Zu beti batzuetan

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Yo siempre a veces (Ni beti batzuetan)
Marta Bassols, Marta Loza, Claudia Costafreda, Ginesta Guindal, Marta Loza Linklater (2025)

Zer: Telesail laburra
Herrialdea: Espainia
Iraupena: 6 kapitulu, 30 minutu
Non ikusi: Hegoaldean: Movistar+

-------------------------------

Zuri, paseatzaile horri. Kaletik ibiltzeko modua aldatu zaizu. Beno, igual begiradaren jomuga da aldatu zaizuna. Jada ez zoaz lurrera begira txikleak zapatetan itsasteko beldurrez. Ez duzu espaloiko galtzadaren koloreekin bide imajinarioak asmatzeko denborarik. Eta ez zara lokarriak lotzeko hainbestetan makurtzen.

Orain kokotsa pixka bat altxatuta, eraikinetako fatxadei begiratzen diezu hutsik egon daitezkeen pisuen zantzuen bila. Badakizu zein etxetan ez zaren inoiz biziko, baina hala ere, balkoi horretan gosaltzea amesten duzu begiratzen diozun aldiro. Deslilura generazional bat bizitzen ari ginela uste zenuen: hipoteka, familia, bikotekidea eta lanpostu duinekiko desengainua. Eta bakardadearen sentsazioak inoiz baino gogorrago jo zaitu. Gurutzatzen duzun jendeari begira, bide normatiboarekiko zein distantziatara dagoen neurtzen saiatzen zara. Eta jakina, erabakiz erabaki, bakoitzaren albo-kalteak zerrendatu izan dituzu, zureekin alderatuz.

Nor bere gerran, nor bere istripu personalean: minbizi bat, haur bat, alokairua, bakardadea, dibortzioak, lan prekarioak… Edo dena batera.

Halaxe aurkeztu dute Laura (Ana Boga) Yo siempre a veces serie laburrean. Sei etxebizitzatan banatuko da kontakizuna. Sei kapitulu, sei bizitoki.

Ama izan berri den edozein gazteren premisa izan zitekeen. Berlinen musika festibalen produkzio arduraduna da Laura. Lan labur baterako Bartzelonara itzuli da, eta Ruben (David Menéndez) ezagutuko du. Astebeteko maitasun istorio intentso baten ondoren, berarekin bertan bizitzea erabakita, haurdun geratuko da. 

Baina ohiko sinopsi bat izan zitekeen arren, kapak era interesgarrian gurutzatzen dira fikzio honetan. 

Prekaritateak eta biolentziak zeharkatutako hirian, Laurari ezinezkoa egingo zaio haurraren zaintza enplegu batekin eta bizitzarekin uztartzea. Aitaren ardura eskasarekin, tentsio horiei egingo die aurre erabakien damurik apenas agertu gabe. Gurasoen etxera buelta, lagun sarearekin eztabaidan, aspaldiko bulkadei jarraika edota mutil baboen engainuetan enredatuta. Kapituluoro, kontraesanez gainezka.

Pasiadan zoazela, espero ez zenuen baztar batean, zure islarekin topo egitea bezala izan daiteke. Ui! Ez zenekien hor egon zintezkeenik, baina zure burua ikusi duzu leku batean, eta bestean ere bai. Eta konturatu orduko, txikle baten pare itsatsi zaizu zapatetan. 


Irakurri gehiago: Ikus-entzunezkoak Komunikazioa
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.