Lagun batzuei esan nienean zorionez Internet oraindik ez zela pertsonen sarea, euren aurpegiak keinu arraroz bete ziren eta ohartu nintzen esaten nenbilenak ez zuela zentzu askorik. Baina pertsona hitza gorputz hitzagatik aldatzerakoan, berehala ulertu zuten zertaz ari nintzen. Gailuen sarea baino, gorputzen sarea izango balitz, Interneten gure zaurgarritasuna zenbateraino handituko litzatekeen.
Aukera horrek, gorputzen Internetarenak, beti kezkatu nau. Memento hori helduko balitz, gaur egun gailuak alde batera uzteko dugun erraztasuna edota sare alternatiboak sortzeko aukerak txikituko lirateke. Gai horren inguruan apur bat ikertu dut: gorputzen Internet bezala izendaturiko kontzeptua 2016. urtetik existitzen da. Irakurri dudanagatik, kontzeptu horretan alde batetik gorputzen datu ezberdinak etengabe hartzen dituzten gailu eramangarriak barneratzen dira, hala nola erloju adimentsuak. Bestetik, gorputzaren funtzio bat hobetzeko txertatutako txip edota gailuak daude, hala nola Internet bidez informazioa ere igortzen duten taupada-markagailuak. Eta azkenik, soilik informazioa hartu ez, baizik eta gorputzetan eragin dezaketen gailuen txertaketa dago, hala nola Elon Musk-en Neural Link gailua. Eramangarrien kopurua handitzen doa (betaurrekoak, erlojuak...) baina alde batera utzi daitezkeen gailuak dira oraindik. Osasunari lotutako gailuak ere asko dira eta pertsona askorentzat oso onuragarriak. Neural Link bezalakoak 21 pertsonari txertatu dizkiete munduan, burmuinaren bidez ezgaitasun fisiko larriak dituzten pertsonek beste gailu batzuk kontrolatzeko ahalmena areagotzeko.
Mementoz, gorputzen sareaz baino, gorputzen sareez hitz egin dezakegula uste dut, eta, badirudi, medikuntzari oso lotuta dagoela euren egitekoa, onura asko lortuz. Baina adi egon gaitezen gure “gorputzen lurraldearen” konkista, azken konkista, gauzatu ez dadin.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.