“Beti ari gara iragana berrasmatzen koherentea izan dadin”

  • ETAren azken urteek gaztaro goiztiarrean harrapatu zituen Gorka Bereziartuaren Garondoan (Alberdania, 2026) eleberriko protagonistak. Eskolako hiru lagun dira, nor bere amareneko, eta nork bere bizipen. Egungo perspektibatik dago kontatuta istorioa, atzera begirako betean, oroitzen duten maneran ekarrita, memoria ez baita zerbait lineala.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2026ko irailaren 16an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ezin asma daiteke etxe honetako sinadura ezagun honek zenbat hitz eskribitu eta argitaratu dituen bere ibilbidean. Izango ditu zero dezente. Artikulu periodistikoak dira gehienak, baina bada tartean ARGIAren sukaldeari egindako erretratu lana ere, Ez gara neutralak (ARGIA, 2019). Lauzpabost urte igaro dira lankide izateari utzi ziola, akademiara pasatzeko, literatura ikertzeko, baina segitzen du boligrafo gorria astintzen oraindik ere, hemen, egongela honetan, Ezetz astea ondo bukatu sailaren butakan. Ziur, hala ere, artikulu bakar batekin ere ez dituela hamar urte gogoetan igaro. Eleberri honekin, bai. Gorka Bereziartuak (Hernani, Gipuzkoa, 1984) udaberrian presentatu du Garondoan (Alberdania, 2026), eta harrera gozoa ari da jasotzen. Horixe du bere izen-abizenean doan estreinako fikziozko lan argitaratua. 2010eko hamarkadan girotutako istorioa kontatzen du, hiru lagunen arteko harremanaren jira-biran: Alex, Alizia eta izenik gabe aurkezten den pertsonaia printzipala. Atzera begirakoak; izandakoak eta izan gabekoak.

Zer harreman daukazu memoriarekin?
Baneukan istorioa kokatzen den garaiari loturiko material autobiografiko dezente. Baina zer edo zerrek ez zidan funtzionatzen. Jabetu naiz zer den: memoriari biolentzia lineala ezarri nahia. Lehenbizi hau gertatu zen, gero bestea... Gauzak horrela kontatu beharra. Kazetaritzan hori egiten da, segur aski kronika historikoak egitean ere bai, gauzak ordena batean kontatu, linealki. Baina kontatu nahi nuen istorio motarako ez zidan balio. Hori, batetik. Eta bestetik, ez dakit zenbateraino funtzionatzen duen horrela memoriaren mekanismoak, edo ez ote den memoriari aplikatzen diogun fikzioa lineala izatea. Uste dut askoz ere modu ausazkoago batean funtzionatzen duela.

Hori ere bazen idazterakoan esploratu nahi nuen kontuetako bat: zergatik gogoratzen ditugu gauzak gogoratzen ditugunean eta gogoratzen ditugun bezala? Zer konexio sortzen dira? Eta zer ez dugu gogoratu nahi? Batzuetan azken hori ere bada, badaudelako oroitzapenak ez ditugunak gogoratzen, segur aski mekanismo psikologikoren batek erreprimitu egiten dituelako, eta uste dut hori bat datorrela nobelan agertzen diren pertsonaiekin eta iraganarekin daukaten erlazioarekin.

Memoria aldatu egiten da. Liburuan ere bai. Posible da pertsonaiek modu batean oroitzea gertakari bat, eta kontakizunak aurrera egin ahala beste era batean oroitzea.
Kontu hau desblokeatzen lagundu zidan Aritz Galarragaren Gogoan dut (Pamiela, 2021) liburuak. Artefaktu literario bat da; oroitzapen asko bata bestearen atzetik jartzen ditu, flash moduan, itxuraz konexiorik gabe. Hala planteatzen zuen berak, eta uste dut ituan jo zuela, iradokitzen duelako zein punturaino den memoria fikzionatzen hastea. Izan ere, iragana beti gogoratzen dugun gure oraingo ni horri jasangarri edo komenigarri zaion moduan. Beti ari gara gure iragana berrasmatzen koherentea izan dadin. Nahiz eta beti ezin den, badaudelako gertakari batzuk asko zailtzen dutenak norberarekiko onbera den kontakizuna osatzea. Horixe da liburuko pertsonaiei gertatzen zaiena.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Idazteko eran hautu interesgarria iruditu zait aditz formena, iraganaz idaztea etorkizunera begira, oroimenari presentzia emanda. Hau da, demagun: nik hari duela zortzi urte halako esango nion. Oso ezberdina da “esan nion” esatea. Ziurtasuna falta du.
Denbora luzean nobelako gauza asko lehenaldi arrunt batean idatzita izan ditut, eta sentsazioetako bat izan da transmititu nahi nuen atmosfera horretarako pixka bat lehorra gelditzen zela. Izan ere, aditzaren aspektua burutua da lehenaldi arrunt horretan. “Hau gertatu zen”. Horrek finkatu egiten du gertakaria, lurra ematen dio. Eta nik ez nuen hori nahi. Zerbait moldagarriagoa bilatzen nuen, lanbrotsuagoa. Deskubrimendua izan da aditz forma hau. Koldo Izagirrek erabili zuen Euzkadi merezi zuten (Susa, 2009) nobelan, nire ustez beste gauza baterako, historia ofizialean sartu ez den jendearen gertakariak ekartzeko. Liburuak kontatzen du duela ehun urteko Pasaiako (Gipuzkoa) baserritarren eta langileen umeak eskolara nola joaten ziren, eta idatzita dago omenka bezala, “hau egingo zuten” eta “hala gertatuko zen”. Omenka aritze hori bada adineko jendearen kontatzeko modu bat, belarria jarrita beharbada oraindik ere kalean entzuten dena. Eta badauka gauza interesante bat aditz forma horrek, iraganeko geroaldia deitzen denak; Euskara Batuaren Eskuliburuan aipatzen da: menturazko modaltasuna. Hau da, nolabait ere ja ez dagoela hain argi esandako hori horrela gertatu zen ala ez, gerri gehiago daudelako.

Istorio honek hori eskatzen zizun.
Etengabe berrasmatzen ari garen ukitua behar nuen, uste baitut horretan ari garela. Saiatzen gara gure iragan hurbilaren kontakizun bat finkatzen, baina ikusten da nola ari garen une bakoitzeko premien, jarreren eta posizionamenduen arabera historia bat edo bestea aukeratzen, eta angelu batetik edo bestetik kontatzen.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Hainbat urtetan barreiatzen da istorioa, atzera begira jarri eta, besteak beste, pertsonaiek beraien institutuko aldia eta unibertsitatekoa oroitzen baitituzte. Garai esanguratsua da 2010eko hamarkada hasiera. ETAren su-eten iraunkorra eta geroko armagabetzea, eta 2016ko Donostiaren Europako Kultur Hiriburutza, adibidez, oso presente daude haien memorietan. Zuk nola oroitzen dituzu?
Uste dut oso desberdin bizitzen direla halako garaiak “bizimodu arrunta” eginda edo nire kasuan kazetaritzan arituta [ARGIAn ari zen lanean]. Eta hori ere bada nobela honen ezaugarrietako bat, oso gertutik bizi baitute hirurek ETAren amaiera. Denborarekin sedimentatzen dira gauzak beharbada.

Eta nola ikusten dituzu urte horiek?
Metafora likidoen garaia izan zen. Ken Zazpiren Itsasoa gara kantua, adibidez, oso ezaguna egin zen hamarkada hasieran; eta 2017an ETAk “herrian urtu” espresioa erabili zuen bere azken agirian. Kazetari gisa informazioa jaso eta eman egiten duzu, besterik gabe, baina niri zer pentsatua eman izan dit likidotasun horrek. Iruditzen zait garai hori bukatu zela bukatu zen bezala, eta momentu hori kontatzeak eskatzen duela lehen aipatzen nizun labro kutsu hori edukitzea. Malgu gisa aurkeztea, erdi egosita balego bezala. Halaxe dagoelako oraindik ere; zenbateraino itxita? Subjektibitate asko daudela iruditzen zait, eta ez dago inondik ere heroien eta bilauen arteko irakurketa konpartiturik, bakoitzak bere perspektibak eduki arren. Ezintasun bat ere badago posizionamendu politiko bat hartzeko, eta ez ezarrita dauden bandoen artekoa, baizik eta beharbada besteari onartzeko modukoa arrazoiaren parte bat bazeukala, norberak bere funtsezko kausari uko egin gabe. Nahiko gauza konplexua da, dimentsio askokoa. Eta fikziorako oso interesgarria da hori. Aukera ematen du aparteko gauza bat egiteko, memoria kolektiboan oso-oso finkatuta dauden gauzekin egin ezin daitekeena.

Liburuaren aurkezpenean esan zenuen saiatu zarela pertsonaiak ez epaitzen.
Ez nuen istorio manikeo bat egin nahi, zeren uste dut honetan manikeismora jotzea oso erraza dela eta etengabe egiten dela, eta ni horretaz oso aspertuta nago. Baina era berean ez nion uko egin nahi asuntoak dauzkan konplexutasunei, ezta gauza gordinei ere. Kontua da nola egin gordintasunean jausi gabe, hori ere beste problemetako bat baita. Kasu batzuetan, atentaturen bat deskribatzerakoan adibidez, duda izan dut.  

"Beharbada ez dira hauek lerroartean irakurri behar den narratzaile bat irakurtzeko garaiak"

Liburuaren argitarapenaren bueltan aldarri gisa hauteman dut "liburu politikoa” dela. 
Pernandoren egia da liburu guztiak direla politikoak. Istorio honetan, gainera, testuinguru politiko bat dago non protagonisten ekintzek asko markatzen duten. Eta nahi nuen horrela izatea. Baina ez edonola. Askotan politika ulertzen baita antagonismo argi eta polarizatzaileen terminoetan, eta horrek badauzka problema konkretuak, urteetan bizi izan ditugunak. Arantxa Urretabizkaiari entzun nion, uste dut Hondarribiko alardeari buruz ari zela, baina orokorrago ere ari zen: “Zeinen erraz bihurtzen dugun etsai iritzi desberdina daukana”. Iruditzen zait ulerkera horietan mugitu izan garela eta oraindik ere mugitzen garela, eta niri ez zait askorik interesatzen.

Liburuko pertsonaien egungo harremana ere dantza horretan dabil.
Bai, batez ere horietatik birena. “Topikoena”-edo litzateke antagonistatzat aurkeztea, zeren bat ezker abertzalearen bueltan ibilia da, historia bat duena; eta bestea, aldiz, beste familia batekoa, beste giro batean hazia, bestelako iragana duena. Saiatu naiz ispilu jokoa egiten: zertan diren antzekoak, zertan identifikatzen diren, zergatik ezin duten elkarrekin lasai hitz egin... Adibidez, zergatik den hain arraroa taberna berean elkartzea eta izaten duten solasaldi hori izatea, eta zer probokatzen duen horrek. Arrarotasun hori zer den ulertzea ere politika da, baita hortik beste zerbait sortzen saiatzea ere. Oraindik, uste dut, Euskal Herrian gutxi praktikatzen dugun kirola dela.

Tentsio handia dago aipatu duzun elkarrizketa horretan.
Tentsio hori oraindik ere badago leku askotan. Eta segur aski saihestezina da eta leku batzuetan ez da aldatuko. Baina harritzen nauena da beste alor batzuetan gaia erabat aldatu dela, hau da, euskal gatazkaren garaian totemak ziren gaiak dagoeneko ez direla zentralak, ez esateagatik batzuk oso bazterrera desplazatuta geratu direla. Beste alor batzuetan, baina, dinamika berdin-berdinak errepikatzen direla ikusi dut liburua idazten hasi nintzenetik hona. Gaiak aldatu dira beharbada, baina dinamikak ez, eta ez baditugu dinamikak aldatzen uste dut ari garela argazki finkoaren politikak egiten, eta beraz, argazki finkoaren kulturgintza ere bai, dena kokatuta baitago aurretik. Niri interesatzen zait deskolokaturik geratzen diren gauza ezinezkoei begiratzea, bai politikan eta fikzioan.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Baliabide literario gisa, narratzailearen kapituluetan bigarren ahots bat erabili duzu, berari erantzuten diona, eskuinean lerrokaturik datorkiguna. Liburuaren aurkezpenean esan zenuen nahigabekoa izan zela, esaldi bat eskuinera lerrokatu zitzaizula, gustatu zitzaizula, eta Aritz Galarraga editoreak eta zeuk zentzua ikusi zeniotela. Baina erabaki zenuten ez definitzea zer ahots den. Nik argi ikusi dut bere inkontzientea dela hizketan ari zaiona. 
Gustatzen zaizkidan liburuetan, [Samuel] Becketten nobeletan adibidez, badaude gauza batzuk definitzen ez direnak. Godot zein den ez dakizu, esaterako; mila hipotesi daude. Eta ez dakit Beckettek berak bazekienik ere. Baina ez du inporta. Aritzek [Galarraga] esan zidan ez definitzeko, ez zela beharrezkoa...

... “Senti zaitez Beckett” esan zizun?
[Barre egin du] Hainbesteraino ez dakit. Baina egia da kutsu beckettiano bat hartu duela. Edizio prozesuan, gure artean, Chat BeKeTe deitzen genion ahots horri [Barreak]. 

"Interesatzen zait deskolokaturik geratzen diren gauza ezinezkoei begiratzea, bai politikan eta bai fikzioan"

Edonola, ahots horrek pisua du: hainbat unetan egia osoa esatera behartzen du. Gauzak ezkutatzen ari baitzaio irakurleari, eta beharbada bere buruari ere bai. Presio egiten dio, “irakurlearen defendatzailea” ere izango bailitzan.
Nobela hezurmamitzeko gakoa izan da ahots hori. Gauza batzuk idatzita neuzkan bere horretan, baina ez zidaten funtzionatzen, eta aldiz, formatu horretan, pasarte horiek, horrela, bai. Izan ere, narratzaileak badu fidagarria ez izateko itxura, adarretatik joaten delako, eta gauza batzuk ez dituelako sakontzen; hau da, ingelesezko Unreliable narrator figura, Ford Madox Fordek eta Vladimir Nabokovek erabili izan dutena. Baina definitu gabeko ahots horrek ez dio uzten gauzak ezkutatzen narratzaile ez-fidagarri horri.

Bere lekuan jartzen du. Era autoritarioan esanda, batzuetan.
Bai. Eta agian garaiaren sintoma bat da, beharbada ez direlako hauek lerroartean irakurri behar den narratzaile bat irakurtzeko moduko garaiak, izugarrizko joera daukagulako dispertsiorako, egiatan gauzei ez heltzeko, bere izenez ez deitzeko, dena airean edukitzeko... Hasierako narratzaileak hori egiten du, eta ahots horrek pixka bat ekarri egiten du. Eta azkenerako, gainera, laguntzen dio bere historia aurkitzen.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Pentsatzen dut gorabeheratsua izan dela eleberriaren idazketa prozesua, hamar urte igaro baitira hasi zinenetik. Asko aldatu dira hasierako zirriborroak?
Esango nuke idazten hasitako gehiena ez dela argitaratu. Alexen eta Aliziaren profilak nahiko hasieran identifikatu nituen, baina urteak aurrera joan eta eszenak idatzi ahala gero eta gehiago ezagutu ditut. Eta gauzak asko aldatu dira, batez ere beraiek egiten dituzten gauzak. Asko, gainera. Egitea tokatuko zitzaien gauzak egiten zituzten pertsonaiak ziren lehen, agian, eta orain ertz gehiagorekin ikusten ditut. Eta material asko gorde dut. Beste hainbesteko nobela bat egiteko kronograma bat badaukat, asko garatu ez diren pertsonaiekin, hala nola Aliziaren gurasoekin, baina aterako zitzaidan 600 orriko nobela bat eta ezingo nuke bukatu. 

Kontatu didazu hamar urteotan zein gauza aldatu diren. Baina galdera birformulatuko dizut: zergatik igaro dira hamar urte
Eszedentzia hartu nuen 2016an, eta testu pila bat idatzi nuen hor, liburuaren herena edo erdia beharbada. Liburuaren muina jada hor zegoen. Baina lanera itzultzen zara gero, kazetaritzara, eta kazetaritzan beti dago gauza urgenteagoren bat egiteko. Egia da oso baldintza onetan egin izan dudala lan, baneukala denbora, baina pasatu duzunean egun osoa teklatuaren aurrean ez da posible beste hiru edo lau ordu nobelan jartzea. Eta batez ere, burua ez daukazulako horretan. Orain, literatura ikertzen aritzeak segur aski errazago egin dit hau borobiltzeko lan hori.

Lana aipatu dut, baina uste dut egindako deskubrimenduek eragin handia izan dutela bide honetan. Beharbada Gogoan dut liburua gabe hau beste nobela bat izango litzateke. Hori ere izan da. Zenbat eta gehiago irakurri ere narratzeko modu diferenteak ikusten dituzu.


Literatura kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.