Aberastasunaren birbanaketa: zaharrak berri?

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Geroz eta gutxiago jakitearen sentipena heldutasunaren seinale dela esan zidan orain gutxi lagun batek; filosofo bati irakurri omen zion behin. Ez dakit izaera kontua den, edota dudan lanaren izaera, baina zalantzek eta galderek konkistatzen dute nire burua askotariko eztabaidetan. Egiatan, nire bizitzan ikuspegi eta pentsamendu dezente aldatu ditudala esango nuke, eta horien guztien artetik asko izan dira feminismotik eratorritako planteamenduen eraginagatik. Dena dela, gutxi izanda ere, bada nigan ahuldu baino sendoagotu den usterik.

Azken hamarkadetako datuak argigarriak dira mundu mailako desparekotasunak islatzeko garaian, baita herrialdeen barne-desparekotasunak azaltzerakoan ere. Hainbat adituk dioenaren arabera, munduko ondasunen metaketa geroz eta esku gutxiagotan dago, gehiengo pobreenaren kaltetan, noski. Behin eta berriz entzuten ditugun datuak dira, baina, dirudienez, denbora pasa ahala, metaketa esponentzialki gorantz omen doa. Gai horren harira, Oxford Unibertsitateak 2022an argitaratutako artikulu bat irakurri nuen duela gutxi (The economic consequences of major tax cuts for the rich). Bertan, azken hamarkadotan aberatsenei aplikatutako zerga jaitsierak ekonomian izan ditzakeen ondorioak aztertu dituzte Hope eta Limberg ikertzaileek. Oro har, aberatsen fiskalitate-murrizketari dagokionez, bi korronte nagusi eta kontrajarri egon ohi dira: lehenak ondorio positiboak iragarri ohi ditu, hots, ekonomiaren hazkundea eta enplegua suspertzen omen ditu, berrikuntza eta ekintzailetza bultzatzen dituelako; bigarrenak, aldiz, ekonomian efektu negatiboak dituela uste du, eta desparekotasunak areagotzen dituela garbi du.

Hainbeste teorizatu den aberastasunaren birbanaketa berriro erdigunean jartzea iraultzailea litzateke, benetako aldaketa

Artikuluaren titulua irakurtzearekin batera, dokumentua inprimatu eta fluoreszente eta axotarekin ekin nion interesekoak ziren ideiak nabarmentzeari. 1965-2015 urte arteko Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA) hemezortzi herrialdetako datuen bilakaera aztertu du ikerketa horrek. Alde batetik, aberatsenei gehienetan jaitsi ohi zaizkien hiru zerga motetan jarri du arreta: errenten gainekoetan, kapitalarengan egiten direnetan, eta aktiboen gainekoetan. Beste aldetik, zerga horien jaitsierek errenta desoreketan, per capita Barne Produktu Gordinean eta lan-merkatuan izandako eragina aztertu nahi izan du. Ikerketaren ondorioek honakoa adierazi dute: errenta desparekotasunak hazkunde handia izan dute zergen murrizketen ondorioz; aitzitik, ekonomiaren hazkunde zehatzik ez da identifikatu, ezta langabezia tasen tendentzia nagusirik ere. Autoreek azaltzen duten moduan, kausa-efektu zehatz horren inguruko ikerketa gutxi egin dira, eta noski, neurketa arazoak egon badaude, besteak beste: aberatsen gain jarritako zergen neurketa, eta erreforma fiskal horien efektuak isolatzea.

Berrikuntza, ekintzailetza eta sorkuntza bezalako kontzeptuak modan dauden honetan, fiskalitatearen gaia berriro eztabaidara ekartzeak denboran atzeraka egitearen sentipena ekarri dit testu hau idazten nuen bitartean. Baina, debatea funtsezkoa izateaz gain, uste dut eskuinak oso modu kontzientean egin ohi dizkiola opari fiskalak kolektibo honi, eta zalantza dut ezkerrak taxuz ekin ote dion gaiari. Estilo honetako ikerlanak gako dira geroz eta ohikoagoak diren nazioarteko krisi humanitario zein barne-desoreken erroko arazoak bistaratzeko. Hainbeste teorizatu den aberastasunaren birbanaketa berriro erdigunean jartzea iraultzailea litzateke, benetako aldaketa. Egiatan, aldaketa da bizitzan dagoen gauzarik egonkorrena. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Ekonomia
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.