Erroma, 41eko urtarrilaren 24a. Kaio Julio Zesar Germaniko enperadorea hil zuten. Kaligula mespretxuzko ezizenez ezaguna zena hiltzeaz gain, senatuak damnatio memoriae (oroimenaren zigorra) delakoa ezarri zion: haren izena inskripzioetatik ezabatuko zuten, haren aurpegia zuten txanponak galdatuko, eta eskulturak suntsitu edo desitxuratuko.
Baina hori ez zioten soilik Kaligulari egin; besteak beste, Neronen edo Domizianoren irudia ezabatzen ere saiatu ziren. Journal of Roman Archaeology aldizkarian berriki argitaratutako artikulu baten arabera, enperadoreen bustoak birziklatzea ohiko praktika zen Erromatar Inperioan. Edinburgoko Unibertsitateko Francesca Bologna eta Veronako Unibertsitateko Raffaella Bucolo ikerlariek enperadoreen 2.000 eskultura aztertu dituzte eta horietatik %8 birziklatu zituztela ondorioztatu dute.
Arrazoi ekonomikoak ere egon ziren marmolaren berrerabileraren atzean, motibazio nagusia herritar xeheei nahiz agintari berriei mezu politiko indartsua helaraztea izan arren
Hala, damnatio memoriae egiteaz gain, adituek translatio memoriae esaten diotena ere ere egiten zuten, hau da, oroimenaren transeerentzia; agintari gorrotatuaren irudia birziklatzen zuten, agintari berriaren zilegitasuna handitzeko. Adibidez, argazkiko eskulturan Kaligularen aurpegiaren gainean Klaudiorena zizelkatu zuten. Beste batzuetan, enperadore berriaren aurpegia irudikatu ordez, iragan loriatsua gogora ekartzeko erabiltzen zuten birziklapena. Hala, esaterako, Kaligularen busto asko Augusto lehen enperadorea irudikatzeko berrerabili zituzten.
Aipatutako ikerlanak beste datu interesgarri bat ekarri du. Birziklatzearen batez besteko tasa %8koa izan arren, Anatolian portzentajea soilik %4koa zen, eta Iberiar penintsulan, aldiz, %19koa. Asia Txikian harrobi eta eskultore tailer asko zeuden, eta azkarragoa eta merkeagoa zen estatua edo busto berri bat egitea, zahar bat egokitzea baino. Iberiar penintsulara kalitate handiko marmola garraiatzea, aldiz, oso garestia zen. Beraz, arrazoi ekonomikoak ere egon ziren marmolaren berrerabileraren atzean, ikerlarien ustez, motibazio nagusia herritar xeheei nahiz agintari berriei mezu politiko indartsua helaraztea izan arren.
Historia komeni bezala berridaztea –edo, kasu honetan, birzizelkatzea– beti izan baita garrantzitsua boteredunentzat; baina aurrekontua doitu badaiteke, hobe.