argia.eus
INPRIMATU
2026ko irailaren 30
Beldurrak gainditzen

Zero ni nintzen
Patxi Zubizarreta
Ilustrazioak
Maria Brenn
Giltza, 2026

-----------------

Patxi Zubizarretaren istorio honetako protagonista, Gaspar, ikasketak ongi ateratzen dituen mutikoa dugu, nota onak irakasgai guztietan… heziketa fisikoan izan ezik. Hor du arazo potolo bat Gasparrek, are potoloagoa gimnasiako zaldia saltatu behar duenean: “Ez diot beldurrik korrika egiteari. Ez zait axola helmugara ufaka eta azkena iristea, edo lasterketa probetan kontrol txarrak ateratzea. Ez diot beldurrik futbolean jokatzeari (…) Egia esan, komuneko ispiluak beldurtzen nau ni, apur bat (…) Baina gehien-gehien beldurtzen nauena gimnasiako zaldia da, gainetik jauzi egiteak”.

Gasparrek asko eta gaizki jaten du; lodia da eta eskolan Zero deitzen diotela deskubritu du: “Herenegun deskubritu nuen, ustekabean, patioko komunean sartu nintzen batean. Hara non, atearen atzealdean, errinozero baten marrazkia topatu nuen, eta, azpian, nire izena: GASPAR”.

Ikusi ahal izan den bezala Gaspar bera dugu narratzailea, irakurlea errazago identifikatuko da berarekin eta, horrela, mutikoaren beldurrak, usteak, gabeziak, makalaldiak… ezagutuko ditugu. Nola ezkutatzen den, nola saiatzen den gimnasiako irakaslea engainatzen, nola egiten dioten barre ikaskideek eta nola egiten dion aurre erasotzen duen irakasle zitalari. 

Baina horien guztien ondoan Gasparren beste aldea ere ikusiko dugu, ikaskideei laguntzen, arazoa onartzen eta, poliki-poliki, beldurrak gainditzen. Ikusiko dugu Gaspar ondo jaten ikasten, lagunekin dibertitzen eta kirola egiten, mundua beste modu batean ikusten.

Azkar irakurtzen den lana egin du Zubizarretak, ahotsa eta tonuarekin asmatuta, protagonistaren garapenaren lekuko izanik eta prozesu horretan bizitzako arazoei aurre egin behar diegula erakutsita.

Liburuko azken hogei orrialdeak ariketak dira, klasean lantzeko edo irakasleak irakurritakoa kontrolatzeko. Ulertzekoa da klasean hori batzuek erabili nahi izatea baina, nire ustez, soberan daude. Literaturaren helburu nagusia beti izan behar da irakurlearen plazera eta hori, azken orri horiek gabe, ederki lortzen da irakurtzeko liburu arin eta, era berean, gogoetarako sendoa den honetan.