Gehiegi maitatu

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Beire
Beire
Autoekoizpena, 2026

----------------------

Gazte-gaztetxoa zela ikusi nuen lehen aldiz agertoki gainean Mamarigako Iratxe Perez Desorden punk taldea gidatzen, eta hara!, sekulako astindua eman zigun han bildutako nagusitxoei. Ordutik gertutik jarraitu dut bere ibilbidea eta uneoro harritzen nau agertokia bere egiteko, komunikatzeko eta ikusleoi adarra jotzeko daukan abilezia berezkoak. Azken urteotan Chuleria Joder taldean dabil jo eta fuego, musika estilo paleta zabalagoa sinesgarritasun handiz interpretatzen.

Inork ez du zalantzan jarriko gauza askoren artean makarra hutsa dela bera, baina horretaz harago, erraz antzematen zaio bihotz handia daukala. Bada, antza, bihotza pitzatu zioten, eta etapa horretan barruak askatzeko zenbait kantu idatzi zituen, moñagoak, bere esanetan. Distantzia apur bat hartuta kantuei forma eman eta ondorioztatu zuen bazirela plazaratzeko modukoak. Hala, hainbat lagunen atea jo zuen, taldea osatzeko asmoz. Elkartze horretatik bi kantu berri sortu ziren eta Haritz Harreguyrekin grabatu zituzten talde bilakatuta.

Txikia lurretik abiatzen den pop-rock minimalista da, tronpetaren kadentzian altxatu eta intentsitatean handitzen dena. Beire organikoagoa eta erritmikoagoa da, malenkoniatik ilusiora bidea egiten duen post-rock itsaskorra. Kaixo-k asko zor die Itoiz, Jotakie eta belaunaldi hartakoei, baina garaiko hit!-a bilakatu daiteke. Katu beltza-k poesia, malenkonia eta metafora batzen ditu. Nansa oinarri erritmiko indartsua (taupada) eta onirikoa (burua?) tirabiran dituen pieza ausarta da. Galiza hitzetan iluna, baina azalean jostaria eta bizia den ariketa da. Ateak da tronpeta soinuak markatutako letania. Eta, azkenik, Zapatak kutsu psikodelikoa duen pop-rock barnerakoia da.

Orain taldekideen agendetatik lekua eginez (Orsini, EzEzEz, Nize, Vulcanizadas, Uger, Cecilia Payne, Chuleria Joder…) kantuok zuzenean aurkezten hasiko dira, eta taldekideak zeintzuk diren ikusita, ziur egon detailez betetako pieza hauei zuzenean are eta ñabardura eta lohi gehiago gehituko dizkietela. 


Irakurri gehiago: Disko kritikak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.