“Intelektualismotik gutxietsi, kritikatu, infantilizatu eta tontotzat hartu izan da masa, eta masa gu gara”

  • Lagunen laguna delako ezagutzen nuen bistaz Amets Zulueta, baina duela gutxi jakin dut zertan ematen duen bere denboraren parte handi bat: filmaketan egiten du lan. Argitaratuko den elkarrizketa bat egiteko proposamenaren aitzakia poltsikoan izateak ematen didan OPI (VIP ingelesez) sarbidea probestuta eskatu diot zita larrabetzuarrari, eta berak, zortez niretako, onartu.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
 Amets Zulueta Martinez (Larrabetzu, Bizkaia, 2001)

Duela zortzi urte abiatu zen Bartzelonara, zineman zentraturiko ikus-entzunezko gradua eta Zinema, teoria eta ikerketa masterra ikastera. Bartzelona eta Euskal Herria artean ibiltzen da zinema teknikari lanetan, unean une sortzen zaion filmaketaren kokapenaren arabera. Lanetik harago, lagunendako zein bere proiektu propioetarako sortzaile eta irudigile aritzea maite du eta zinema eta konpromiso politikoaren arteko bidegurutzea da bere interes arlo nagusia.

Non gaude, Amets?
Larrabetzuko gaztetxean, nire gaztetxean. Nik hemen militatu izan dut gaztetatik eta ordu asko pasa izan ditut hemen hainbat gauzatan. Uste dut gaztetxeak eta autogestioa berez orokorrean direla bizitza bera ulertzeko leku eta modu interesgarri bat; nire kultura eta arte dinamika guztiak ulertzeko dudan forma gaztetxean hasi da. Bai ikusle moduan lehenengo eta eragile moduan gero.

Lan egiten dudan esparru denetan amaitu dute izaten zerikusi handia kulturak eta arteak, baina beti gustatzen zait gogoratzea “bua, hau Hori Bai-n [Larrabetzuko gaztetxea] zelan egingo genuke?”. 

Bartzelonara joan zinen zinema ikastera. Zer ekarri duzu handik?
Esango nuke masterraren kontua gako izan dela. Ordu asko izan dira jendea zinemari buruz berbetan entzuten, baina ez zinema bakarrik industria edo arte gisa hartuta, baizik eta artea nola dagoen konektatuta oso gauza benetakoekin eta interesgarriekin. Irakasle batzuk kontu soziologikoetan zentratuago, beste batzuk antropologikoetan eta beste batzuk historikoetan. Bat-batean zinema aitzakia bat besterik ez zen beste hainbat koadro eta testuinguru ulertzeko.

Katalunia arlo honetan idealizatzeko joera daukagu. Uste duzu arteari eta kulturari loturik han topa daitekeena ezin dela hemen aurkitu edo eraiki?
Ukaezina da, historikoki Bartzelona kristoren eragin askotarikoa izan duen hiria da. Oso aitzindariak izan dira esparru askotan eta hori igartzen da jendearen izaera eta gaitasunetan, oso berezkoa duten zerbait da: asko ikusi dute, hiria mundu osoko oso jende aktiboarekin konpartitu dute… Eta hori dena oso presente dago, are gehiago arlo kulturalean. Egarritan bazoaz hara, mila mobidarekin ase zaitezke han. Gero, uste dut ez dugula konparazio arrarotan jausi behar. Beste leku batekoak bagina, ez dakit zer esango nizukeen, baina jakinda Euskal Herrian zein beste tradizio dugun, ez diogu zertan hangoari inbidiarik eduki.

Hara joan, dastatu eta ikas dezakegu, baina badira gauza batzuk ere kontrara. Badute artea ulertzeko oso forma plural, jantzi eta sofistikatua bai baliabide, bai azpiegitura aldetik, baina gero…

Ea asmatzen dudan: konpromiso falta.
Hori da, total. Kide katalan asko topatu ditut alderantziz, guganako inbidiatan. Euskal Herriko historia politikoagatik, arteak errealitate horrekin izan duen lotura eta izaera eraldatzailea asko miresten dituzte haiek ere. Lehen esan duzun bezala, behin autogestioaren kultura barneratzen duzula, adibidez, ez da ahazten; are gehiago, hedatzen da. Eta hemen uste dut badagoela artea eta kultura ulertzeko modu bat autogestiotik datorrena, eta ez du zerikusirik prekarietatearekin. Edo bai, baina ez dugu hortik hartu behar; hau da, ez da “geratu zaigun aukera”. Autogestioa ez du bakarrik medio faltak ekarri, agian autogestioa motorra bera da.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Iruditzen zait oso lauso eta fin dagoela une honetan prekarioki eta militanteki aritzearen arteko marra gorria, eta horrek nahastuta gauzkala.
Oso dilema interesgarria dago hor: jardun artistikoaren profesionalizazioa edo ez profesionalizazioa. Ardatz horrekiko kokapenak erabakiarazten dizu zuk zein punturaino nahi duzun bihurtzea zure jardun artistikoa ogibide. Eta hortik tiraka, norberak artea ulertzeko duen era dago: zuretzako artea ahal da izan medio bat zerbaitetarako? Artea ahal da izan kulturgintzarako medio, kulturgintza ulertuta kasu honetan XXI. mendeko gizartea aurrerantz bultzatuko duen zerbaiten gisan?

Hori da aukera bat: artea ulertzea gauzak guri interesatzen zaigun leku baterantz mugitzeko medio gisa. Ez da mugimendu hutsala, agitaziorako –hitz asko erabil daitezke hemen– balio duena baizik. Hori da niri artea ulertzeko gustatzen zaidan forma.

Bigarren ulerkera da artea bera helburu gisa duena. Eta artea helburu bihurtzen den horretan, bat-batean zu, artista gisa, bihurtzen zara helburu bakar horretarako medio; helburu bat zeina bere jardun artistiko horretan bertan bukatzen den. Eta, beraz, hor jada zu zara helburua, medioa eta dena. 

Ez ditut inolaz ere prekarietatearen kontrako aldarrikapenak eta kexak alderatu nahi, baina zure jardunaren helburua zu zarenean, iruditzen zait momentu batetik aurrera mrka bat bihurtzen zarela.

Oteizak ere hala esaten zuen, ezta? Arteak bere horretan ez duela hezten, hezteko tresna besterik ez dela, hau da, beste horretarako medio.
Arteak artea du helburu diskurtsoak prestigio handia du. Ematen du gehiago defenditzen duzula artea bere purutasunaren alde egiten baduzu, karga eder guztia eramaten du horrek. Beste bideak, artea instrumentalizatzearen eta panfletarioki erabiltzearen aldekoak, ematen du hoztu egiten duela diziplina. Baina, jo, nik benetan daukat konfiantza eta edertasun gehiago ikusten dut bigarrenean. Panfletarismoaren kontrako propaganda asko dago, eta agian arte hutsalaren kontrako propaganda egiten ere hasi beharko genuke.

"'Aro Berria' eta 'Los Domingos' zaku berean sartu behar baditugu, ez dakit zertaz ari garen berba egiten"

Autogestioak duen zentralitatea nola ezkontzen da zineman mugitzen diren kantitate ekonomiko handiekin?
Dagoen arterik garestiena da, hori da zinemak daukan gauzarik tranpatiena. Gaur egun azpiegitura eraikia dagoen bezala egoteak diru kantitate itzelak exijitzen ditu. Ez behar direlako, baizik eta zinema-industria ohitu delako milioi horietan mugitzera. Egia da jende asko behar dela, materialak oso garestiak direla… hori dena egia da, baina hala ere.

Zinema, historikoki, askorendako oso hedabide interesgarria izan da eta da; horregatik lortu da kokatzea industria batean non esklusibitatea den jokatzeko daukan karta interesgarriena. Hain garestia eta zaila denez lantzen, lortu da esklusibitatea egotea ahotsetan. Lortu da hiper zaila izatea pelikula proiektu bat altxatzea.

Ez dut ulertu esklusibitatearena.
Gaur egun, ordenagailuarekin edonork kantu bat egitea artearen demokratizazioa izan daitekeen bezala, ardatzaren kontrako puntan egongo litzateke artearen esklusibitatea: medio eta diru asko behar izatea zerbait egiteko.

Eta zineman heldu gara momentu batera zeinetan ezin dugun hori ekidin, sortua eta normalizatua dagoelako industria horrek milioi asko gastatzea. “Gastatzera” diot gauza asko interes batzuetatik puztu direlako: pelikulak egiteko ez da Donostiako Zinemaldia behar, ez da buffeta ematen duen cateringa behar egunero, ezta ere puntako kamerak. Zer gertatzen da? Grabatzen ahal duzula pelikula bat zure mugikorrarekin, baina lehian ibiliko dela industria horretan sartu den pelikula erraldoi horiekin. Beraz, zer geratzen da hor jokatzeko? Ahotsak eta istorioak. 

Zinema masa kontu gisa ulertu behar da. Orduan, eragin dezakezu masan zure etxean mugikorrarekin grabatu duzun pelikula batekin? Agian oraindik ez gaude hor. Nigatik balitz ez litzateke inoiz gehiago milioi bat euro gastatuko pelikula bat egiten. Baina denok aldatu beharko genuke pelikulak ulertzeko modua.

Masarendako izateko abantaila du eta, aldi berean, horretara dago kondenatuta, ezta?
Zinemaren oso pilare ona iruditzen zait masentzako artea izatea. Ni masentzako artearen alde nago. Lehengora itzulita, artea ulertu nahi badugu beste gauza garrantzitsuago batzuetarako bozgorailu gisa, uste dut oso aliatu ona izan daitekeela zinemak duen masa konponente hori. Eta ez diogu masa terminoari beldurrik izan behar. Uste dut askotan intelektualismotik gutxietsi, kritikatu, infantilizatu eta tontotzat hartu izan dela masa, eta masa gu gara: masa naiz ni nire etxean pelikula bat ikusten. Beti izango da oso garrantzitsua artea masarekin etengabeko kontaktuan egotea; izan dadila masarentzako helduleku, ispilu eta mugiaraziko duen indar.

Ikusle eta langile gisa dituzun marra gorriak berberak dira?
Ikusle gisa ez dut marra gorririk. Ikusle gisa gustatzen zait dena ikustea eta ulertzea, argi jakinda nor dagoen pelikula horren atzean eta zer egin duten zertarako. Distantzia hori mantentzen dudan heinean, ezer ikusteak ez dit kalte egingo; egitekotan, on.
Langile naizen aldetik, filmaketek ordu asko hartzen dute eta lanaldi luze horien ondoren nik lasai sartu nahi dut ohera. Orain arte definitu dudan marra gorri bakarra izan da euskal gatazka ikuspuntu jakin batetik tratatzen duten proposamenetan ez dudala parte hartuko. Zoritxarrez, hegemonia mediatiko eta zinematografikoaren ikuspuntua da, baina iruditzen zait horietan parte hartzea oso traizio handia dela nire testuinguruari, nire errealitateari eta sinisten dudanari.

Azken urteetan gehiago hitz egiten da euskal zinemaz zentzu onean: film kantitate kontua da? Kalitatea? Kenkari fiskala...?
Mundu guztia dabil esaten euskal zinema momentu paregabean dagoela eta, nire ustez, norberak atera behar du ondorioa, jakinda zertan oinarritzen den;  euskal zinemaren arrakasta oinarritzen ari gara bakarrik metaketa-logikan. Esango nuke oso momentu onean gaudela, baina beste gauza batzuengatik: ari delako gertatzen Irati Gorostidik egin duela Aro berria eta Arantza Santestebanek 918 gau. Niretzat, horiek bai dira helduleku momentu onean gaudela esateko, baina ez dakit hori garai honen ezaugarri esklusiboa den ere… Euskal zineman egon dira izugarrizko lanak; 1985eko Xabier Elorriagaren Zergatik Panpox okurritzen zait, Arantxa Urretabizkaiaren liburuan oinarritua.

"Panfletarismoaren kontrako propaganda asko dago, agian arte hutsalaren kontrako propaganda egiten ere hasi beharko genuke"

Askotan ospakizunaren oinarria izaten da badirela beste ez dakit zenbat pelikula gehiago euskaraz.
Eta asko pozten nau pelikulak euskaraz egoteak, baina berriro: zer errepresentatzen dute pelikula horiek euskaraz? Zer da euskara pelikula horietan? Zein euskara mota egiten da pelikula horietan? Bueno, euskara eta euskal zinema beste meloi bat da, baina hau momentuko argazkia da, ez dakigu nora eramango gaituen. Zineman euskal kanon mainstream bat sortzera? Ez zait interesatzen, egia esan. Gero, ez dira sikiera euskaraz. Aro Berria eta Los Domingos zaku berean sartu behar baditugu, ez dakit zertaz ari garen berbetan. Pelikulak direlako? Barbie ere bada pelikula bat.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Zuk egindako lanak kuxkuxeatzen nenbilela egin dut topo Real Politik film laburrarekin: artxiboko irudiak eta Itxaro Bordaren hitzak sei minutuz.
Deialdi bat egin zuten Tabakaleran. Found footagea egitea zen proposamena; hau da, artxiboko irudiak oinarri hartuta pieza bat sortzea. Nik artxibo horretan Euskal Herriko hainbat momentu klabetako manifestazioak topatu nituen: Lemoizi buruzkoak, nazio prozesuekin harremana zuten beste asko, urtarrileko mani mitikoak...

Indar handia ikusi nuen hor, manifestazioarena argiki delako gure estetika bat. Oso normalizatua dugu, baina hain prozesu inportanteen eta hainbestetan entzun diren hitzen –“Lemoiz, Lemoiz, Lemoiz, Lemoiz”– artxibo bat egoteak... jendea ez argazkitan, baizik eta mugimenduan ikusteak… izugarrizko zirrara sortu zidan. Iruditu zitzaidan interesgarria pentsatzea non dagoen irudi horietan dimentsio pertsonala, eta Itxaro Bordak %100 basque-n agerian uzten du oso forma politean: ni nire dena ari naiz ematen kausa honengatik, baina asanbladaren ostean etxera heldu eta afaltzen dut.

Manifako zarata, soinu eta oihuak utzi eta Itxaro Bordaren esaldiak idatziz bakarrik agertzea erabaki nuen, manifako zarata horren barruan hitzek diotena ere kabitzen dela esanez-edo. Argiki gaude gerra kultural batean gatazkaren transmisioari dagokionez, eta niri, beste ahots batzuk horrekin harremanetan jartzea interesgarria iruditu zitzaidan.

"Orain arte definitu dudan marra gorri bakarra izan da euskal gatazka ikuspuntu jakin batetik tratatzen duten proposamenetan ez dudala parte hartuko"

Euskal Zinemaren Akademia sortzear dela aipatu didazu lehen. Zer ekarriko du horrek?
Akademia batek erregulatzen du lurralde batean egingo den jarduna. Hemen badugu estatukoa, espainiarra; Katalunian ere badute haiena, Gaudí sariak. Euskal zinemak daukan gauza politenetakoa da euskal aktoreak oraindik heltzen direla filmaketara eta langile xumeak direla: erosketak egitetik datoz eta gero zure taberna berean ibiliko dira poteoan. Eta, orokorrean, uste dut sariketa, alfonbra gorri eta kontu horiek guztiek ezartzen dutela egitura bat aldentzen dena apur bat guri gustatuko litzaigukeen eredutik.

Aztertu beharko litzateke oso gertutik zein leku eta funtzio edukiko duen hor euskarak, zein pelikula mota sustatuko den eta zein ez… Baina ez gaitu itsutu behar beste industria batzuekiko antza edukitzeak edo horretara heltzeko presa edukitzeak. Nik, adibidez, Euskal Zinema Akademia baino lehenago, nahiago nuke Euskal Herri osoan sektoreko langile guztiak erregulatuko dituen sindikatu erraldoi bat sortzea, zuzeneko teknikarien sektorean dagoen moduan.

Espainian Goya eta Gaudí Katalunian. Noren burua izanen da Euskal Zinema Akademiak emanen duen saria? Eta, zure ustez, zeinek behar luke izan?
Me encanta. Nire apustua da Oteiza izango dela; niretzako Lourdes Iriondok beharko luke. 
 


Zinema kanalean gehiago
2026ko irailaren 30
Hipokresia

2026ko irailaren 27
Josephine
Egoera latzari aurre

2026ko irailaren 27
Azken agurra
Umore bisuala

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.