Beste baten ordez
Konnemara
Autoekoizpena, 2026
--------------------
Zaila izaten da, gaur egun batez ere, inolako input-ik gabe disko bat entzutea. Zaila, beti dagoelako aldez aurretik iritzia eman duenik, diskoa egin duenaren inguruko irudi bat sortu duenik, eta abar eta abar. Konnemararekin horrelako zerbait ez gertatzeko zortea izan dut. Ia erreferentziarik gabe, topatuko nuena zer zen jakin gabe entzuteko aukerak belarriak irekitzen dizkizu eta arreta ernatu.
Beti esaten dugu lerrootan berandu eta gaizki kopiatzera konformatu garela herri honetan. Bedroom pop-aren urrezko garaia –Soundclouden bere lehenengo lanak publikatu zituen eta Grammy bat irabazi duen artista ez al da gurasoen garajean ordenagailu enpresa bat sortu zuen ekintzailearen analogia kulturala?– bukatua den arren, ez nuke, inondik inora ere, zaku horretan sartu nahiko Konnemara. Egia da estilo ariketa bat egon badagoela –horrek dituen herrenekin–, baina etxeko logelan kozinatutako xumetasun honetan badago auto-tunean urtzen den ahots propioa.
Buru jan eta denbora luzez lantzen dira askotan lehenengo lanak. Hor ere genero arrakala izugarriarekin, noski. Eta nabaritzen da Konnemarak baduela esateko esan duena baino apurtxo bat gehiago ere. Sentsibilitate handiz sortutako melodiak eta fin jositako trantsizio eta armoniak dira eskaintzeko dizkigunak. Paktu bat ere bada: kimu bat eman digu, loreontzi batean, entzuleek eta lagunek ureztatu eta argitzeko aukera dutenak, loratzen joan dadin. Amorerekin maiteminduta egon denak aukera du orain kantu triste eta garaikide berriez hemendik gozatzekoa.
Laburra da Enara Falagan larrabetzuarraren lehenengo lana. Baina posizio bat markatu du Goseren Kamarada kantuaren bertsioarekin, besteak beste: “Zer erraza den esatea garai berri bat dela, aldatu den bakarra, zeu bazara”. Ez dakit proiektuaren izenak ba ote duen Julen Gabiriaren eleberriarekin zer ikusirik. Gustatzen zait ispilu jokoa: Konnemara, gure bihotzetara.