Gazteak aura jorratzeko elkartzen diren garaiotan, karisma falta deigarria dute aukeratzen dizkiguten ordezkari politikoek. Lehendakaria nor den galdetuta, askotariko erantzunak jasoko dituzu; Imanol Pradales nor den galdetuta, askotarikoagoak. Lehendakaritza eskuratzeko lehian aurkari nor izan zituen, batek daki. Eskuina da, ultra, munduan flowa markatzen duena: Bukele, Milei, Trump, Ayuso.
Gurean politikari baten izena ikasi dut udan, bere hitzak keinuka ateratzen hasi baitziren, gangsta raperoen imitazio merkean: ez ditu urrezko lepokoak erakutsi, lepo hirukidun cayetano jertseak baizik. "Aginte makila hartzean, esan zenuen Donostiak donostiarrentzat izan behar duela. Turismoari mugak jartzeaz ari zinen?", Xabier Martin Berria-ko kazetariaren galdera (ironikoa?), otsailekoa: garai ederra uda horri erantzuteko. Ez, noski, turistez ez, moromierdei buruz ari zen. Hiritar ere ez izan, eta jan nahi dutenei buruz. Donostiarrak segurtasun gabezia, ez gosea, "sentitzen" dutenak dira. Pobreziaren errua pobrearena da, eta jaten eman nahi dien donostiarraren gaitza, "onkeria" eta "populismoa". Ez du "ona" eta "herrikoia" ulertzen: Jon Insausti aura ultrak jorratzen ari zaigu, morala baino moketa gehiago dagoen ez-leku morturen batetik. Baditu ereduak.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.