Lehenik eta behin, urte hauetan guztietan Euskal Herrian bestelako jendarte-ereduaren alde aritzeagatik, herri mugimenduentzat, herri mugimendutik eta, beti, herri mugimenduekin. Segidan, nola ez, Joxemi Zumalabe Goenaga izan zenari, euskararen herriari egindako ekarpen handiagatik, bere omenez eta izatez garelako gaur.
Jarraian... 30 arrazoi labur geratuko zaizkit! Eginean-eginean, herri mugimenduen ekarpena jaso eta balioa emateagatik, talde eta mugimendu ugarik egiten duen lanari behar duen errekonozimendua aitortuta eta memoria kolektiboa landuta. Belaunaldi ezberdin, ideia edota korronte politiko diferenteei lekua eginda, gure kontraesanak aitortuta, elkarlanean bidezko eta eraginkorragoak garela erakusteagatik. Gogoeta eta eztabaida zenbatezinen pozagatik, gure buruak zalantzan etengabeki jartzeagatik, eskerrak! Eta, hunkiduraz, bilera atsegin, lagunkoi, alai, begirunezko eta emankorrak posible egiteagatik.
Urteotako emari ugariagatik, hainbatik hainbatean: herri mugimenduen topagune eta gidak, hausnarketak Murtxikatuz jardun, buruak zanpa-zanpa Borborka, Irrati askeen saretze Arrosa, hamaika jardunaldi, gizarte foro, tailer, formakuntza, ikastaro...
18/98 makro-auziko garai ilunari duintasunez aurre egiteagatik eta beti errepresaliatu, ikusezin eta ertzetan direnei elkartasuna adierazteagatik.
Gogoeta eta eztabaida zenbatezinen pozagatik, gure buruak zalantzan etengabeki jartzeagatik, eskerrak!
JZFren senaren parte den pedagogia iraultzailea praktikan jartzeko etengabeko kezkagatik; bilerei, ekimenei eta, oro har, borrokari berari, sormena, alaitasuna, maitasuna, irudimena eta bizi-grina jartzeagatik. Mila dinamikatan, gorputza jarri eta jolasa borrokarekin batzeagatik.
Taldea, Nia eta Proiektua maila berean: Zaintza Hirukoitzari bide emateagatik eta, batez ere, erabakiak, luze edo korapilotsu suertatzen direnean ere, asanbladaren esku uzteagatik. Egunez, gauez, zuzenean eta online, tonaka fruitu lehor bustiz itsaso bete tisanetan, ibilbide metodologikoei eskainitako ordu zenbakaitzei, ohore!
Momentiko informalei, parrandei, makina bat bidaiatako eztabaida mundano zein haraindikoei, jositako konplizitate eta partekatutako txaskarriloei... kidetasun zintzo bezain galantari, kide guztiei, bihotzez eskerrak.
Denetan, bidean utzi gaituzuen militante txiki-handi guztiei, herriaren aldeko zuen ekarpenaren altxorrari. Bereziki, aurten galdu ditugun parekorik gabeko bi pertsonaiei: Zesar eta Sabino. Garaipenera arte, lagunok!
Eta amaitu aurretik, xumeki...
Jakintza kolektiboaren plazerari.
Gora herri mugimendua(k)!
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.