Hedabide askotan entzun, ikusi eta irakurri dut Ceutara sartu diren Marokoko etorkinen drama, Venezuela eta Kolonbiako lurrikarak, Adimen Artifiziala gizateriarentzat den arriskua, Nepalen uholdeen hondamendia, Europan suteen aurrean dagoen babesgabetasuna, indarkeria matxisten koipea, AEBen, Errusiaren eta Israelen gerretako krimenak... Askori bezala, errealitate hau etsigarria iruditzen zait. Bizi dugun munduaren natura ez da lasaia, ezta gure espeziearena ere.
Txikitan, orduak igarotzen nituen txindurritegiak begiratzen, eta aitortu behar dut ez nintzela behatzaile pasiboa, eragitea gustuko nuela, euren bizimoduaren inguruan jakin-mina nuelako. Batzuetan janari puskak jartzen nizkien inguruan, zulora zelan sartzen zituzten ikusteko; bestetan, lasto batekin, zuloa estaltzen nuen, lastoa ateratzeko zelan moldatzen ziren jakiteko. Erronkak jartzen nizkien, euren antolakuntza moduek liluratuta nindutelako.
Txindurriek bezala erronka ugari ditugu gizakiok: naturak berez sortzen dituen zorigaitzak, giza espeziearen jarduerak naturan eragiten dituenak eta giza espeziearen harremanetatik eratorrikoak. Bizitza pasatzen dugu horiek aztertzen eta aurre egiteko moduak bilatzen. Beharbada mundua txiki geratu zaigulako, irudimen askorik ez dugulako, gure barrualdean bizitza mespretxatzen dugulako, edota lurraldeei loturiko botere harremanez jositako gizatasun lehiakor errealitate honetan ahul aurkeztea bizitza arriskuan jartzea izan daitekeelako... ez dut argi zergatik, baina gizakiok, txindurriek bezala, burutatzen ditugun irtenbideak beti jokabide berberarekin lotzen ditugu: indartzea. Indartu defentsa, indartu adimena, indartu muga, erasoa, ekonomia, dikea, zerbitzaria, potentzia, gorputza, zelataritza, abiadura... Hainbeste indartsuren artean, ahulak gero eta ahulago bihurtuz, alferrikako bilakatu arte.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.