“Mileik ez luke gobernatuko peronismoaren konplizitaterik gabe”

  • Unibertsitateko irakaslea eta giza eskubideen arloko abokatua, Myriam Bregman (Timote, 1972) Langile Sozialisten Alderdi (PTS) trotskistako buruzagia da, eta Ezkerreko Langile Frontearen (FIT-U) koalizioa ordezkatzen du Argentinako Senatuan. Herritarren artean irudi positiboena duen politikaria bihurtu da, eta Javier Mileiri ezkerretik aurre egiteko aukera gehien duenetako bat. Buenos Airesko Kongresuko bulegoan izan gara berarekin.

"Argentinan norbaitek esaten badizu erretiro pentsioak handituko dituela NDFrekin hautsi gabe, gezurretan ari da", Myriam Bregman. Argazkia: Dan Damelio
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Leon Trotskiren irudi bat atzean duela, Estudiantes de la Plata futbol klubaz, bere herriko euskal komunitateaz eta arbaso askenaziez hitz egin digu hasieran, abegikor, Myriam Bregmanek. Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak (OMAL) antolatutako bidaian joandako hainbat euskal hedabidetako kazetari gaitu aurrean. Laster egin dio kosk aktualitateari.

Politikari bezala ezagutzen zaitugu, baina abokatu gisa ere baduzu esperientzia giza eskubideen defentsan.

2006an diktadura militarreko genozidak epaitzeko garai berria hasi zen eta nik Justicia Ya! kolektiboarekin parte hartu nuen. Erabaki genuen gizateriaren kontrako krimenengatik ez ezik, genozidioagatik ere akusatzea, giza talde oso bat garbitu nahi izan zutelako; genozidioaren delituetako bat haurrak giza talde batetik bestera eramatea da, eta hori ere gertatu zen Argentinan. 

"Gobernu honen genozidioaren negazionismoak argentinar gizartean halako aldarte bat esnatu du, lehendik zegoena. Gure herrian badago zerbait oso sakona amen eta amonen borrokaren eta giza eskubideen erakundeen lanaren ondorioz sortua"

Julio López desagertuaren kasuak inpunitatearen kontra borrokatzeko grina piztu zizun.

Lehen aldia zen Miguel Osvaldo Etchecolatz izeneko genozida epaitu behar zela, eta kereila jarri zuen lekukoetako bat Jorge Julio López zen. Emakume abokatu batzuek ordezkatzen genuen, baina alegatuak egiteko egunean, hastera gindoazela, ez zen iristen... eta ez zen inoiz iritsi, berriz desagertu zen.

Zertan dago oraindik inpunitatea Argentinan, zure ustez? 

Inpunitate zibilak hor jarraitzen du eta gaur egun bizi dugunaren parte da, ez dago geroko plan ekonomikoetatik deslotuta. Argentinako enpresari handi horiek hanka bera dira, adibidez Jujuyko Ledesma taldea, edo Ford, torturatzeko zentro klandestino bat zuena bere plantan.

"Inpunitate zibilak hor jarraitzen du eta gaur egun bizi dugunaren parte da". Argazkia: Dan Damelio

1976ko diktaduraren 50. urteurrenean jendetza atera zen kalera, nola bizi izan zenuen?

Ikaragarria izan zen. Gobernu honen genozidioaren negazionismoak argentinar gizartean halako aldarte bat esnatu du, lehendik zegoena. Gure herrian badago zerbait oso sakona amen eta amonen borrokaren eta giza eskubideen erakundeen lanaren ondorioz sortua. Ezkerrean horren parte sentitzen gara.

Casa Rosadan hiru urte daramatza Mileik. Zorpetzea, kaleratzeak, lan erreforma... Nola azaldu, kostu sozial horrekin, babesa izaten jarraitzea?

Baina egiaz badago erantzun bat: 2023ko hauteskundeekin konparatuta 15 puntu galdu ditu, ez du lortu zentimetro bat ere aurrera egitea; babesa galdu du sektore sozialetan eta irabazi egin du sektore tradizional eta eskuindarretan. Zergatik jarraitzen duen? Peronismoaren eta radikalismoaren konplizitate eskandalagarria duelako. Mileik ez luke gizarte honen bitarteko bakar bat ere gobernatuko konplizitate hori gabe.

"Pobreziaren mapari begiratzen badiozu, estraktibismoaren mapa da: Vaca Muerta hazten hasi zenetik gizartea gero eta pobreagoa da eta Argentinak ezin izan du kanpo-zorra kitatu"

2027ko hauteskundeei begira, inkestetan hazten ari zarete, nola azalduko zenuke trotskismoak Argentinan duen indarra? 

Trotskismoak Argentinan arrazoi historiko eta politiko bat du: ezkerreko gainerako mugimenduak peronismoan sartu ziren eskuina garaitzeko ideiarekin, [Mauricio] Macri garaitzeko peronismoan sartu beharra zegoen, eta urardotu egin ziren. Horregatik esan ohi dugu Argentinako aliantza politiko egonkorrena garela.

Zu entzunda, ez dirudi peronismo progresistarekin sinergiarik egongo denik. 

Arazoa da, ba al dago peronismo progresistarik? Askotan aipatzen dute ea ezkerra haiekin batuko garen. Zer zerikusi dut nik jende horrekin? Galdera moduan erantzutea gustatzen zait: Glaziarren Legearen erreforma indargabetuko dute? Erreforma laborala indargabetuko dute? Ze, bestela, Mileirik gabeko mileismo baterantz jo dezakegu. 

"Glaziarren Legearen erreforma indargabetuko dute? Erreforma laborala indargabetuko dute? Ze, bestela, Mileirik gabeko mileismo baterantz jo dezakegu.". Argazkia: Dan Damelio

Legeak indargabetu eta Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) hautsi behar dela diozue, baina konfrontaziotik harago, zein da zuen alternatiba?

Inkestetan jendearen aitortza dugu Mileiri erresistitu diogulako, jendeak uste duelako ondo egin dugula kalean egoten; errepresioaren gainetik, mobilizaziorako deialdi bat dagoen bakoitzean jendea kalera ateratzen da. Gu ezkerra gara eta gure proposamenak ezkerrekoak dira, hortik eztabaidatzen dugu. Norbaitek esaten badizu erretiro pentsioak handituko dituela NDFrekin hautsi gabe, gezurretan ari da.

"2013ko manifestazioetan ni Nequenen egon nintzen, eta gutxitan bezala erreprimitu gintuzten. Argentinan kontsentsu politikorik baldin badago, hori kontsentsu estraktibista da, hor denak daude"

Eta YPF konpainiarekiko jarrera? Deskarbonizazio garaian gaude, baina herrialdeak diru-sarrerak behar ditu... 

Herrialdea arpilatzen ari dira. Lehenik eta behin, beste energia mota batzuetan pentsatu behar da. Argentinak badu zerbait oso partikularra, Mileik deuseztatu nahi duena: ezagutza zientifikoa, unibertsitateak eta laborategi publiko erraldoiak. Ezagutza hori baliatu behar da jatorriko herriekin batera trantsizioa egiteko; ez da egun batetik bestera lortuko, baina beharrezkoa al da frackinga? Gaur egun logika enpresarialak agintzen du. Pobreziaren mapari begiratzen badiozu, estraktibismoaren mapa da: Vaca Muerta hazten hasi zenetik gizartea gero eta pobreagoa da eta Argentinak ezin izan du kanpo-zorra kitatu.

Estraktibismoaren lehenengo akordioa Cristina Kirchnerrek sinatu zuen Chevronekin 2013an; manifestazio handiak egin ziren, ni Nequenen egon nintzen, eta gutxitan bezala erreprimitu gintuzten. Argentinan kontsentsu politikorik baldin badago, hori kontsentsu estraktibista da, hor denak daude.  


Irakurri gehiago: Nazioartea Argentina Amerika
Nazioartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.