Irail honetan, Donostiako 74. Zinemaldiaren atariko, ikusi du argia Euskal zinema 2005-2025. Hasiera bat liburuak. Argitalpen mardula koordinatu dute Josu Martinez eta Samara Velte EHUko irakasle eta ikerlariek. Era analitikoan eta akademikoan, 500 orri pasatxotan, kuantitatiboki zein kualitatiboki aztertu dute euskal zinemagintza. Egile sare handia du atzean liburuak, eta gako diren atalak zeharkatzen ditu: euskal filmen finantzaketa, zine aretoetan eta streaming plataformetan dituzten erronkak, herri-zinema, animaziozko filmen osasuna, dokumentalena... Gai ugari eta datu asko. Euskal zinemak sekula ikusi duen ikerlanik sakonena da. Horra hurbilpena da erreportaje hau.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Bazterrak hautsi zituen La casa de papel telesailak 2017an, eta burrunba bat edo beste ere izango zen Itziar Ituñoren etxean. Izan ere, euskaldunen iruditerian Nekane ertzaina zena, tranpolin eran, Atlantikoz bestaldean oso ezagun egin zen, polizia rolean bikainki aritu zelako nazioartean fenomeno bihurtu zen telesail horretan. Baina ez dago munduaren beste puntara joan beharrik: Ebrotik behera ere orduantxe ezagutu zuten gehientsuenek Ituño. Zortzi urte geroago, gauza bertsua gertatu da Jose Ramon Soroizekin. “Heldu berria naiz honetan guztian”, errepikatu du makina bat bider Maspalomas filmean egindako lana aitortu diotenean. Jakina, sariketei buruz ari zen Soroiz, eta ez lan jardunaz edo sektoreaz; ez baita alferrik Euskal Herrian beharbada esperientzia gehien bildu duen aktoreetako bat, duela 30 urte jada euskaldunen fikzioan lehendakari zena.
Ospearen peskizan, eta arrakastaren hariari tiraka, Netflixek eta La casa de papel-en sortzaileek bi prekuela gehitu dizkiote istorioari. Horietako azkena berria da, iragan maiatzean estreinatua. Ikusi duenak badaki, eta ondo adierazita dago gainera: Donostian hasten da istorioa. Kontxako badian zehazki. Baina kokapenak ez du ez pisurik eta ez garrantzirik. Hasi zitekeen Vigon, Londresen edo Miamin. Baina ez, Gipuzkoan hasi behar zuen, Gipuzkoa delako, Bizkaiarekin batera, zinema munduko enpresentzat kenkari fiskal erakargarrienak eskaintzen dituen lurraldea. Inozentzian bizi da, hortaz, pentsatzen duena gure herria ederra delako bihurtu dela filmaketa leku azken urteotan. Ez gaitezen engaina. Patxi Azpillaga EHUko irakasle eta kultur industrien egituran espezializatutakoak zera dio: “Negozio zifra handiak egin behar dira kenkari fiskalei etekina ateratzeko, eta finantza gihar sendoak izan behar dira haiek finantza iturri gisara erabiltzeko”. Eta, hori esanda, askotan isilpean geratzen den ideia hau ere gehitu du Azpillagak: “Ez da ahaztu behar kenkari hauek azkenean kontu publikoetatik ateratzen diren dirulaguntzak direla, aurretiaz eta zuzenean ematen direnak bezalaxe”.
Patxi Azpillaga, EHUko irakaslea: "Ez da ahaztu behar kenkari fiskalak kontu publikoetatik irteten diren dirulaguntzak direla, aurretiaz eta zuzenean ematen direnak bezalaxe"
Azpillagaren hitzak irakur daitezke euskal zinemaz inoiz egin den ikerketa lan akademikorik mardulenean. Liburu bihurtu dute. EHUn irakasle eta ikerlari diren Josu Martinez (Bilbo, 1986) eta Samara Velte (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) dira arduradunak, editore lanak egin dituztenak. Euskal zinema 2005-2025. Hasiera bat du izena argitalpenak, eta irail honetan ikusi du argia. Iragan ekainean EHUren Uda Ikastaroetan egindako bi eguneko jardunaldiaren euskarri fisikoa dela esan daiteke.
Hiru ataletan banatu dute liburua. Lehenbizikoan, Martinezek eta Veltek euskal zinemaren ibilbide orokorra azaldu dute, joera nagusiekin, datuak aztertu, analisia egin eta ondorioak aterata. Bigarren atalak, berriz, 2005etik 2025era gertatutakoaren erradiografia analitiko bat egitea du xede, gaiz gai, alor bakoitzean aditu direnen azterlanak juntatuta. Hauexek dira egileak eta gaiak: Patxi Azpillagak euskal zinemaren finantzaketa iturriak eta oinarri ekonomikoak aztertu ditu; Miren Manias-Muñozek fikziozko film luzeek egindako ibilbidea; Ipar Euskal Herriko panorama Graxi Irigaraik; emakume ekoizleen presentzia datutan jaso dute Iratxe Fresnedak eta Gentzane Martinez de Osabak; euskal zinemak streaming plataformetan bizi dituen erronkak Katixa Agirrek; komunikabideetan zinemak duen trataera Libe Mimenzak eta Ane Martinezek; kritikak Andoni Imazek; eta herri-zinema Eneko Bideigainek eta Jon Mentxakatorrek.
Azkenik, hirugarren atalean, euskal zinemak sortu dituen “munduei” buruzko azterlan akademikoak jaso dituzte; zortzi kapitulutan, zortzi ikerlariren lanak. Kuantitatiboki baino, esango genuke gehiago dela kualitatiboki landutako atala. Kapitulu bana dute Moriartik sorturiko unibertsoak, Koldo Almandozenak eta Asier Altunarenak. Mitologiaren iruditeriak badu beste atal bat, baita dokumentalgintzak eta animaziozkoak ere, eta armairuaren kontzeptuak ere bai.
Euskal zinema 2005ean sortu dela defendatzen dute liburuaren egileek. Hogei urte baino ez ditu, hortaz. Baina hogei urteotan, prentsari so bederen, dozena erdi “loraldi” pilatu dituen diziplina artistikoa izan da. Ba al da hain epe laburrean halako oparotasunik izan duen diziplina artistikorik? Ziurrenik ez, “loraldi” denak egi balira. Ziklikoki gertatu den zerbait izan da urte onak izatea, horiek prentsan aparretan bezala jartzea, eta urte apalagoei buruz txintik ere ez esatea. Gorabeheretan bizi da euskal zinemagintza, eta esan daiteke horregatik pilatu dituela hainbeste “loraldi”. Hein handi batean, hauskorra delako oinarria. Gero eta sendoagoa da, ordea. Baina sendoagoa ez da egin euskal filmek errekonozimendua jaso dutelako nazioartean; Ituño ez da aktore gisa La casa de papel-en jaio. Premisa horiek buru, eta euskal zinema aitatzean euskarazko zinemaz ari garela azpimarratuta –hau da, ez garela ari Bilboko ekoiztetxe batekin Bilbon errodatutako film erdaldunaz–, hala abiatu dute liburua.
Liburuaren egileek argi diote: azken hogei urteotan filmak, film motak, aurrekontuak eta teknikak ugaritu diren bezalaxe, istorioetan landutako gaietan ere antzeman daiteke ugaritzea. Gizartearekin bat joan da. Esaterako, feminismoaren eta genero gaien inguruko kezkak hedatzearekin batera, zineman ere topatu dute euren isla, eta gainera, LGTBIQ+ kolektiboko hainbat zinegilek modu esplizituan planteatu dute gaiok pantaila handira eramatearen beharra. Hala ere, filmak nork egiten dituen grafikoan ikus daitekeen bezalaxe, oraindik ere gizon gipuzkoarra da egile profil nagusia.
Bestalde, erreparatzeko moduko dialektika da gai unibertsalen eta gai lokalen artekoa. Zer kontatzen dute euskal filmek? Urtetan egin dira Euskal Herriari buruzko filmak, baina, liburuaren egileen arabera, balirudike unibertsalak diren filmak egitea bihurtu dela euskal zinemaren helburu nagusietakoa, industria egonkortu ahala. “Galdetu beharko genieke hizkuntza hegemonikoetako zinegileei ea eurek ere bizi ote duten tentsio hori, hau da, Espainian espainolez edo Frantzian frantsesez jarduten duten zuzendari eta ekoizleek sentitzen ote duten bertako istorioen eta istorio unibertsalen arteko tentsiorik, edo euren istorioak zuzenean unibertsaltzat jotzen ote dituzten”.
Historiako bi euskal film arrakastatsuenak, alde handiz, biak ere Euskal Herriko istorio propioei buruzkoak dira: Handia (2017) eta Irati (2022).
2005, euskal zinema sortu zen urtea
Euskarazko lehen filma Gure Sor Lekua izan zen, André Madré jeneralak egina eta euskal diasporari zuzendua, haien herrimina asetzeko asmoz. 1956an estreinatu zen, Hazparnen (Lapurdi). Baina mende erdi behar izan du euskal zinemak egituratzeko, jarraikortasunez egiteko, eta Josu Martinezek dioen eran, “kultur praktika gisa ulertzeko”. 2005ean Aupa Etxebeste! estreinatu zen, eta geroztik produkzioak jarraipena izan du, eta hazi egin da.
Bi faktore garrantzitsuk eraginda, liburuaren editoreek azpimarratzen dutenez: batetik, mende hasieran, inguruko herrialdeetan bezala, Euskal Herrian ere legediak aldatu eta politikak indartu zirelako, batez ere Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk zinemari zentraltasuna aitortu ziotelako; eta bestetik, mundu globalizatuaren adierazle, filmak egiteko baldintzak nabarmen erraztu zirelako, eta horrek zinemagintza herrikoia eta amateurra indartu zituelako.
Baina gauzak ez dira besterik gabe gertatzen. Euskal zinegileek borroka ere egin zuten. Horren adibide, 2002ko uztailean, Iruñean, UEUk antolatu zituen ikastaro batzuen ostean, zinegile batzuek leitu zuten Urrats bat euskal zinemaren alde manifestua. Tartean zeuden Eneko Olasagasti, Asier Altuna eta Koldo Almandoz. Gertakaria honela jaso zuen Euskaldunon Egunkaria-k: “Gaur egun, orain dela hamar urte ez bezala, Euskal Herrian badago giza talde prestatu bat horrelako erronka bati eusteko. Ez bazaie euren bide profesionala euskaraz garatzeko aukerarik ematen, erdarazko ikus-entzunezkoen industriak bereganatuko ditu”.

1.267, hori da zifra
Industria garatu zen, garatu da, eta garatzen ari da. Eta zinema aipatuta, askotan, begiak aretoetara eta film “handietara” joaten dira. Baina industriatik kanpokoa ere bada zinema. Liburuak horretan egiten du azpimarra, eta hautu politiko gisa, datuak biltzerakoan, iskin egin diote profesional-amateur bereizketa klasikoari. Denak zaku berean berean sartuta, hona emaitza: 2005etik 2025era, 1.267 euskal film estreinatu dira gutxienez.
2005etik hona, panorama aldatu egin da. Gaur egun, duela hogei urte ekoizten ziren filmen ia bikoitza estreinatzen da. Datuetan horrela da, baina engainagarria ere bada, bilakaera ez baita batere lineala izan. Eta datu orokorra, gainera, film laburren urtez urteko ekoizpenak baldintzatzen du, mota horretakoak direlako 1.267 horietako gehienak (%65). Aldiz, film luzeak hartuta, urte joriena ez da izan iazkoa, Maspalomas, Gaua eta Karmele gisako filmak ikusi ahal izan dituguna, baizik eta 2015a. Urte hartan 24 film luze estreinatu ziren euskaraz, eta 2025ean, berriz, 2020an eta 2021ean bezalaxe, 21 film. Beraz, bistakoa da batez ere 2015etik hona nabarmen indartu dela euskarazko zinemagintza. Baina urte guztiak ere ez dira urre izan. Esaterako, 2017an, 2019an eta 2024ean hamabina film luze estreinatu ziren, 2015ekoaren erdia.

Estreinaldiak, ordea, ez dira beti aretoetan izaten, eta hori ere bada euskal zinemaren hormetako bat. Gutxi gorabehera, 2005etik hona, lau film luzetatik bat iritsi da aretoetan proiektatzera. Baina azalpena du datu horrek: film luzerik gehienak ez dira fikziozkoak. Eta fikziozkoak dira gizartearen begietara gehien iristen direnak, aretoak zapaltzen dituztenak. Horra datua: ia hamar fikziozko film luzeetatik bederatzi iristen dira karteldegira, eta horiek dira, gero, telebistan ere gerora gehiago ematen direnak, batik bat ETBn eta Kanalduden. Hor badago gai unibertsalago bat: aretoek lehenetsi egiten dituztela fikziozko lan luzeak.
Bestalde, geografikoki, zinema aretoen sisteman ere eragina du Euskal Herria zatikatzen duen muga administratiboak. Hego Euskal Herriko aretoak dira euskarazko film gehien eskaintzen dituztenak, alde handiz, Ipar Euskal Herrikoen bikoitza proiektatzen baititu. Baina badira kasu esanguratsuak. Izan ere, Ipar Euskal Herrian estreinatzen dira bertan bizi diren euskaldunek egindako pelikulak, baina horiek ez dira beti Hego Euskal Herriko aretoetara iristen. Agerikoa da arazoa, euskal film guztien %2 baitira soilik Ipar Euskal Herrian sortutakoak.

Streaming plataformak, “nahi eta ezinean”
Euskara zirrikituak zabaltzen joan da azken urte gutxian streaming plataformetan. Baina “nahi eta ezinean” ere badabilela dio Katixa Agirrek gaiaz idatzitako kapituluan. Tituluarekin ere ideia horretara darama bere tesia: Korrontera batu nahian.
Hamar urte pasatxo dira sektorean zentralitatea duen Netflix gure etxeetan sartu zenetik. Ez zuten hastapen ona izan euskal ekoizpenek hor, Agirreren esanetan: “Euskarak garai ilunak bizi zituen Netflixen hasierako garaietan, paradoxikoki, euskal zinema bere lanik arrakastatsuenak ekoizten hasia zegoenean”. 2014an zinemetan estreinatu zen Moriartiren Loreak, mugarri izan zena euskarazko film luzeei dagokienean. Estreinako aldiz Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zuen, eta Espainiak Oscarretarako hautagai moduan bidali zuen. Netflixen sartu zen 2016an. Gero, 2017an, Handia filmaren proiektuan sartu zen multinazional estatubatuarra, eta garai bertsuan, gauza bera egin zuen Paul Urkijoren Errementari filmarekin. Ordutik, erosketa formulen bitartez, dozena erdi euskal ekoizpen erosi ditu Netflixek. Tantaka, oso tantaka.
Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk sostengu ekonomikoa era jarraituan eman dute euskal zinemagintza hazi ahal izateko. 2004tik 2025era, euskaraz egindako 45 fikziozko film luze, animaziozko 24, eta 60 dokumental lagundu ditu diruz Jaurlaritzak. Eta dekretu aldaketa bat medio, 2007tik, EiTB behartuta egon da inbertsioaren zati bat zinemagintzara bideratzera, eta horrek ekarri du, halaber, euskarazko proiektuek aurrera egitea: 2007 eta 2024 bitartean 44 fikziozko film luze, animaziozko 25, eta 40 dokumental babestu ditu. Kasu gehienetan bi laguntzak jaso dituzte proiektuek. Azken urteotan, bestalde, beste bide bat urratu da: Espainiako Estatuko dirulaguntzak jaso dituzte Irati-k, Gaua-k, Faisaien Irla-k edota Maspalomas-ek.
Foru aldundiak ere atzean egon dira beti, finantzaketaren osagarri gisa. Desoreka handia egon da lurraldez lurralde: gehiengo zabala Gipuzkoak egin du. Azken boladan, dena dela, kenkari fiskalengatik nabarmendu dira hiru ogasunak, batez ere Bizkaikoa. Patxi Azpillaga EHUko irakasle eta ikerlariak zera dio: “Nahiz eta laguntza horien zati bat kanpoko obren filmaketa erakartzeko erabiltzen den, ez da txikia bertako produkzioa laguntzera bideratzen dena ere; zerga aldetik lurralde foralek duten ahalmena aintzat hartuta, ate garrantzitsua irekitzen da, etorkizunera begira, euskal zinemagintzaren etorkizuneko babes sistema sendotzeko”.
Streaming plataformen sektoreak ilun asko dituela dio Agirrek. Atzerriko enpresa pribatuak dira, beraien plataformetako datuak sekretismoz gordetzen dituzte, eta ezin jakin zein harrera duten, ezta zenbateraino promozionatzen dituzten ere. Eta batez ere, arazoa da ez dagoela hizkuntza gutxituak babesteko konpromisorik, ez baitago, ezta ere, hori bultzatuko duen lege planteamendurik.
Plataformen bataila maila transnazionalean jokatzen da. Euskarak ez ditu besterik gabe Silicon Valleyko jauntxoak liluratuko, ez bada negozioa egiteko. Katixa Agirrek dioen moduan, haiei presio egitea lan bat da, baina etxe barruan ere badago zeregina. EiTBk Primeran plataforma sortzea aurrerapausoa izan dela dio, nahiz Netflix baino zortzi urte beranduago heldu, eta arazo teknikoak izan bidean, baita promozionatzeko eta jendea lotzeko begi bistako ahulgunea erakutsi ere. Baina plataformako estreinaldi kopuruak urtez urte gora egiten jarraitzen du. Errotiko arazoa zera da, hizkuntza gutxituek mundu globalizatuko esfera orotan duten bera: elkarrekin lehiatzen dutela. Hego Euskal Herriko gazteen hamarretik bat dago izena emanda Primeran plataforman, eta aldiz, Netflixen, zazpi aldiz gehiago. Etxean ere ezin Goliati bataila irabazi.
David eta Goliaten metafora darabilte liburuaren egileek. Baina ez da hain heroikoa sektore honetan, titanikoak baitira munstroaren atzaparrak, Netflixetik hasi eta Hollywoodeko makroprodukzioetaraino. Imajina, ekoizpen batzuen kostua estatu txiki baten BPG osoa baino gehiagokoa izaten da, hala diote liburuan. Eta gero, zinemako karteldegian bezala, etxeko sofan ere, prezio berean, ikusleek Gladiator II-ren eta Azken erromantikoak-en artean aukeratu behar dute.
Nahasmen horretan, eta per se garestia den diziplina artistikoan, David oso txikia da Goliaten parean. Are gehiago David oraindik haurra, nerabea edo gaztea bada, hogei urte baino ez baditu. Hogei urte dira euskal zinemaren zinta errodatzen hasi zela, artistikoki garatzen eta formatzen, eta produkzio handi, interesgarri eta nazioartean txalotuak egiten dituela, kulturaren aberasgarri. Herri-zinema ere fundamentala da horretarako, eta ezinbestekoa da finantzaketa eredu jarraikor bat izatea, jakina. Baina ezeren gainetik, eta liburuko hainbat kapitulutan aipatzen den gisa, arazo bat du zinemaren enborrak, hauskor izatea eragiten duena: zinemari buruzko lege propioak falta dira, euskal zinemari eta haren babesari estatutu propioa emango liekeenak.
Mondragon Unibertsitateko irakasle diren Eneko Bidegainek eta Jon Mentxakatorrek idatzi dute herri-zinemari buruzko kapitulua. Lau film aztertu dituzte: Ataun of the Dead trilogia (2011-2019), Xora (2012), Bizkarsoro (2023) eta Negu hurbilak (2023). Bakoitzak ditu bere berezitasunak, baina ezaugarri komunak ere ikusi dizkiote: “Film horiek ezin ziratekeen aurrera eraman herri-kultura ez balitz existituko, eta ez kasualitatez, herri-ekimena indartsua den lekuetan garatu dira film horiek”.
Ekimen parte hartzaileak izan dira laurak, urtez urte lana eskatu dutenak. Herritar sareak egon dira atzean, antolakuntza. Eta gero bakoitzak bere bidea egin du. Baina denetan ere herri mailan erakutsi dira, emanaldi herrikoiak antolatuta, gehiago edo gutxiago. Ataun of The Dead trilogia gune alternatiboetan erakutsi zuten, hirurogei bat lekutan hiruna aurkezpen eginda gutxi gorabehera. Xora film zuberotarra, berriz, Hegoaldera ere iritsi ahal izateko, alde banako ekoiztetxe batekin sortua izan zen, eta hala iritsi zen zinema aretoetara. Bizkarsoro film baxenafarra, aldiz, herri-ekimen bidez banatu zen, hala nola elkarteekin emanaldiak antolatuta eta ikastetxeetara joanda, baita UEMArekin akordioa eginda ere. Eta azkenik, berezitasun gisa, Negu Hurbilak-en arrakasta da film jaialdi handi batean saritu zutela, Locarnon (Suitza).