Ekainean Espainiako Poliziak Samidoun eta Iranekin Bat plataformetako bi kide atxilotu zituen Getxon eta Bilbon: Libanoko erresistentziako Hezbollah taldeko kide izatea, Telegrameko kanal batean terrorismoa goratzea, hura finantzatzea eta jihadismoko entrenamendu militarra jasotzea leporatu zieten. Handik hiru egunera askatuta, epaiketaren zain daude Asier Herranz (Getxo, Bizkaia, 1994) eta Youssef Brahim (Tenerifeko Santa Cruz, Kanariar Uharteak, 1992). Hamabi eta hogei urteko kartzela zigorren itzala dute gainean.
Ekainaren 16an atxilotu zintuzteten, eta Espainiako Audientzia Nazionalera eraman. Zelakoa izan zen atxiloketan eta epaitegian bizi izandakoa?
Youssef Brahim: Esnatu ginenerako, gure atxiloketaren albistea filtratua zuen El Confidencial egunkariak. Terrorismoaren apologiagatik eta Hezbollah-rekin harremanak izateagatik atxilotu gintuztela zioen; orduan, bagenekien gure bila etorriko zirela. Amarenean harrapatu ninduten. Handik, komisariara eraman ninduten, momentu baten ere ez zidaten esan zer leporatzen zidaten, bakarrik esan zidaten oso larria zela, eta Madrildik heldu zirela poliziak gure bila.
Asier Herranz: Bilbotik Madrilera eraman gintuzten, Audientzia Nazionalera. Han etengabe ari ziren guri galderak egiten, gu barregarri uzten, zirikatzen. Ekainaren 19an epailearen aurretik pasatu ginen eta gure bertsioa defendatu genuen: terrorismo bakarra Israelgo erakunde sionistak egiten duena dela, guk Gaza eta Gaza defendatzen dutenak defendatzen ditugula.
“Zerbait larria” zen zuen delitua. Epailearen aurretik pasatutakoan, zer leporatu zizueten?
Y. Brahim: Egoera erridikulua zen, termino pilo bat asmatu baitzituzten: Mundu Mailako Erresistentziarako Fronte Islamistako kide ginela esan ziguten lehenengo, Bilbon; Madrilen, aldiz, Hezbollahko kide ginela esan ziguten. Terrorismoa finantzatzea egozten digute, talde terrorista bateko kide izatea: Europan atentatuak koordinatzen ditugula ere bazioen autoak. Eta horregatik 32 urteko kartzela zigorra eskatzen digute: niri hogei eta Asierri hamabi. Sinesgaitza da: badaude gizonak beren bikotekidea hil dutenak, eta gure moduan daude, pasaporterik gabe eta hamabostean behin epaitegietan sinatzen.
Terrorismoa goratzea da akusazioetako bat, Frontflict Telegrameko kanalari lotuta. Zer egiten zenuten han?
Y. Brahim: Aspaldi sortu nuen kanal hori, ikusten bainuen Palestinari lotutako alde soziala landuta zegoela, baina Palestinan eta Libanon militarki gertatzen ari denaz ez zela hitz egiten. Banekien zer etorri zitekeen, horregatik, noizean behin mezu bat zabaldu izan dut bertan muturreko ideologiak eta terrorismoak baztertzen dituena; ez neure burua babesteko, baizik eta egia delako. Badirudi momentu batean alertak salto egin ziela, eta iritzi zioten jendea Libanora gerrara joateko konbentzitzen genbiltzala.
A. Herranz: Gainera, Frontflicten agertzen ziren bideoak hedabide askotan agertzen ziren, baita telebistan ere. Baina ez zaie gustatzen, eta orduan hasten da terrorismoa finantzatzearen txatxukeria hori. Eta hori arabofobia edo arrazismo gisa baino ezin daiteke ulertu, pertsona horiek finlandiarrak balira ez litzateke-eta ezer pasatuko.
Finantzazioa da beste hari mutur bat: terrorismoa finantzatzea egozten dizuete.
Y. Brahim: Nik Frontflict kanaleko kamisetak saltzen nituen, eta handik ateratako dirua Libanoko Basket Beats Borders GKEari ematen nion, Shatila-ko errefuxiatu eremuan emakumeen saskibaloi talde bat bultzatzeko. Poliziak hori Hezbollahko egitura logistikoei dirua ematea zela ulertu du. 104 euro ziren, ordea. Zer finantzatu daiteke horrekin?
A. Herranz: Youssefek eta biok hamarkada bat daramagu palestinarren errefuxiatu kanpalekuetara bidaiatzen, ez bakarrik Libanon, Gazan ere bai; eta jakina, neronek ere eman diet dirua kaltetuta dauden pertsonei, bide zuzena hori dela iritzi diodalako.
Iranekin Bat plataformako kide ere bazarete, eta hori ere agertzen da auto judizialean.
A. Herranz: Urte erdi baino ez du plataformak, AEBek Irani eraso egin eta 163 pertsona –tartean Ali Khamenei eta bere familia– hil ondoren sortu genuen. Euskal Herriko zenbait pertsonak ahotsa altxatu behar genuela erabaki genuen, Palestina defendatzeko Iran ere defendatu behar baita: hura erortzen bada, Palestina hurrengo egunean eroriko da. Eta horregatik terroristak eta jihadistak garela diote, terrorismoa goraipatzen dugula. Jakina, beraiek definitzen dute zer den terrorismoa eta zer ez: baina Palestina defendatzea terrorismoa bada, nazioarteko komunitatearen %40 terrorista da. Sinesgaitza da, herriek autodefentsa eskubidea dute.
Hain justu, salatu duzue Espainiako Gobernuaren jarrera antisionista eta aurrerakoia "fatxada" baino ez dela.
Y. Brahim: Hor dago Fergie Chambersen kasua ere [Palestinaren aldeko ekintzaile estatubatuarra, Hamas finantzatzea leporatuta atxilotu zuten uztailean, Elvissan (Herrialde Katalanak)]. Hemendik kanpoko lagunak konturatu dira Espainia ez dela dioten modukoa.
A. Herranz: Edota, duela aste batzuk, Huescan (Aragoi) 1.200 soldadu sionista egon ziren jaialdi batean, inpunitate osoz. Hagako auzitegian behar lukete gizateriaren aurkako krimenengatik. Baina ez, terroristak gu gara. Armen eta lehergailuen entrenamendua jasotzea ere leporatu digute: ikusi berri dugu Espainiako neonaziak Kievera joan direla entrenamendu militarra jasotzera, eta ez zaie ezer gertatu estatura itzultzean. Espainiako Gobernuak ez du erakunde sionistako enbaxadorea bota Madrildik, eta 2025ean erakunde sionistarekin armen komertzioa gehien areagotu duen estatua da Espainiakoa. Eta guri terrorismoa finantzatzea leporatzen digute, baina azpimarratu nahi dut Espainiako erregimenak Siriako Al-Qaedari 23 milioi euro eman dizkiola. Harritzekoa da.
“Olatu erreakzionarioaz” ohartarazi dute erakunde askok, eta horren adibide gisa ulertu dituzte flotillakoen Loiuko istiluak edota Munduko Kopako atxiloketak. Zuen atxiloketa ere testuinguru horretan ulertzen duzue?
"Uste dut eredutzat erabili nahi gaituztela apologia zer den zehazteko"
Y. Brahim: Argi dago olatu erreakzionario hori egon badagoela, eta beldurra zabaltzen ari dela. Nik uste dut eredutzat erabili nahi gaituztela apologia zer den zehazteko. Ikusten ari naiz jendea beldur dela informazioa partekatzen jarraitzeko, babesa adierazteko, inork ez baitu nahi guri gertatutakoa gertatzerik; horrek beldurtzen nau. Baina, egia esan, uste dut apurtxo bat kostatuko zaiela, jendeak Internetera sarbidea du, gertatzen ari denaren informazioa jaso dezake.
A. Herranz: Horrela da, bai. Ikusi dugu zelan jazarri zaizkion jendeari oro har, ez bakarrik flotillakoei, baita nire ustez erakunde kriminala den CAFen aurka edota Espainiako txirrindularitzako Vueltan protesta egin zutenei. Hori ez da morala eta salatu beharra dago. Horregatik, ezer ilegalik egin ez dugun arren, beldurra zabaldu nahian dabiltza, aurrekari gisa geratzeko.
Zuen atxiloketaren berri prentsatik jaso zuen jendarteak, baina orduz geroztik oso leku gutxitan irakurri daiteke zuen inguruan. Zergatik uste duzue dela hori?
Y. Brahim: Nik benetan uste dut ez dutela ezer gehiago esan konturatu direlako zer nolako hanka sartzea egin duten. Oso txarto jarri gaituzte telebistan, ez dut imajinatu ere egin nahi gure ama hori entzuten. Baina orain, kalean utzi gaituztela eta esandakoak ez hanka ez buru ez duela ikusita, uste dut lotsatuta daudela eta horregatik daudela isilik. Sare sozialetan oraindik badaude iruzkinak hau guztia muntaia izan dela diotenak: jendeak ez du sinetsi, badaki dena hanka sartze bat izan dela, dena gezurra.
A. Herranz: Eta euskal prentsari dagokionean, ez dut uste asmo txarrik egon denik, esango nuke ezjakintasuna dela gehiago: 2001eko irailaren 11z geroztik dena dago zaku berean, eta kontu bat eta bestea ez direnean bereizten, pedagogia asko egin behar dugu, oinarrizko gauzak azaldu. Egon dira ere bestelako titular batzuk, Vocento taldean esaterako, eta horiek bai, horiek salatuko ditugu.
Pasaporterik barik, zuen militantzia internazionalista ez ezik, zuen harreman pertsonalak ere mugatu dituzte, hango lagunekin ezin baituzue egon; horrez gain, sare sozialak ere moztu dizkizuete, Telegramen, adibidez, ezin duzue konturik izan. Zelan daramazue hori?
Y. Brahim: Libanon, Gazan ditudan lagunekin jada ez dut kontakturik, ez dut euren berririk. Noizean behin idazten didate Instagrametik esanez bi lagun desagertuta daudela, eta handik egun batzuetara idazten didate berriz esateko eraitsitako eraikinen artean aurkitu dituztela. Lagunen heriotzaren berri horrela jakitea gogorra da, hori da niretzat okerrena. Informazioa banatzen ezin jarraitzeak ere min egiten dit, telebistan prime time-n ikusten ditugulako umeen gorpu deseginak.
Eta militantzia internazionalistari begira, nik pausu bat eman dut atzera, ez daukat-eta beste aukerarik. Hau ahalik eta bizkorren amaitzea nahi dut, nire egonkortasun emozionalaren hobebeharrez.
A. Herranz: Nik ere, azken bi hilabeteetan, Siriako bost ezagunen hilketaren berri izan dut. Gure militantziak beste era batera egingo du aurrera, estatutik ere ezin baitugu irten: Ipar Euskal Herrira ere ezin dugu joan, eta hor ikusten da, beste behin ere, Euskal Herriaren banaketa nazionala. Baina, tira, nik espero dut etorkizunean absoluzioa eskuratzen dugunean, berriz informatzen jarraitu ahal izatea.
Absoluzioa aipatu duzue. Hori espero duzue prozesuaz?
Y. Brahim: Okerrena zain egon beharreko denbora da: ez dakigu datorren urtean, hamar barru edo gobernu aldaketa egon eta berehala izango den epaiketa. Baina, bitartean, burua hor. Nik badakit hau ondo aterako dela, akusazioek ez dutelako ez hanka ez buru. Ez dute ezer aurkitu leporatutakoa frogatzeko. Kontzientzia lasai daukagu.
A. Herranz: Youssefek gutun batean idatzi zuen moduan, behin izan ginen umea harro dago orain garen helduaz. Ez dago ezer ilegalik. Aurkitu diguten bakarra Fronte Polisarioaren, Bashar al-Assaden eta Leila Khaleden banderak dira. Itzuli diezazkidatela exijitzen dut.