“Arazoa errealitatean errepikatzen denean, ziur izan gorputzak gogoratuko duela antzezlanean bizitakoa”

  • Zaintza edota irakaskuntza ofizio izango dutenek lanbide horrekiko dituzten kezkak eta beldurrak antzerkiaren bidez lantzeko saioak eskaintzen ditu Iurgi Etxebarria aretxabaletarrak (Gipuzkoa), gero egoera horiei aurre egiteko tresnak garatu ditzaten. Zein mamu dituzte zaintzaileek? Eta irakasleek? Nola eramaten dute hori guztia oholtzara?

Iurgi Etxebarria. Argazkia: Dani Blanco | ARGIA CC BY SA
Iurgi Etxebarria. Argazkia: Dani Blanco | ARGIA CC BY SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Umeekin eskolan antzerkia lantzen esperientzia handia duzu. Haurrei eskatzen diegu lotsak gainditu eta ahaldundu daitezela. Helduagoek, baina, gaindituta al dituzte lotsa horiek?

Oholtzara igotzea da gure burua munduaren aurrean aurkeztea, eta horrek lotsa eta emozioa dakar, ezinegona, gutxi-gehiago. Izan neska-mutikoak, izan nagusiak, ikusleen begiak sentitzen ditugu akatsen bila, presio hori sumatzen dugu, eta gure gorputzak saiatzen dira akatsak estaltzen. Horregatik, hasiera-hasieratik esaten diet antzerkian ez dagoela akatsik.

Dena den, zenbat eta helduagoa izan, orduan eta errazagoa izan ohi da emozioak jendaurrean adieraztea, emozioak hobeto gobernatzen ditugulako, edo besterik ez bada ere, gure gorputzak gehiago bizi izan dituelako.

Ofizioei lotutako antzerki saio hauen helburua, halere, ez da jendaurrean aritzea.

Antzerkiak, hostoak bezala, bi alde ditu: hosto-gaina (munduaren aurrean erakusten diren ikuskizunak) eta hosto-azpia (publikoan antzezten ez dena eta epaitzen ez dena, pertsonon gaitasunak ezagutzeko, lantzeko eta ikertzeko erabiltzen duguna). Guk hosto-azpiarekin egiten dugu lan, ez gara publikora ateratzen: behin konfiantza eta segurtasuna nagusi diren testuingurua sortu dugunean, taldea prest dago jokamoldeak lantzeko. Zehazki, psikodrama da antzerkiaren alde horretan gehien sakondu duena.

"Bizpahiru taldetan suizidioaren gaia planteatu zuten: antzeztu genuen zahar etxeko erabiltzaileak leihotik salto egin nahi duela; zer egin?"

Pertsonak zaintzera dedikatuko diren ikasleekin aritu zara gehien. Zer nolako beldurrak dituzte, izango duten lanarekiko?

Mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzeko modulua ikasten ari diren gazteak dira, batik bat 16-18 urte ingurukoak, eta kezka nagusiak, antzerki bidez lantzen ditugunak, dira erabiltzailearen mespretxua (“ni ez nau emakume/gizon/mairu batek ukituko!”), heriotza (zahar etxean zaintzen ari zaren erabiltzailea hil da, zer egin?) eta sexu jazarpena (erabiltzaileak ipurdia ukitu dit).

Hiru saio izan ohi dira, eta hirugarrenean lantzen ditugu eszena horiek. Lehenengo saioan emozioak dira protagonista, baita emozio horiekiko azaldu daitezkeen erresistentziak ere, zeren ez dugu ahaztu behar ikasle hauek etorkizunean pertsonekin egingo dutela lan, eta hainbat emozio eta erresistentzia azalduko zaizkiela. Bigarren saioan lantzen ditugu harremanak, eta horretarako ikasleek antzezten dituzte bai zaintzailearen bai artatuaren rolak, ikusaraziz artatua den pertsonak ezberdin bizi eta eskatu dezakeela zaintza hori, ez dagoelako pertsonetara iristeko, haiek ezagutzeko eta zaintzeko modu bakar eta perfektu bat. Eta saioaren bukaeran adierazten dituzte haien ofizioarekiko kezkak, hirugarren saioan antzezteko.

Egonezin horietatik abiatuta, nolako eszenak irudikatzen dituzue? Zer egin behar dute partaideek?

Adibidez, bizpahiru taldetan suizidioaren gaia planteatu zuten: antzeztu genuen zahar etxeko erabiltzaileak leihotik salto egin nahi duela; zer egin? Taldeetako batean, hainbat ikasleren artean adineko pertsonaia antzezten ari zen ikaskidea eutsi eta eserarazi zuten, baina ez ziren konturatu leihoa ixtea ahaztu zitzaiela, eta erlaxatuta zeudela aprobetxatuz, zutitu eta leihotik jauzi egiten zuela irudikatu zuen ikasleak. Ikasketa hori behintzat jaso zuten: leihoa itxi. Beste batean artaziak izan ziren… Despisteekin kontuz ibili behar dutela barneratu zuten. Edota esaterako umorea baliatuta erabiltzaile batzuk lasaitu ditzaketela.

Irakasle lanean ari direnekin ere egin izan duzu saiorik. Zein eszena antzeztu zenituzten?

Hiru egoera kudeatzeko zailtasunak adierazi zituzten irakasleek: ikasleen arteko bullyinga, klaustroan irakasleen artean sortzen den hartu-emana, eta ikasleen gurasoekin dituzten harremanak. Lehenengo egoerari heldu genion eta eszenaren rolak banatu genituen: bullyingaren biktima, jazartzen ari zitzaizkion hiru ikasle, beste ikasle talde bat biktima atzamarrez seinalatzen eta barre egiten, eta irakaslea erasotzaileei errieta egiten. Eszena gelditu genuenean, biktimaren rola antzezten zuenak, apur bat gaindituta, alde egin behar izan zuen arnasa hartzera, ikasle taldea antzezten zutenek orduan beste norbait hartu zuten jomugan, zehazki erasotzaileetako bat (norbere burua babesteko beti norbait mindu beharko bailitzan), beste erasotzaileek ere haren kontra egin zuten, eta arazoa ez zen konpondu, korapilatu baizik. Eszena bigarrenez gelditu eta denen artean irakasle rola zuenari gomendatu zioten erasotzaileei errieta egin beharrean, biktima babestera bideratzeko indarrak; eszenari berrekin zioten, baina horrek ere ez zuen funtzionatu.

Hiru egoera planteatu zituzten irakasleek: bullyinga, irakasleen arteko hartu-emana, eta ikasleen gurasoekin dituzten harremanak

Azken finean, beti ez da irtenbidea aurkitzen, eta helburua ere ez da hori, baizik eta eszenan dauden pertsonek beren jokamoldeak (eta hartu ahalko lituzketen beste jokamoldeak) ikustea eta bizitzea, egoera horretan lagungarria den zer egin dezaketen aztertzeko. Rolak txandakatzea adibidez ona da, jokatzeko aukera ezberdinak ikusteko, eta antzezten ari direnek egoera zenbat eta gehiago korapilatu eta aberastu (suizidioa antzezten ere gertatu zen gisan), orduan eta gehiago ikasten da horretatik.

Jakina, irakasle rola antzeztu zuena ez genuen epaitu, gainera ikasgelan egoera hori egokitzen bazaio agian beste era batera jokatuko duelako, beti egiten dugu lan “orain eta hemen”. Hori bai, hurrengo batean, errealitatean errepikatzen denean, ziur izan gorputzak gogoratuko duela entseguan bizitakoa, egoeraren soluzioa planteatzen diguten gidak irakurrita ikasi dezakeguna baino eraginkorragoa baita gorputzaren oroimena, luzaroago geratuko zaigu barneratuta.

Saltzaileei, kultur animatzaileei, poliziei… ere eskaintzen diezu ikastaroa.

Pertsonekin lan egiten duten ofizioek lotura estua dute, maila guztietan, eta zaintza sartzen da bete-betean. Harremanak landu behar dira, baita norbere buruaren zaintza ere, gure motxilan karga handiak har ditzakegulako. Pentsa, erabiltzaileen heriotza da ikasleek beren etorkizuneko lanbidetik duten kezka nagusietakoa, antzera erizain baten kasuan, eta irakasleek ere beren gain sufritzen dute ikasle batek jasandako jazarpena; horiek guztiak etxera eramaten dituzu gero… Zaintzaren mundua gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den heinean, kontzienteago gara nork bere burua ere zaindu behar duela. Are gehiago, eszena gehienak amaitzen dira laguntza eskatzen, erabiltzailea gogor ari bada eta zaintzaile rolean ari denak ezin badu, etsigarria gerta daitekeelako.

 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.