Mexikoko bailara, 1325. Aztekek, jatorrizko Aztlan mitikoa utzi eta, bide luzea egin ondoren, Tenochtitlan hiria sortu zuten. Azcatitlan kodexak behintzat horrela jasotzen du azteka herriaren sorrera, migrazioa eta hiriburuaren fundazioa. Horrez gain, handik aurrerako agintarien eta kolonizazioaren lehen urteen berri ere biltzen du kode piktografikoak, konkistaren ondoren egina baita, XVI. mendearen bukaera eta XVII. mende hasieraren artean.
Hala, 50 orrialdeko liburukia europar paperez egina dago, eta europar estiloan koadernatuta, enkargua kolonizatzaileek egin zutelako. Baina edukia eta irudien estiloa aztekek emana da, konkistaren aurretik ere, haien historia eta kondairak irudien bidez jasotzeko ohitura baitzuten. Europarrak iritsi zirenean, istorio grafiko horiek suntsitu zituzten, besteak beste, ebanjelizaziorako oztopo omen zirelako. Baina hamarkada batzuk geroago, kleroko zenbait kidek –tartean, Frai Joan Zumarragakoak–, suntsitutakoa berreskuratzeko ahaleginean, ahozko tradizioan gordetakoa jasotzeko agindu zieten margolari mexikei, konkista loriatsuaren azken atala gehituta, jakina. Horren emaitza dira, besteak beste, Azcatitlan kodex hau, Florentziar kodexa, Boturinirena…
50 orrialdeko liburukia europar paperez egina dago, eta europar estiloan koadernatuta, enkargua kolonizatzaileek egin zutelako. Baina edukia eta irudien estiloa aztekek emana da, konkistaren aurretik ere, haien historia eta kondairak irudien bidez jasotzeko ohitura baitzuten
Azcatitlan kodexaren edukia mamitsua da, berez, baina kodexarekin gertatu denak berak ere asko esaten du. XVIII. mendearen hasieratik hainbat bildumagile pribaturen eskuetatik igaro zela dakigu, 1840 inguruan Frantziara iritsi zela, eta 1898tik aurrera Frantziako Liburutegi Nazionalean egon dela.
Orain, ia bi mende eta gero, kodexa Mexikora itzuli da, eta Antropologia Museo Nazionalean dago ikusgai. Baina ez da luzaroan egongo, urte amaieran Frantziara itzuli beharko dutelako. Gainera, trukean, mexikarrek Boturini kodexa maileguan utzi behar izan diete frantziarrei.
Jean-Charles Bédague Frantziako Liburutegi Nazionaleko bildumen zuzendariaren hitzetan, “liburutegiak eskuizkribu mexikarren multzo aparta gordetzen du, eta horien inguruan bi herrialdeetako ikerlariak ari dira lanean. Horien azterketak diziplinartekotasuna eskatzen du, hizkuntzak, tradizio zientifikoak, eta begiradak bateratzea”. Baina diskurtso bera izango luke, Mexikoko ondareaz eta historiaz aritu ordez, Frantziakoaz ariko balitz?