Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA mende bat baino gehiagoz, Zeruko Argia-ren hasierako garaietatik hona. Ehunka kazetari eta idazle, milaka artikulu eta idazlan. Digitalizazio prozesu zorrotz baten ostean, ibilbide hori guztia orrialdez orrialde eta urtez urte kontsultatzeko aukera izango du edonork urriaren 8tik aurrera, Hemeroteka berriarekin. Euskarazko altxor bat, ondare oso bat, lizentzia libreekin denon eskura sarean.
Kordian Młynarkiewicz izeneko poloniar bat harremanetan jarri zen ARGIArekin aurtengo uztailean. Bere herrikide baten berri jakin nahi zuen, zehazki Emil Krebs poliglotari buruzko informazioa eskatu zuen. Antza, 1925ean Krebsen eskuetara Donostian argitaratzen zen Argia aldizkariaren ale bat iritsi zen, eta albiste batek arreta deitu zion: AEBetan 53 hizkuntza zekizkien gizon bat hil zela. Bi aldiz pentsatu gabe, Krebs Argia-ko harpidedun egin zen eta ondoren gutuna bidali zuen euskaraz, jakinarazteko “ni ere gogoz ta pozik ari naizela ikasten zuen izkuntza ederra”.
Horren harira, Argia-n hainbat gutun elkartrukatu zituzten. Izan zen irakurlerik zalantzan jarri zuenik Krebsek benetan euskaraz zekiela: “Bestela ez da gizon makala, euskara ain aldi laburrean, agertzen duen bezain ederki ikasi duen doixtar kementsu hori”, dio Madrildik “A’tar P.” izenarekin sinatzen duen batek. Eta poliglotak erantzun, arren sinesteko, ez duela sekula euskaldun bat ikusi ere egin. Azkenerako, “Ereslari” ezizeneko batek jarri zion amaiera eztabaidari: “Jaunak! Au lotsagarria da! Euskotarrak: E. Krebs alemandar euskaldun ospetsuak agertzen duanez ez-tago euskeraz eziñ mintzaturik, euskeraz bai-lezake euskel-errian bizi den euskotarrak. Eta euskeldun ez-pada, nai ez dualako, noski!”. Zorionak eman zizkion Krebsi.
Hemeroteka honekin, ARGIAk bere ibilbidean sorturiko ondare material eta kultural guztia herritarren esku jarriko du. Eduki guztiak libre eta doan zabaltzeko hedabide honek duen filosofiari jarraitzen dio orain emandako urratsak, ez baitu zentzurik eragitea helburu duen kazetaritzari giltzarrapoa edo hesiak jartzeak, are gutxiago edukiak hizkuntza zapaldu batean eginak izan badira
Historia bitxi honen berri izan dugu ARGIAren orrialdeetan barrena atzera eta aurrera arakatzen ibilita, eta hori, hedabide honek laster martxan jarriko duen tresna bati esker egin dugu: ARGIAren Hemeroteka digital berriaren bilatzailea. 107 urteko historia duen kazetaren zenbaki guztiak, webguneko atal berezi batean (argia.eus/hemeroteka) modu bisual eta errazean kontsultatu eta erabiltzeko moduan izango dira urriaren 8tik aurrera, CC-BY-SA lizentzia librean.
1919an Iruñean sorturiko Zeruko Argia, gerra aurreko Donostiako Argia, 1950eko hamarkada amaieratik aurrera berriz argitaratu zen Zeruko Argia berritua, eta 1980an langileek euren esku hartu ostean, gaur egungo ARGIA denaren zenbaki guztiak igo ditugu sarera. Horrez gain, gerraosteko erbestean noizetik noizera kaleratu ziren hainbat Argia ere aurki daitezke Hemeroteka zabal honetan, baita aldizkariarekin batera bere historian banatu izan diren zenbait gehigarri, Larrun hilabetekariaren 320 zenbakiak, Bizi Baratzea Orria hiruhilerokoa, urtero kaleratzen den Gakoak aldizkari berezia, gerraurreko Txistu komikia, eta Sagarrondotik monografikoa ere. Euskal prentsako argitalpen dekanoaren unibertsoan barneratu ahal izango da erabiltzailea, aldizkariak orrialdez orrialde eta hitzez hitz kontsultatu, edo PDF formatuan jaitsi eta originalean argitaratu ziren moduan patxadaz irakurtzeko.
Hemeroteka honekin, ARGIAk bere ibilbidean sorturiko ondare material eta kultural guztia herritarren esku jarriko du. Eduki guztiak libre eta doan zabaltzeko hedabide honek duen filosofiari jarraitzen dio orain emandako urratsak, ez baitu zentzurik eragitea helburu duen kazetaritzari giltzarrapoa edo hesiak jartzeak, are gutxiago edukiak hizkuntza zapaldu batean eginak izan badira. Orain arte, ARGIAren azken hogei urteak “soilik” kontsultatu zitezkeen Argia.eus atarian modua askean, hemendik aurrera 1919tik gaur egun arteko zenbaki guztiak egongo dira. 152.949 orrialde sareratuko ditugu euskara hutsean, eta ehunka kazetari zein idazleren sinadurarekin argitaraturiko milaka artikulu, erreportaje, elkarrizketa eta iritzi eskura izango ditu irakurleak.
Hori guztia, baina, ez da goizetik gauera egin, hainbat urtez ARGIAn lantalde bat buru-belarri aritu da horretan. Lehenik aldizkarien digitalizazio prozesua bideratzen –2019an Eusko Jaurlaritzarekin egindako hitzarmen baten bidez–, gero hori guztia txukuntzen eta antolatzen, eta azkenik, webgunea prestatzen. ARGIAren oinarrian harpidedunak daude, proiektua sostengatzen duen komunitate oso bat, eta babes hori ezinbesteko izan da hau guztia aurrera ateratzeko.

“Gure aldizkingia”
XX. mende hasieran, Euskal Pizkundearen aparraldi betean, Iruñeko kaputxinoen komentuko Aita Buenaventurak eta Aita Damaso Intzak Nafarroako aita probintzialari baimena eskatu zioten euskarazko aldizkari bat sortzeko, komentuaren artxiboan gordetako dokumentu batek erakusten duen lez. Hala kaleratu zen, 1919ko urtarrilarekin, Zeruko Argia-ren lehen zenbakia: “Euskaldunarentzat illunbetan dauden jakin-gai asko ta hauek guztion begien-aurrean nai-dizkitzute ipiñi edo jarri gure aldizkingiak”, dio lehen agurrak. Testu berean diote gai erlijiosoak idatziko dituztela, doktrina kristaua euskaraz erakusteko helburuz: “Eliza’renetik bildua izango da gure erakusketa guztia”. Eta kuriosoa da, lehen zenbaki horrek arau ortografiko baten berri ere ematen baitu: ch hizkia erabili beharrean tx erabiliko dutela, hala erabiltzen hasi zirelako “euskaldun guziak”.
Bizitzak buelta asko ematen ditu ordea. Hasierako aldizkari erlijioso hartan parte hartu zuen Polikarpo Iraizozkoak bidalitako gutun bat aurkitu dugu Iruñeko artxibo berean, 60 urte geroago Damaso Intzari zuzendua: “Guk ainbeste urtez, ain maiteki, ain polliki argitaratu genuen ura. Guk ezarri genion titulua ezin aldatu eta, orain orra zer egin duten: 'Zeruko' izki txikiz idatzi, ixkutaturik, lotsaz bezela...”. Hortik gutxira 1980an langileak aldizkariaren jabe egin eta, krisi betean, izerdi askorekin –hainbatek euren dirua eta ondasunak ere berme bezala jarrita– aurrera atera zutenean, Zeruko hitza bera azaletik desagertu zen betirako. Zer gertatu zen denbora horretan, kazetari belaunaldi berriek halako sakrilegioa egiteko? Hori beste upel bateko sagardoa da, eta nahi duenak ARGIAren hemerotekan probatu dezake. Hala ere, oinarrizko osagaiak hor dirau: munduaren ikuspegia euskaraz kontatu eta zabaldu nahi izateko grina.
152.949 orrialde sareratuko ditu ARGIAk euskara hutsean, eta ehunka kazetari zein idazleren sinadurarekin argitaraturiko milaka artikulu, erreportaje, elkarrizketa eta iritzi eskura izango ditu irakurleak, libre eta doan
Euskal prentsaren hastapenak lehenagokoak dira ordea, Agosti Xahok 1848an argitaratutako euskara hutsezko Uscal Herriko Gaseta hartakoak, hain zuzen. Esperimentu horren ondotik, beste egunkari batzuetan ere jorratu zituzten euskarazko kazetaritza lanak; Le Réveil Basque dugu horietako bat: “Ez zen euskarari tokia egin zion lehen komunikabidea izan, baina bai kazetaritza euskaraz astez aste eta iraupen esanguratsu batez egin zuen lehena”, azaldu du Imanol Muruak Biba Gorriac! XX. mendeko kontuak, Le Reveil Basque astekariak onduak (Pamiela, 2025) liburuan.
1886tik 1894 arte aldizkari errepublikazale elebidunak asteroko aktualitatearen berri eman zuen euskarazko artikuluen bidez: herrietako tokiko berriak, nazioartekoak, informazio praktikoa... “Baina Le Réveil-en indargunea, kazetaritzaren ikuspegitik, informazio politikoa zen –dio Muruak–. Ezertan aitzindari izan bazen, horretan izan zen: kazetaritza politikoa egiten”. Ingurumari horretan sortu eta bizi izan ziren euskarazko edukiak zekartzaten beste egunkari batzuk ere, Eskualduna (1887-1944) eta California’ko Eskual Herria (1893-1898) kasu. Baina, Argia izan zen Euskal Herrian egindako informazio orokorreko euskara hutsezko iraupen luzeko lehen astekaria, 1921etik 1936ra Donostian argitaratua.
“Argia ere eguneroko egin beharko degu”
Egungo ARGIAk, izena Iruñeko Zeruko Argia hartatik jaso eta moldatu zuen, baina izanaren zati bat Donostiako Argia-ri zor dio. Astekari honek ere elizgizonak zituen atzean, Ramon Intzagarai Elurmendi eta Bittor Garitaonandia jesuitak hain zuzen, baina euskaltzale talde zabalagoa biltzen zuen, Anbrosio Zatarain, Ricardo Leizaola, Gregorio Mugika edo Ander Arzelus Luzear ziren horietako batzuk.
Azkeneko honek eragin nabarmena izan zuen garaiko euskal prentsan, euskarazko egunkari bat sortzeko proiektua izan baitzuen esku artean Xabier Lizardirekin batera, baina 1930ean El Día egunkari jeltzalearen euskarazko orrialdearen ardura hartu zuen Arzelusek, eta horretan geratu zen asmoa. Dirudienez, astekaria egunkari bihurtzeko ideia aspalditik zerabilten buruan, ARGIAren hemerotekan aurkitu dugun 1924ko iruzkin batek erakusten duenez; Kataluniako Le Veu de Catalunya egunkariaren 25. urteurrenaren kari idatzia da: “Barcelonan agertu zan, guzia katalanez eta... astero. Orain ere Barcelonan agertzen da, katalanez, baña egunero. Asieran gure antzeko zan, bada. Guzian berdin izateko, ‘Argia’ ere eguneroko egin beharko degu. Noiz? Erantzun, irakurleak”.
1936ko uztailean militar faxistek kolpea eman zutenean amaitu zen euskarazko hedabideen goranzko ibilbidea. Makina bat urte pasa beharko dira aldizkaria Euskal Herrian berriz ere kaleratzeko
Argia-n denetariko gaiak jorratu zituzten, bereziki baserritarrei zuzendutako albisteak, tokiko informazioa eta euskal kulturari buruzko kontuak. Masa-hedabideetako idazkera periodistikoa erabilita, hamabost urtez jarraian argitaratu zen astero-astero –Primo de Riveraren diktadurako zentsura ere gainditu baitzuen–, eta hemerotekan kontsultatu daitezke ia zenbaki guztiak –4.425 orrialde–; gertakari historiko ugariri buruzko informazioa dakarte. Esaterako, 1931n Lizarran euskal estatutuaren aldeko aldarria nola jaso zuten ikus dezakegu, argazki-muntaia eta guzti: jende multzo ikaragarriaren gainean, Jose Antonio Agirre zenaren irudia ageri da, garai hartan Getxoko alkate eta estatutuaren aldeko alkateen mugimenduaren buru... “15.000 euskaldun Lizarrako zezen plazan Eusko estatutoa ziñaz aitortu ta txalotzen”, dio oinak. Edo, irakur dezakegu Bilbon 1932ko urtarrilean tradizionalisten –zarrontzaleen– mitin batean lau ezkertiar hil zituzteneko kronika: “Lenengo tiroak zarrontzaleen aldetik izan ote ziran, ilak eta zaurituak beste aldekoak izan behar dute beintzat (...) Republicano ta sozialistak aserre biziak artu zitun. Ta eskerrak zarrontzale-batzokira iges egin zutela besteak, bestela egun gorriya zeukaten. (...) Policikoak egin zituzten ostetza banatzen alegiñak, alperrik ordea; gero gudariak atera zituzten kalera, oyek ere alperrik ordea, ta azkenik guardia civillak. Azkeneko auek txistuka ta mueraka artu zitun jendeak”.
Euskal prentsako abangoardia horretatik, Argia-k beste hainbat ekimen ere atera zituen burutan, hala nola 1927an Txistu, euskarazko lehen komiki-aldizkaria, Abdon Gonzalez de Alaitza musituarrak (Araba) zuzendua eta Madrilgo zenbait euskal ikasleren laguntzarekin egina; hamabostean behin zabaltzen zen astekariarekin. Komikiaren hamasei zenbakiak jarri ditugu irakurlearen eskuragarri, marrazki eta biñeta artean nahi adina kuxkuxeatzeko eta, Peru Gorri, Joxe Gaizto edo Permin Biurriren abenturekin irribarre egiteko, baita garaiko euskara nola zen ikusteko ere.
1936ko uztailean militar faxistek kolpea eman zutenean amaitu zen euskarazko hedabideen goranzko ibilbide hori. Argia-ren gerraurreko azken zenbakiak uztailaren 19ko data darama, eta esaldi premoniziozko bat atzeman dugu: “Badakizkite irakurleak irakin-irakin dabiltzan berri txarrak. Gero ta gogo geyago ematen digute ixilpean bizitzeko”. Makina bat urte pasa beharko dira aldizkaria Euskal Herrian berriz ere kaleratzeko. Tarte horretan, Caracasen eta New Yorken, jeltzaleen erbesteko aparatuari lotuta zegoen Argia izeneko euskarazko magazin bat egin zen epe laburrez, 1946 eta 1948 artean.
“Arren etzazu inor ofendi”
1950eko hamarkadan, Zeruko Argia-ren zenbaki batzuk kaleratu zituzten berriz kaputxinoek. Harik eta, eten baten ondoren, 1963an aurreko hilabetekari erlijiosoarekin zerikusi gutxi zuen aldizkaria kaleratzen hasi ziren arte, Agustin Ezeizaren gidaritzapean: egunkari itxurarekin eta asteroko maiztasunez, munduko zein Euskal Herriko albisteak sakon jorratzen hasi zen. Diktaduraren erdian, euskal kulturak eta ikastolek bizirautetik susperraldira egindako jauziarekin eta giro politiko berriarekin –ETAren sorrera, besteak beste– lotu daiteke aldaketa hori, eta Donostiako Argia haren itzala ikus dezakegu nolabait, azal eta ifrentzu.
Inor hasten bada kronologikoki klik eta klik egiten, Aita Santuari buruzko albiste eta argazkien artean, bestelako informazio susmagarriagoak aurkituko ditu laster: “Kenedy il egin dute”, “Euskal Jaiak Donostian”, “Iruiña’ko Euskal-ikastola”, “Demokrazia”, “Euskalerriak badu Unibersidadea”... Euskaltzaleen topaleku bihurtuta, Ezta... Baida, Nere Bordatxotik, Gazte naiz eta aldizkariaren beste hainbat sail finkotan idazle eta kulturgileen artean izandako eztabaidetan, garaiko aktualitateari pultsua har diezaiokegu, Hemerotekaren bidez. Zertzelada gisa, Gabriel Aresti polemikoenak 1965ean “Urte berri on dizula ‘Zeruko Argia’” artikuluan idatzitako perla ironikoa: “Eta honegatik opa dizut ‘Zeruko Argia’, bizitza luze bat, baina, otoi, arren, bizitza zentzudun bat. Arren etzazu inor ofendi, eta batez ere etzazu astakeriarik esan. Gizon zentzuduna ez baitu ezerk astakeriak baino ofenditzen. Batez ere asmo onarekin esaten denean, zeren asmo txarrarekin esaten denean ez baita astakeria, zerrikeria baizik. Eta honekin ez dut inor ofenditu, astakeria bat esanen dut nik ere, baina ez zerrikeria, nire iritzian astakeria bat dioen gizona ez baita asto bat, astoek ez dutelako hitz egiten. Arrantza egiten dute”.
1969ko ekainaren 1eko zenbakian Euskal Herriko zazpi probintzien mapa handi batekin egingo dugu topo. Zeruko Argia-k frankismoaren zentsura gainditzea lortu zuen askotan, baina ez beti
1969ko ekainaren 1eko zenbakian Euskal Herriko zazpi probintzien mapa handi batekin egingo dugu topo, Gernikako arbolaren irudi bat eta euskararen zabalkundearen mugak dakartzala. Zeruko Argia-k frankismoaren zentsura gainditzea lortu zuen askotan, baina ez beti. 1970eko hamarkadan aldizkarian kazetari jardundako Elixabete Garmendiak emandako datuen arabera, Informazio eta Turismoko Ministerioak hamar bat espediente ireki zizkion Zeruko Argia-ri 1968tik 1974ra artean, adibidez, Burgosko epaiketaren harira publikatutako editorialagatik: “Arazoak ondo erabakitzeko, epai-maian ez diteka eseri artan parte hartu duanik...”, salatzen zuen argi eta garbi idatziak. Autozentsura ere praktikatu zen, “Carrero Blanco” hitza jarri dugu bilatzailean, eta hara zer irakur daitekeen “Eztebe” ezizenarekin sinaturiko artikulu batean: “Aspaldion buruan jiraka dabilkit ardura mikatz bat. Hain da mikatza ezen mihia korapilaturik gertatzen bait zait esan nahi eta ezin esan. Txarrena, behin esan eta ondotik egurra jasan behar izatea izan ohi da”. 1975eko abenduan gaude, eta Franco hil berria da.
Baina Isiltzea ez da aukera
1976tik aurrera aldizkariak beste itxura bat hartu zuen, eta ahobizarrik gabe hitz egiten hasi zen torturaz, errepresioaz, presoez... koloretako azal eta argazki ikusgarriak zituela, eta 1980tik aurrera kaputxinoen Zeruko hitza kenduta, Polikarpo Iraizoizkoaren atsekaberako. Baina ez ziren ekonomikoki garai errazak izan: “Gaitzak jota dagoenari erraz sortzen zaizkio atxakeak –zioen ARGIA berrituak bere lehen editorialean–. Baina benetan diogu, euskarazko prentsari eustea ez dugula gu bakarron eginkizuntzat jotzen”. Lantalde berritu baten indarrari eta komunitate oso baten babesari esker atera zen aurrera aldizkaria.
Bidean, estualdiak eta erasoak bizi izan ditu euskal kazeta dekanoak; 2003ko Guardia Zibilaren operazioa –ARGIAren altzotik 1990ean sortu zen Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera ekarri zuena–, edo 2016an Axier Lopez lankideari isuna jarri eta Espainiako Estuan Mozal Legearekin zigortutako lehen hedabidea bihurtu zenekoa, kasu. “Isiltzen baldin bazara ez dago problemarik. Esatea erabakitzen duzunean sartzen zara eremu labainkorrean”, azaldu genuen ordukoan. Ez genuen isuna ordaindu.
Azken mende erdian Euskal Herrian eta munduan gertaturiko aldaketak kontatu ditu ARGIAk. Bilatzailean “Lemoiz” hitza jartzen badugu, 160 emaitza agertuko zaizkigu 1977-1985 epean; jartzen badugu “Intsumisio” hitza, 145 emaitza 1990-1996 epean. Irakurleek gogoan izango dituzte halako borrokak eta antzeko gehiago seguruenik. Eta beste asko hor daude, oroimen galduaren lozorrotik ateratzeko zain. Batek daki Kordian Młynarkiewicz lagunari esker ezagutu dugun Emil Krebs poliglotaren antzeko zenbat historia ezkutatzen ote diren orri artean, zenbat mezu arestiar ironiko lerro artean. Baina jadanik badugu horiek orrazteko eskuare eder bat.
Duela hilabete batzuk egin genuen publiko Fototeka milaka argazkirekin; eta orain Hemeroteka jarri dugu sarean. Aurreko hamarkadetan aldizkarian buru eta bihotz aritu izan ziren belaunaldiek egindako lan eskergaren emaitza da, esan zirenak eta esango direnak, inor ofenditzeko beldurrik gabe.
ARGIAren Hemerotekan sartzen denak aldizkariaren atzoko eta gaurko azal nabarmendu ikusgarriekin eginiko webgunea topatuko du pantailan urriaren 8tik aurrera. Baina, bere tripak antolatu eta txukuntzea lan handia eman duen erronka izan da; zeregin horretan aritu da buru-belarri hedabide honetako informatikari, kazetari eta diseinatzailez osaturiko lantalde bat.
Bilaketak modu errazean
Webgunean bilaketak egin daitezke modu diferente eta osagarrien bidez, eta soiltasuna eta erraztasuna lehenetsi dira, erabiltzaile orokorraren mesedetan. Bilaketak kronologikoki mugatu daitezke bi epe zehatzen artean. Horrez gain, urteka eta hamarkadaka ere bilatu daitezke zenbakiak, denbora lerro baten bidez. Eta aldizkariaren arabera ere bai; oraingoz, honakoen edukiak sareratu dira: Astekaria (1919tik gaur egun arteko ARGIA guztiak), Larrun, Bizi Baratzea Orria, Gakoak, Txistu eta Sagarrondotik.
Bisualizazioa
Astekari zehatz batean klikatuz gero, hainbat aukera ematen ditu kontsultarako. Bisorean orrialdez orrialde irakurri daiteke, irudi bakoitza kalitate handian eskaintzen du, eta orrialde bat, bi edo gehiago bisualizatzeko aukera ematen du tresnak. Gainera, ezker-eskuin, zenbaki batetik bestera joateko aukera ere badago.

Digitalizatutako emaitzak
Bilatzailean aurkitu nahi den gaia, izena edo esaldia jarrita, hitz horretara joko du sistemak, testua arakatzeko gai baita, aldizkariak OCR (Karaktereen Ezagutza Optikoa) bidez digitalizatu direlako. Emaitzak azaltzerakoan, hitz horiek agertzen diren orrialdea eta eremua nabarmenduko dira irudiaren azpian, erabiltzaileak errazago identifikatu ditzan.
PDF-ak doan deskargatu
Aldizkariak PDF-an deskargatu daitezke inolako oztoporik gabe eta doan, eta paperean patxadaz irakurtzeko inprimatu daitezke.