Italiako Tarquinia hirian, Monterozzi nekropolian 6.000tik gora hilobi daude, horietako 200 inguruk etruriar garaiko pinturak dituzte. Hilobi horietan erritualak egiten zituzten bizidunek nolako sentsazioak izan ohi zituzten? Galdera horri erantzuteko, ikerlan bat argitaratu berri dute Journal of Archaeological Method and Theory aldizkarian.
Hilobietan aurrera egin ahala, tenperatura, argiztatzea eta, beraz, hormetako irudien pertzepzioa aldatzen zen. Baita soinuaren pertzepzioa ere; Deabru Urdinen hilobian oihartzunak zazpi segundo irauten duela egiaztatu dute, adibidez. Kontu handiz diseinatutako esperientzia sentsorialak eragiten zituzten. Hala, etruriar hilobiak ez zuten balio soilik hildakoak gordetzeko, bizirik zeudenei heriotza onartzen lagunduko zieten bidaia emozionalak eskaintzeko baizik.