Bai, ez, ez dakit

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Zer da garrantzitsuagoa? –galdetu zidan behin seme txikiak– Bai esatea ala ez esatea? Zein da bien artean umeok lehenago ikasten duguna?”. Bi erantzunak justifikatzen ahalegindu zen eta kontu mamitsua iruditu zitzaidan: ez al da bizitza oro bai ala ez esandako uneetara murrizten? Agian bidegurutze batzuetan esandako edo jasotako baiezkoetan zein ezezkoetan laburbildu daiteke edozein biografia...

Pentsa dezakegu, dena den, bata bestea baino garrantzitsuagoa dela. Agustín García Calvo-ren ustez, adibidez, ezetza dugu hizkuntza ororen muina. Edozein gizarte antolakuntzaren kritika oinarrizko ez batekin adierazten da. Errealitateari edo bizitzari buruzko teorien aurrean, haurtzarotik datorren hunkidura moduko batek dio “ez, ez da hori…”. Horregatik, haren ustez, ez da haurrek ikasten eta erabiltzen duten lehenengo hitza. Askoz geroago datoz ama, aita eta horrelakoak! Ezetza dugu askatasunaren ordezkari nagusia, faltsukeria salatzeko tresna, hitzik baliotsuena erabat otzandu gabeko umearentzat.

Hala ere, auziari beste buelta bat eman diezaiokegu, eta baietza oinarrizko hitz gisa pentsatu. Hala, J. A. Miller psikoanalistaren aburuz, hitz egitea, funtsean, bai esatea da: bai elkarrizketari; bai bestea entzuteari, bai erantzun posible bat emateari zein harremantzeari (bestea kritikatzeko bada ere). Are gehiago, inkontzientean ezetzak ez du  funtzionatzen. Norbaitek esanez gero: “Agian pentsatuko duzu zure kontra nagoela, baina ez da hori”... Zein da horren interpretazioa? Justu zure kontra dagoela, noski! Zergatik? Hasiera batean hori bururatu zaiolako, nahiz eta, ondoren, bururatutakoa errefusatu. Aurretik baieztatutakoa ezeztatu nahi izan du…

'Ezetza' dugu askatasunaren ordezkari nagusia, faltsukeria salatzeko tresna, hitzik baliotsuena erabat otzandu gabeko umearentzat

Beraz, ez da hain sinplea ezetzaren eta baietzaren arteko dialektika; lotura eta mailaketa posible ugari daude. Asko konplikatu zaigu bi hitzetara sinplifikatu nahi genuena! Eta gehiago konplikatu daiteke Clara Serra-ren Baimena ematearen zentzua saiakera irakurriz gero. Bertan, “soilik baietz da baietz” modukoak zalantzan jartzen ditu: desirak ez omen daude beti hain argi, eta “ez dakit” batentzat tartea ere egon beharko luke… Badirudi, ordea, emakumeek oso argi izan behar dutela noiz den haientzat bai eta noiz ez. Baina hala nahasten dira, bere ustez, indarkeriarekiko babesa (ezinbestekoa), desirarekiko babesarekin. Eta, lehenengoan ez bezala, ziurgabetasuna defendatzen du bigarrenaren kasuan. Sexualitatearen eremuan, adibidez, nolabaiteko ezjakintasuna onartzea desiragarria iruditzen zaio. Desirak, ez edo bai borobila baino, sarritan, denbora behar du: bestearen eta norberaren gozamenaren inguruan egindako ikerketa pausatua, irudimenarekin jolasteko tartea…

Tira, agian urrutiegi joan naiz semearen galderatik abiatuta. Ala agian ez? Ez dakit. Beraz, ez-ta-bai-datzen jarraitu dezakegu, irakurle, desiratik abiatzen bagara behintzat. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Filosofia Kultura
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.