Adimen-desgaitasuna duten pertsonek afektibitatea eta sexualitatea nahi duten bezala bizitzeko eta esploratzeko programa da Sexubide. Gorabide elkarteak 2012an jarri zuen martxan, pertsona bakoitzaren nahiak eta beharrak erdigunean ipintzeko helburuarekin. Janire Martin (Bilbo, 1985) elkarteko erabiltzailea da, eta 2015ean hasi zen programan. Bere esperientzia oinarri, Sexubideren nondik norakoak azaldu ditu eta erotikari lotutako hainbat mito eta aurreiritzi jarri ditu zalantzan.
Pertsonen beharrak erdigunean jarrita, desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea du helburu Gorabide elkarteak. 1962az geroztik, arlo askotan jarduten du. Horien artean dago Sexubide programa, afektibitatea eta sexualitatea lantzeko sortua. Janire Martinek 2015ean jo zuen programara laguntza eske. “Lehen asko kostatzen zitzaidan niri buruzko gauza batzuk onartzea”, esan digu.
Javi Bengoa psikologo eta sexologoak abiatu zuen programa, sexualitateari loturiko kezka asko jasotzen zituelako saioetan. Horrez gain, elkartean zerbait berria egin nahi zuten arretaren kalitatea hobetzeko. Egun, Felix Gutierrez psikologo eta sexologoak hartu du programaren ardura.
Hiru hanka ditu egitasmoak: banakako proiektuak, heziketa sexualeko tailerrak eta sexu-aholkularitza. Banakako proiektuen xedea da konfiantzazko pertsona baten laguntzarekin norberak arlo erotikoan dituen helburuak lortzeko plana garatzea. Heziketa sexualeko tailerretan, aldiz, taldekako esku-hartzeak egiten dira. Martin LGTBIAQ+ taldean dago. Azkenik, aholkularitza saioetan sexologiari loturiko premia espezifikoei erreparatzen diete; esate baterako, bikotekideei laguntzea eta harreman erotikoetan sor daitezkeen arazoak lantzea.
Pertsona bakoitza desberdina da, eta modu askotara esplora daiteke erotika. Sexubideren helburua da norberak bere bidea aurkitzea. Martinen kasuan, programak bere burua hobeto ulertzen eta onartzen lagundu dio: “Zer gertatzen zitzaidan kontatzen nion Javiri, eta hark laguntzen ninduen”. Hogei urterekin jakin zuen Martinek neskak gustuko zituela. Hasieran oso informazio gutxi zuen, eta kosta egin zitzaion bere burua onartzea eta publikoki afektua adieraztea: “Ez da ezer txarra zure neskalagunari musu ematea edo eskutik heltzea”.
“Kezkatzen gaituzten gauzen inguruan hitz egiten dugu, eta bertan esandakoa taldean geratzen da”
Errudun sentimendua lantzen ere lagundu dio programak. “Kanpaleku batzuetan oso gaizki pasa nuen, monitore batek nire neskalagunari musu emateagatik zigortu ninduelako. Gaizki sentiarazi ninduen, eta ordutik kosta egiten zitzaidan neskalagunari musu ematea. Sentitzen nuen gaizki zegoela; orain, baina, ondo sentitzen naiz”.
Lesbiana da Martin eta, esan dugu, LGTBIAQ+ taldean parte hartzen du. Besteekin hitz egitea oso lagungarria dela dio, kezkak partekatu eta antzeko egoerak bizi dituzten pertsonak ezagutzen dituztelako. “Kezkatzen gaituzten gauzen inguruan hitz egiten dugu, eta bertan esandakoa taldean geratzen da”. Bere ustez, baliagarria da ikustea besteek ere antzeko buruhausteak dituztela.
Emakumea, lesbiana eta desgaitasuna duen pertsona izateagatik, bazterkeria hirukoitza pairatzen duela azaldu du. “Lehen eragiten zidan, baina orain ez. Horrelakoa naiz, eta jendeak errespetatu behar nau”, azpimarratu du. Emakumeen desira sexualaren inguruan dauden aurreiritzi batzuk ere salatu ditu. Izan ere, jendeak pentsatu ohi du emakumeek desira txikiagoa dutela edota, zuzenean, ez dutela desirarik, eta are gehiago desgaitasuna duten emakumeen kasuan.
Martinek mito hori ukatu du, eta desgaitasuna duten pertsonek pairatzen duten infantilizazioa ere jarri du mahai gainean: “Jendeak uste du desgaitasunagatik ezin dugula lan egin edo modu independentean bizi. Hamaika urte daramatzat enpresa batean, eta pisu partekatu batean bizi naiz”. Sexualitateari dagokionez, infantilizazio hori ere gertatzen dela dio. Hala ere, argi du mezua: “Emakumeak askeak gara”.
Programak gauza askotarako balio du: afera zehatzak lantzeko, sexu bidezko infekzioen inguruan informazioa jasotzeko, norberaren gorputza eta burua hobeto ezagutzeko eta kaltegarriak izan daitezkeen edo gustukoak ez diren praktikak identifikatzeko, besteak beste. Erotikan sakontzeko gida praktiko bat dauka elkarteak. Nahiak eta desirak identifikatzeko, helburuak zehazteko eta horiek betetzeko plana garatzeko tresna da.
Gidaren bidez, gainera, helburuak lortzeko behar dituzten babes neurriak identifikatzen dituzte. Beharrak askotarikoak izan daitezke. Adibidez, pertsona bat egoitza batean bizi daiteke eta ez izan bere intimitatea esploratzeko espaziorik, agian gela partekatzen duelako. Gidak egoera hori identifikatzen, adierazten eta konponbideak bilatzen lagun dezake.
Laguntza beste modu batzuetara ere eman daiteke. Esaterako, harreman bat hasten denean, lehenengo urratsetan babesa eta laguntza eskaini daitezke. Sexubidetik argi dute pertsona bakoitzaren araberakoak direla beharrak eta sostengua. Horregatik, erabiltzaileen eskakizunetatik abiatzen dira, bakoitzak bere afektibitatea eta sexualitatea ahalik eta modu autonomoenean bizi ditzan.
Eskua, nire neskalagunarekin nagoenean zirri egin diezaiokedalako.