Hirurak kuarto guti

MAIDER LETURIAGA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Erlojua kurri, tik-tak [bi kortxea], udan akaso gainerako urtaroetan baino fitexeago, tik-tak-tik-tak [lau kortxeaerdi], hemen da ikasturte berri bat. Corte Inglés-ak iragarri du, sailburuek erran, prentsak haizatu, beharrak agindu, zaintzak salatu. 

Hortxe dira gaurgero heziguneen atarietan haur eta gazte saldoak, motxilatxo distirant pinttokariak, palito-kesitoak, fruta zatikatu tuperrak, edo liburuz, borrokez, ametsez, kondoiez ongi kargatutako Altus-ak.

Hortxe ama presatuak, aitatxi-amatxi amultsu nekatuak, aita bakanen bat.

Hortxe esaera zaharrak eta asmo, programa, ikasgai, proiektu, kaier, axota, txandal eta txiste berriak.

Hortxe hezitzaile jendea, burokrazia instituzionalaren eta gomets karratu laranjaren arteko denbora-espazioan aura edo dena delako ahal dena farmeatzen. Ordezkagunea, Educa pasahitzak, irakaslearen formakuntza eskaintza, ibiltaritza orriak, behin-behineko kontratuak, berreskurapen planak, curriculum egokitzapenak, “AArekin zer?” galdemodua, auto partekatuak, klaustroak, hurrengo oposizioetarako apunteen trapitxeoa, zorriak eta mukiak tributu-banda, tutoretza saioak, kafe kapsulak, patio zaintzak, guraso bilerak... guraso bilerak, glup!

Hortxe gainerako hezkuntza langileak, kariatide eta atlante horiek, aipatutako guztiari eusten; udako margoketa lanen hondar arrastoak arraskatzen, patata zakuak sukaldera garraiatzen, kristalak garbitzen, pertsianak konpontzen, zerrendak idazten, telefonoari erantzuten, liburutegiak atontzen, labezomorroak kalitzen, fotokopiagailua bazkatzen.

Hiru tranpaldo hainbateko eginahalean, zientoka ikas eta irakats ordu, eta dena zertarako eta ikasturte akaberan jakiteko D ereduko ikasleen laurdentxo bat baizik ez dela majo moldatzen euskaraz

Eta hori guztia Endarlatsako zubiaren harat honat, hiru haizetara, hiru hezkuntza-sasisistematan, bi sare ofizialetan (eitez eta herri gogoz hiru direnak), hiru buruk eta hainbat aburuk zuzenduta.

Hiru tranpaldo hainbateko eginahalean, zientoka ikas eta irakats ordu, eta dena zertarako eta ikasturte akaberan jakiteko D ereduko ikasleen laurdentxo bat baizik ez dela majo moldatzen euskaraz. Kuartoxka bat baizik ez dugula poliki euskaldundu derrigorrezko hamar ikasturteen ondorenean. Eskas ari garela, kuarto guti gabiltzala euskara kontuetan, izan publikoan, izan itunpekoan, izan tartekoetan ere. Hamarraldi bat eta gero, hau!

Tira, honezkero estatistika eta enparauek balioko digute sikiera jakiteko galtzak hiru laurden bete lan ditugula, utzi ditugula lautik hiru itaxur estali gabe eta utzi ditugula goiti beheiti eta ezker eskuin zatitutako patata tortillaren hiru zati xamur platerean,

Orduaren 60 minutuetatik 45, angelu kamuts bat, udaberria, uda eta udazkena. Behobia lasterketa batean Gaintxurizketan unatu garela, ez garela oraindik Linzako lepora ailegatu Hiru Erregeen Mahairako bidean, hiru bolako izozkiaren kukurutxoa baizik ez dugula jan, Athos, Porthos eta Aramis gabe abiatu garela tirano arrotzen ohiltzera, ilgora mehar baten pare baizik ez dugula argitzen, kiloa osatzeko 30 antxoa falta ditugula. Gauza gehiegi, egiari zor. Eskas, beraz.

Badakigu ere eskolak bakarrik ezin duela eta herri oso baten bulkada beharko dela, hil baino, aukeran, esnatzea eta euskaldun bizitzea nahiago duen herria zinez bagara. Hezkuntzak bere ahal guztiz aritu beharko duela hasi berri den ikasturtean (ere). Falta dugun zatia egin duguna baino puskaz handiagoa delako, baina egin duguna ederra izan, badelako, azkartu eta zabaldu beharrekoa, bai, baina ederra, hala ere. 2026-2027an bi kuarto baietz! 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Hezkuntza Gizartea
Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.