntetara joaten ginela… –bide batez, horiek dira nire familian jauntxo bakarrak, beste guztiak izan dira langileak, bi aitonak kanpotarrak–. Birramona tematu zen agiri horrek belaunaldiz belaunaldi iraun zezan, eta gugana iritsi da.

Zer garrantzia du zuretzat?
Txikitan zama bat zen. Ama, Galzusta esatean, triste jartzen zen, eta ez nuen ulertzen zergatik. Zer gertatu zen? Galdu zutela baserria, eta gizarte maila ere bai. Galzusta izeneko baserria Galzusta izeneko lursailean dago, horrek erakusten du familia han egon zela urte askotan. Baserria, gaur egun, bakarrik dira bi harri-edo, baina txikia nintzela hura ikustera joaten ginen. Azken belaunaldikoak Patagoniara joan ziren, Karlistaden gerra galdu eta gero. Betiko euskal testuinguru horiek, hainbatetan errepikatzen direnak.

Bide bihurrietan-en Gaztelako zure bi aitonen historia ageri da, baina hau ez.
Galzusta oraindik falta zait. Hori da zailena niretzat, barrukoena. Gero badaukat, beste aldetik, amona nafarra: izaeraz guztiz kontrakoa zen. Nafarroa hegoaldekoa zen, eta ez zeukan inongo tristurarik galdutakoagatik. Ez zekien euskaraz, baina euskalduntzat jotzen zuen bere burua. Hori berezia da gaur Erriberako hainbat tokitan, baina orduan ez zen horren berezia; nire amonaren garaietatik asko galdu da kontzientzia hori. Beraz, Galzusta birramonaren eta amona nafarraren inguruan idaztea falta zait.

Zugana itzulita. Bilbon jaio zinen 1957an, eta Parisen eman zenituen lehen urteak.
Nik batera ikasi nituen frantsesa eta gaztelania. Gero, Bilbora itzuli ginenean, udako oporretan bisitan etortzen zitzaigun aitaren lagun bat, frantsesa, eta ikusten ninduenean esaten zuen frantsesez, “ume honek ez du frantsesa ahaztu”, eta nik esaten nuen, “nola ahaztuko nuen ba, helduak pixka bat burutik daude”. Umeek ikasten dituztenean bizpahiru hizkuntza batera, ez dituzte hizkuntzak ikasten, hizketan ikasten dute, ibiltzen ikasten duten bezala. Horregatik da horren garrantzitsua eta ona jaiotzen zarenetik hizkuntza desberdinak entzutea.

" Gure amak ez zekien euskaraz, baina euskalduntzat zuen bere burua; garai haietan Erriberan hori ez zen horren berezia"

Eleaniztasuna garrantzitsua zen zuen etxean.
Gurasoak esperantistak ziren biak. Diktaduran, kultura aldetik oso gauza gutxi zeuden, eta Bilbon, Alde Zaharrean, esperantisten elkarte bat zegoen. Horretaz gain, txikitatik izan ditut etxean alemana ikasteko metodoak, amak gaztetan ikasi zuelako alemana bere kabuz, eta aitak ere bai. Errusiera, ingelesa, frantsesa zer esanik ez, horiek denak ikasteko metodoak txikitatik eduki ditut. Eta euskarazkoak ere bai. Euskara ikasteko metodo zaharrak gorde ditut, gerra baino lehenagokoak. Hala ere, berandu hasi nintzen euskara ikasten. Alemanian ikasi nuen, unibertsitatean nengoela, ikasliburu batekin. Horren aurretik ez nuen tarterik izan, eskola alemana oso zaila zelako.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Unibertsitatean filosofia ikasi zenuen. Argi zeneukan hortik jo nahi zenuela?
Galdera bat egin didazu, baina asko luzatuko naiz. Niri arkitektura egitea ukatu zidaten emakumezkoa nintzelako.

Hara!
Hara. Orduan, hasten banaiz hortik…

Hasi hortik, mesedez.
Eskolan zera esan zidaten: “Etorri zaizkigu Alemaniatik atzerritarrentzako bi beka kurtso honetarako, eta notak onenak dituzten bientzat dira”. Ikasketak eta lekua aukera genitzakeen: nik arkitektura nahi nuen, Berlinen –super argi– eta mutilak, berriz, medikuntza, Munichen. Berari onartu zioten, eta niri esan zidaten egin behar nuela filologia edo germanistika, eta Berlinen ez, baizik eta Alemaniako hegoaldean, Erlangen-Nuremberg-en. Oso toki eskumatarra; garai hartan, itzela. Eta zergatik besteak aukeratu ahal izan zuen eta nik ez? Emakumea nintzelako, omen. Onartu egin nuen. Beste aukera bakarra zera zen, gurasoek ordaintzea arkitektura Bartzelonan, eta ez nuen halakorik nahi. Independentzia aukeratu nuen, eta Alemaniara joan nintzen.

Han nengoela, berriro saiatu nintzen Berlingo arkitekturan sartzen nire kabuz, eta plaza lortu nuen. Eta pentsatu nuen: “Zer gertatzen da hemen?”. Joan nintzen beka ematen zidatenengana eta esan nien banindoala Berlinera. Sekulako errieta egin zidaten. Orduan jakin nuen Bilboko kolegio alemanetik banekarrela fitxa bat: revoltosa, eta emakumea gainera; beraz, ez arkitektura, ez Berlin. Niri Bilbon esan zidaten emakumea nintzelako zela, baina ez zen horregatik bakarrik. Edonola ere, nire ikasketak baldintzatu zituen.

Harri eta zur utzi nauzu.
Momentu oso gogorra zen, orokorrean, arrazoi desberdinengatik; hil zitzaigun istripuz gure taldeko bat, nire lagun mina eta bakarra. 18 urterekin hil zen. Pintorea zen, oso ondo marrazten zuen. Harrapatu zuen auto batek, eta bertan utzi zuen gidariak, eta hori gertatu zen justu beka lortu baino lehenago. Garai nahasiak ziren. Hil bezperan berarekin egon nintzen gaueko hamaikak arte, eta gero joan zen etxera oinez, eta hor harrapatu zuen autoak. Gaua Begoñako tunelean egin zuen, odolusten. Frankismoa zenez, ez zuten ikertu ezer, eta dena politika zenez, eta bazekitenez lagun minak ginela, biharamunean etorri zitzaidan apaiz bat hemengoa, nazkagarria, hartu ninduen besotik, eta esan zidan: “Alberto hil da. Zer egin zenuten atzo gauean? Zer zegoen estudioan?”. Albertok estudio bat zeukan, amonak utzita. “Panfletoak zeuden? Zer zegoen?”. Nik momentu horretan jakin nuen hil zela, eta apaizari esaten nion “ez da hil, nola hilko zen!”. Eta apaiza, erabateko kolaboratzailea, panfletoez galdezka. Halako garaiak ziren Alemaniara alde egin nuenean. Pentsa: arkitekturarena garrantzitsua zen, baina pixka bat alboratu nuen. Ez da nire bizitzako trauma bat ere. Halako gauzak gertatzen ziren emakumea izatearen edo ezkertiarra izatearen edo dena delakoaren aitzakiarekin.

"Marxismotik ere 
banuen zerbait, eta sinistu egin behar zen ikuspegi hura zientifikoa zela eta egunen batean derrigorrez iritsiko zela iraultza"

Orduan ausaz-edo ikasi zenuen filosofia…
Neurri batean bai. Soziologia, politika eta halako seminarioetara joaten nintzen. Beti interesatu zaizkit, baina ez hainbeste ogibide gisa. Filosofia zoroagoa da, ez dago errealitateari hain lotua.

Bestalde, filosofiak badu zerikusi handia literaturarekin eta, nahiz eta jendeari ahazten zaion, filosofo batzuei ere ahazten zaien moduan, oso lotuta dago hizkuntzarekin. Hizkuntzarik gabe ez dago filosofiarik. Filosofia egiten ari gara euskaraz, tira, ni ez naiz akademikoa, baina filosofia egiten da euskaraz eta aurretik ez da egon halako hausnarketa bat hizkuntzaren beraren filosofiaren inguruan. Errazena da hitz bat espainoletik hartzea edo frantsesetik –ezta latinetik ere–, edo ingelesetik. Eta batzuetan euskarak baditu aukerak hori beste era batera adierazteko. Are gehiago, aberastasun bat da, ez baita indoeuroparra. Adibide tipikoa “gogoa” da. Baina hori filosofian aztertu behar da, nola pentsatzen zen dualismoa baino lehenago, kristautasuna eta Platon iritsi baino lehenago. Hizkuntzan bertan badago mundu-ikuskera bat.

Tesia, berriz, Hannah Arendt pentsalariaren inguruan osatu zenuen, Bartzelonan. Arendti buruzko lehen tesia izan zen Espainiako Estatuan.  
Euskal Herrian ez zen batere ezaguna. Ibili nintzen Azurmendiri [Joxe] eta ezagutzen nuen jendeari galdezka, norbaitekin behar nuela tesia egin, eta ezagutzen zuen bakarra zen Txillardegi. Garai hartan ez zen moda. Gero moda bilakatu zen, eta orain, berriz, nahiko ahaztuta dago berriro. Nik Alemaniako lagun editore baten bitartez ezagutu nituen Arendt eta Günther Anders, baina hemen erabat ezezaguna zen. Tesiko epaimahai osoan inork ez zuen ezagutzen Arendt. Hori 1992an, eta handik bi urtera edo, fama handia hartu zuen.

Zer aztertu zenuen?
Gauza interesgarri asko zeuden. Arendten denetariko lanak irakurri ostean, nire gai batekin lotu nuen. Tesiaren aurretik tesina egin nuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, historiaren filosofiari buruz. Horregatik jorratu nuen Arendtek historiari buruz zuen ikuspegia.

Nola ulertu da historia filosofian?
Momentu hartan Hegel zen nagusi: “aurrera goaz” eta antzekoak esaten ziren. Nik ez dut inoiz halakorik sinistu, baina era berean, marxismotik ere banuen zerbait, eta sinistu egin behar zen ikuspegi hura zientifikoa zela eta egunen batean derrigorrez iritsiko zela iraultza. Ni beti joan naiz beste bide batzuetatik, eta zentzu horretan, interesgarria zen ikustea nola Arendtek erabat baztertzen zuen progresoaren ideia hori.

Zer ikuspegi zeukan?
Gauza asko idatzi zuen iraultzari buruz, totalitarismoaren jatorriari buruz, eta hori dena ikerketa historikoa da. Bera ere, nonbait, historialaria zen, filosofoa izateaz gainera. Eta berak esaten zuen Bigarren Mundu Gerra, kontzentrazio-esparruak, eta hori dena gertatu eta gero, gure Mendebaldeko tradizioa erabat apurtuta zegoela –aurrerabidearen ideia Mendebaldearen tradiziokoa da; Ekialdean ez da egon historiaren ikuspegi lineal hori–. Izugarrikeria horiek gertatu ondoren, zatikiak eta fragmentuak bakarrik geratzen zirela, eta zatiki horietatik abiatuta egin behar zela iraganaren irakurketa eta historia, jendearengan kokatuz, erresistentziako kideak edo halako bizitza bereziak izan zituztenak aintzat hartuz. Ez da Historia osoa, letra larriz, izango, istorioak baizik.

"Gu ez gara konturatzen, baina euskaraz ibiltzea izatearen parekoa da. “Ondo nabil”, “gaizki nabil”; beste hizkuntzetan ez da horrela"

 

Oso ideia garaikidea.
Uste dut Hannah Arendtengana jo beharko genukeela orain. Gazako genozidioaren kasuan adibidez, bera judua zen. Hasieran, 1930eko hamarkadan, oraindik naziak indarrean zeudela, Alemanian geratu zen. Gestapok harrapatu zuen, kasualitatez libratu, eta gero ihes egin zuen. Garai hartan sionista izan zen, baina momentu batetik aurrera, erbestean, urrundu egin zen. Gutunak trukatzen hasi zen sionistekin eta beste judu batzuekin, esanez horrela ezin zela sortu estatu berri bat, ondorio larriak izango zituela okerreko abiapuntu hark. Eta oraingoa eromena da, eromena baino gehiago.

Zentzu horretan, oso garaikidea da, bai. Batzuek oso buru onak dituzte, 50 urte lehenago aurreikusten dute zer gertatuko den. Arendtek 1970eko hamarkadan aurreikusi zuen nazien itzulera, eta begira nola dagoen egoera Alemanian, besteak beste.

Alemana-euskara hiztegi bat ere sortu zenuen.
Beharrezko irizten nion tresna bat izateari, bai euskaldunek eta bai alemanez dakien jendeak, zuzenean hizkuntza batetik bestera joateko, bitartekaririk gabe. Gazteleraren bidez hurbilduz gero alemanera, gaztelera indartuko duzu, eta euskara ahuldu.

Elena Martinez eta Danele Sarriugarte elkarrizketaren une batean. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA)

Mendizalea zara. Zuretzat ezinbestekoa da ibiltzea, ideiak argitzeko?
Hor ere moda pixka bat sortu da pentsalariengan. Baina niri moda baino lehenago sortu zitzaidan mendira joateko beharra. Mendira, eta urrutira. Bestalde, gu ez gara konturatzen, baina euskaraz ibiltzea izatearen parekoa da. “Ondo nabil”, “gaizki nabil”; beste hizkuntzetan ez da horrela. “Ondo nago” izan ohi da. Euskaraz, ibiltzeko gaitasunik ez daukazunean… txarto. Ibili ahal izatea funtsezko gauza da gizakientzat.

Idazteko errutinarik daukazu?
Idazteko onena da isiltasuna, eta hori da zailena lortzen. Garai batean, Bilbon bizi nintzela, ez nuen asko idatzi, arrazoi desberdinengatik, baina zaratak pisu handia zeukan. Uste izaten duzu aurre egiten diozula zaratari, eta azkenean baldintzatzen dizu bizitza.

"Gurasoek dirurik batere ez, eta zeukatena kulturan uzten zuten, ez 'El País'-eko kulturan, egiazko kulturan. Jakitea, zure bizimodua aldatzea, libre izatea, bidegabekeriari aurre egitea, duintasuna bilatzea…. Kultura, beraz, zentzu horretan"

Ezer idazten ari al zara orain?
Nik idatzi dut beti eta jarraitzen dut idazten pila bat gaztelaniaz; argitaratzea beste kontu bat da. Euskaraz idaztea, berriz, erabaki bat izan zen, eta euskaraz idatzi dudana argitaratu egin dut gehienetan. Baina gazteleraz ez naiz hainbeste arduratu. Orain etxez aldatu naiz, denbora gehiago daukat, eta horretan ari naiz, eskolatik aurrera idatzitako milaka gauza berrirakurtzen eta berreskuratzen.

Besterik esan nahi duzu?
Gurasoek hizkuntzarekiko eta musikarekiko zuten lotura testuinguru batean kokatu nahi nuke. Langile-girokoak ziren beraiek, eta ikastea ez zen kontu elitista bat; guztiz kontrakoa. XIX. mendean bazegoen joera bat, langileak eta nekazariak analfabetoak ziren, baina bazegoen askapen-nahi bat: kulturara iritsi nahi zuten. Holako zerbait ziren nire gurasoak. Dirurik batere ez, eta zeukatena kulturan uzten zuten, ez El País-eko kulturan, egiazko kulturan. Jakitea, zure bizimodua aldatzea, libre izatea, bidegabekeriari aurre egitea, duintasuna bilatzea…. Kultura, beraz, zentzu horretan. Beste guztia, niretzat, ez da kultura, da...

Merkatua.
Merkatua! Eta okerrena da hemengo askok bide bera hartu dutela. Editoreak aspaldi hasi ziren neurtzen zenbat kultura kontsumitzen den Euskal Herrian. Kultura kontsumitzen baduzu, orduan egiten duzuna da denbora pasa. Ondo egon daiteke, baina ez dizu bestelakorik ekartzen.  
 


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.