Flandriara bidean goaz etxekoak, itzulerarako zenbat loaldi gelditzen diren kontatzen hasi garenean. Ez da txarra azken urteetan errepikatzen dugun plana: jende gehiena herrira eta egunerokora itzultzen hasi denean, guk urtero egin ohi dugun roadtrip partikularra abiatzen dugu, horrelakoak egiteko garai lasaiagoak hasten direnean. Hala ere, horrek ez du esan nahi udarako egun gozagarriak guretzat orain hasten direnik, izan ere, ekainaren amaieran oparotasunaren astea ospatu ondotik, txikienak oporretan eta besteak lanean aritu gara, egunerokoa udara egiteko saiakeran.
Udarako egun on bat honelakoa izan daiteke: goizean gorputzak eskatzen duenean lasai esnatu, dutxatu eta gosaldu, etxekoen zaintzak antolatuta lan pixka bat egin, eguerdian pote bat herrian, uda giroan den jendearekin egon eta datozen ikasturteko proiektuak irudikatu, bazkaria prestatu. Arratsaldean siesta, dena lasai badago, ondoren igerilekua, putzua edo bizikletarekin buelta bat, asko irakurri. Gauean kanpoan afaldu, edo etxeko terrazan lasai egon, batzuetan ondoko herriren bateko jaietara joan, lagunekin gozatu. Ez dira osagai garestiak, ezta ere beti eta denon eskura daudenak, baina udarako egun bat herrian bertan egin daiteke, inolako artifizio beharrik gabe. Ideal horretara hurbiltzen saiatu gara azken asteetan, egun batzuetan lortu dugu eta besteetan ez.
Udara aldarrikatzea eta zentzu bizigarrietara lerratzea proposatzen dizuet, utopia xume eta zikinetatik: (...) deskantsatu eta ondo lo egitea, ordutegirik gabe antolatzea...
Baina udararen zentzua galtzen ari garela uste dut. Alde batetik, turismo masiboaren desiren fabrikazioak helburu homologatu bihurtu du ezinbestean urrutira bidaiatzea, berdin du nora, eta luxu kapitalista ukitzea, istant batez bada ere. Bestetik, ukaezina den aldaketa klimatikoak beroaldi eta krisi sozial gero eta ugariagoen sinonimo bihurtu du udara.
Udara aldarrikatzea eta zentzu bizigarrietara lerratzea proposatzen dizuet, utopia xume eta zikinetatik: lana egitea, baina gutxi eta ondo banatua, nahi dugun pertsonekin lasai eta denbora asko egotea, deskantsatu eta ondo lo egitea, ordutegirik gabe antolatzea, gustuko ditugun gauzak egitea, jakin-minak asetzeko ikasten jarraitzea, herri eta komunitate hobeak lantzea, luxu komunalak aurkitu eta probestea.
Itzulera aldaketa desioen garaia izaten da, horregatik, ikasturtea udara on eta jarrai bat izan dadin gure esku dauden aldaketak egitera animatzen zaituztet, bizitzak bizigarriago egin eta lan burujabeak sortuta, "Epikuro gehiago!" oihu eginda. Gu ere laster izango gara etxean, udara egunero izan dadin lan egiteko gogoz. Itzulera on denoi!
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.