Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Coward
Zuzendaria: Lukas Dhont
Herrialdea: Belgika – Frantzia – Herbehereak
Iraupena: 127 minutu
Estreinaldia: Abenduan
Lehen Mundu Gerran, frontean, Belgikako tropa barnean, bi gizon gazteren arteko maitasuna ikusiko dugu. Baina ez du izan zezakeen kutsu belizistarik, soldaduen animoa goratzeko antzezlanean hartuko baitute parte. Armairutik irteteko beldurra eta desertatzeko beldurra; zein baino zein.

-------------------------------------------------
Azken agurra
Zuzendaria: Koldo Almandoz
Herrialdea: Euskal Herria
Iraupena: 90 minutu
Estreinaldia: Datorren urtean
40 urte inguruko Tomas da protagonista, kalamidade handiko gizona, gauzak gaizki irteten zaizkiona. Drama komiko bat da atsekabez beterik dagoen edozein gizonena. Almandozen estiloan, egongo da istorioan trapu zikinik eta misteriorik argitzeke.

-------------------------------------------------
5 minutos más
Zuzendaria: Javier Ruiz Caldera
Herrialdea: Espainia
Iraupena: 92 minutu
Estreinaldia: Urtarrilean
Bikote harremana krisian, landetxe batera asteburua igarotzera joango dira bi protagonistak. Etxeko arduradunarekin elkartu, giltzak hartu, eta bakarrik gelditu aurretik, ezohiko gertakari bat jazoko da mundu osoan: 18:35ean direnean, 18:30era itzuliko dira behin eta berriz. Komedia fantastiko ederra, Berto Romerok idatzitako gidoia.

-------------------------------------------------
Tender loving care
Zuzendaria: Mike Leigh
Herrialdea: Erresuma Batua
Iraupena: 107 minutu
Estreinaldia: Ez dago zehaztuta
Amy eta Rosie dira protagonistak, lanari asko eskaintzen dioten bi gizarte laguntzaile. Pertsonen arteko erlazioek duten garrantzia eta zaintzak bizitzetan duen eragin eraldatzailearen gaineko aldarri optimista, gizarte politikek zaintza sisteman duten eraginaz ahaztu gabe. Elkar ondo tratatzeak eta elkarri eusteak dakarren garapenari buruzko lan oso humanoa.

-------------------------------------------------
La bola negra
Zuzendaria: Javier Calvo eta Javier Ambrossi
Herrialdea: Espainia
Iraupena: 158 minutu
Estreinaldia: Dagoeneko zinema aretoetan
Federico García Lorcaren amaitu gabeko nobelari beste bizitza bat ematea erabaki dute zuzendariek. Nobelako pasarteak, Gerra Zibileko soldadu frankisten eta errepublikanoen arteko kontakizuna eta gaur egungo ikerlari gazte baten istorioa korapilatuta, homosexualitatearen inguruko lan paregabea sortu dute. Produkzio maila izugarriaz eta zinematografia bikainaz baliatuta, ikuslearen sentimenduak ukitzen ditu.

-------------------------------------------------
The debut
Zuzendaria: Jesse Eisenberg
Herrialdea: AEB
Iraupena: 105 minutu
Estreinaldia: Datorren urtean
Etxean kasu zipitzik egiten ez dioten familia bateko ama da Mona Friedman. Lotsa eta beldurrak atzean utzita, antzerki amateur batean rol bat lortuko du, eta, pixkanaka, antzezten duen pertsonaia ezagutzen hasiko da, lehengo bizitza alde batera utzita. Elementu fantastikoak eta benetakoak nahasten dituen komedia freskoa, ikuslea Monaren delirioaren lekuko egiten duena.

-------------------------------------------------
Wild Horse Nine
Zuzendaria: Martin McDonagh
Herrialdea: Erresuma Batua
Iraupena: 118 minutu
Estreinaldia: Azaroaren 13an (Hegoaldean)
CIAko bi agente dira Chris eta Lee, Pinocheten estatu kolpea baino hilabete batzuk lehenago Pazko Uhartera bidaian doazenak. Chris gaixo dago, dementzia ere badu, eta azken bidaia horretan AEBetako kanpo politikako sekretuak –tartean, estatu kolpe asko– kontatzeko arrisku handia du. Espioitza eta kontraespioitza, anbiguotasuna eta samurtasuna dakartza paregabeki harilkatutako pelikula honek.

-------------------------------------------------
The invite
Zuzendaria: Olivia Wilde
Herrialdea: AEB
Iraupena: 108 minutu
Estreinaldia: Urriaren 16an, Hegoaldean
Bi bikote eta etxe bat. Lehen bikoteak urte mordoa daramatza elkarrekin, eta denboraren ajeak pairatzen ditu aspalditik; bigarrena hasi berria da, eta kimika sexualak ardazten du harremana. Itxurakeriak eta diplomaziak hasi duen gaualdiak euren barrenean aztarrika egitera eramango ditu protagonistak. Gidoi bikain eta plano ikusgarriek hausnartzera eramango dute ikuslea.
